Futbola. Athleticeko lehendakaritzarako hauteskundeak

Besaulkiak maizter berria du

Josu Urrutiak irabazi ditu Athleticeko lehendakaritzarako hauteskundeak, eta lau urtez eseriko da Ibaiganeko besaulkianHogei hautes-mahaietatik hemeretzitan irabazi du presidente berriak

Josu Urrutia Athleticeko presidente berria, bere botoa erakusten, atzoko hauteskundeetan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Josu Urrutiak (Lekeitio, Bizkaia, 1968) hamabost urte luzez zuzendu zuen Athleticen jokoa zelaian. Hurrengo lau urteetan, ordea, zelaitik kanpo zuzenduko du Bilboko kluba, Ibaiganeko besaulkitik, berak irabazi baitzituen atzo Athleticeko lehendakaritzarako hauteskundeak. BERRIA-ko edizioa ixtean Athleticek oraindik boto kopurua zehazteke zuen, baina hautes-mahaietako presidenteak Urrutiaren garaipena ziurtatu zuen, eta Makuak bere porrota publikoki onartu. Aldea, 1.500 boto ingurukoa izan zen. Parte hartzea historikoa izan zen, inoiz baino bazkide gehiagok bozkatu baitzuten, 23.259 guztira, %66k. Athleticen historiako 31. presidentea izango da Urrutia eta kargura iristen den lehen jokalari ohia.

Egun frenetikoa izan zen atzo Ibaiganen, jende etorria etengabekoa izan zen, eta bazkide ilarak, arratsaldean bereziki, ia bukaezinak. Mazarredo berez kale lasaia bada, atzo merkatua zirudien, eta oso gutxitan ikusitako auto pilaketak egon ziren Athleticen egoitzaren aurrean. Bi hautagaiek goi izen eman zuten boza, politikari eta aurpegi ezagun gehienek bezala. Zalaparta ere egon zen, Urrutiak salatu zuenez, kanpo aldean Makuarentzako bozkadun kartazalak banatu baitzituzten Urrutiarentzat zirela esanez. Arratsaldean bazkide andana gerturatu zen, lan eguna zutenak.

Jokalari ohiaren garaipena ez da ezustekoa, bera baitzen faboritoa. Hautagai izateko asmoa iragarri zuenetik bera egon da aurretik egin diren inkesta gehienetan. Baina ez da bakarrik joan aurretik galdeketetan, presidentegai izateko aurkeztu beharreko abal kopuruan ere atzetik izan zuen Garcia Makua. Orduan ikusi zen Urrutiak babes handia zuela Athleticeko bazkide konpromisarioen artean. 7.219 abal bereganatu zituen, beste hautagaiak baino 2.579 gehiago —4.640 bereganatu zituen Garcia Makuak—. Datu horiek batez bestekotara eramanez gero, ia %8ko aldea izango zuen hauteskundeetan beste hautagaiarekiko. Ez zen alde erabakigarria, baina bai oso adierazgarria. Eta atzo ikusi zen, Urrutiak nagusitasunez irabazi baitzuen. Antzik ez orain lau urte gertatu zenarekin. Orduan 750 botogatik gainditu zuen Garcia Makuak Juan Carlos Erkoreka.

Urrutiaren garaipena Garcia Makuaren porrota da. Presidente ohiak ezin izan ditu aurreikuspenak irauli, eta atzetik aurrera eginez irabazi, atzetik aurrera, kanpainan zehar sentsazio hori eman baitu, beti beste hautagaiaren arrastoan zebilela. Lau urte egin ditu Garcia Makuak Ibaiganeko besaulkian, eta haren aginduetara Athletic sendotu egin da arlo guztietan. Baina horrek ez dio ezertarako balio izan. Zergatik? Bazkide askok ez baitute gustuko. Orain lau urte estu eta larri nagusitu zitzaion Erkorekari. Bere merituengatik baino gehiago, aurkarien gabeziengatik irabazi zuen. Oraingoan, ordea, Urrutiak batasun handia lortu du bere hautagaitzaren inguruan, eta pentsaera ezberdineko bazkideak bildu. Finean, bere hautagaitzaren zutabebaten gainean eraiki du garaipena: Athleticek «pentsaera ezberdinen elkargunea» izan behar duela.

Presidente ohiarekin batera iritsi zen Joaquin Caparros, eta harekin batera joango da entrenatzaile espainiarra. Marcelo Bielsa argentinarrak ordezkatuko du. Caparrosi Garcia Makuari gertatu zaionaren antzekoa gertatu zaio, hots, iparra galduta zebilen taldea itxuraldatu arren, ez duela zale zuri-gorri askoren estimua izan. Hori bai,ez du inor engainatu. Lehen egunetik izan da espero zen modukoa: langilea eta saltzaile ona. Hura fitxatu zutenek bazekiten zeinen alde egiten ari ziren: emaitza ona lortzeko, edozer egiteko prest dagoen entrenatzailea.Taldea zulotik ateratzeko gaitasuna erakusten zuen bitartean hartu beharreko erabaki guztiak hartzeko askatasuna eman zion zuzendaritzak. Joko bolada gorabeheratsuekin izan arren, itxuraldatu egin zuen Athletic Caparrosek. Baina lehen urte bietan egindakoak ez du balio izan azkeneko bietan. Emaitzak eta beste zerbait eskatu diote. Baina Caparrosen taldeek ez dute beste hori ematen, ez dute ikuskizuna ematen. Horregatik egin zioten txistu jarraitzaile askok San Mamesen jokatutako azkeneko partidan, egun horretan taldea matematikoki Europako Ligarako sailkatu zen arren.

Bielsa, entrenatzaile berria

Bielsak hazkunde prozesuan dagoen talde baten ardura hartuko du. Taldeak zituen ale bikainei —Andoni Iraola, Javi Martinez, Iker Muniain, Fernando Llorente...— beste bat gehitu zaie: Ander Herrera. Aspaldi Athleticek izan duen jokalari multzo onena izango du bere aginduetaraastelehenetik aurrera. Berari eta bere lan talde zabalari —lau laguntzaile ekarriko ditu— dagokie orain multzo hori ondo kudeatzea. Eskarmentua badu Bielsak, eta ilusio eta konpromiso handia, bestela ez zuen Urrutiak egindako eskaintza onartuko. Ez dira entrenatzaile asko egongo Inter Milanen gisako talde bat ate joka etorri eta atea ireki ez diotenak. .

Ez da izango Bielsarena kirol arloan izango den aldaketa bakarra. Bielsaren gainetik Jose Mari Amorrortu egongo da. Athleticeko entrenatzaile ohia kirol zuzendaria izango da. Javier Irureta ordezkatuko du. Iruretak ere hasiera batean bazuen tokirik Urrutiaren kirol egituran, baina Garcia Makuari babesa eman ondoren, ikusteko dago jarraituko duen.

Urrutia eta Amorrortu Athleticera itzuliko dira, baita Jose Angel Ziganda eta Aitor Larrazabal jokalari ohiak ere. Kuko Zigandak Athletic B entrenatuko du, eta Goi Errendimenduko arduraduna ere izango da. Larrazabal, berriz, hobekuntza prozesuen koordinatzaile lanetan ariko da. Athleticek beste aro bat hasiko du gaur, Urrutiaren aroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.