Pilota. EPELen lau t'erdiko txapelketako finala

Beste astebete?

Asegarceren ekimenez, enpresek finala atzeratzeko aukera aztertu dute bart gaueanOlaizola II.ak entrenamendu saioa egin du Bengoetxea VI.arekin, baina ez du argitu igandean jokatzeko moduan dagoen ala ez

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Aspe eta Asegarce lau t'erdiko finala bigarrenez atzeratzearen aukera aztertzen egon ziren bart gauean. Bilboko enpresaren ekimenez, finalari buruzko erabaki berriren bat hartzea zegoen mahai gainean. Ulertzekoa da Aimar Olaizolak ez zuela gustura bukatu goizean Bilboko pilotalekuan eginiko entrenamendua, eta beste astebete eskatuko zuela. Hori ezin da baieztatu, pilotariak ez baitzuen adierazpenik egin. Enpresaren aldetik ere inork ez zuen hitz egin nahi izan. Auzia gaur argitu beharko litzateke, eta hiru lirateke aukerak: Olaizola II.ak minarekin jokatzea igandean, astebetez atzeratzea edo Barriolak Goizuetakoa ordezkatzea.

Aldaketarik egotekotan gaur jakin beharko litzateke, bihar baita pilota aukeraketa. Aldaketa hori aurrera eraman ahal izateko Borja Oses EPELeko epaile bakarraren oniritzia behar da, eta, epaileak atzo arratsean jakinarazi zuenez, enpresak ez ziren berarekin harremanetan jarri. Irujoren inguruan ere, deus ere ez zekitela adierazi zuten, Aspe, ordurako Asegarceren nahiaren jakitun zen arren. Bilboko enpresaren nahi zehatza ziurtatzea ezinezkoa izan zen, ez baitzuten kazetariekin hitz egin. Arratsaldea ezkutaketan jolasten igaro zuten.

Aimar Olaizola Oinatz Bengoetxearekin entrenatu zen atzo goizean Bilbon. Esana zuen azken entrenamendua izango zela eta han sentitzen zuenaren arabera erabakiko zuela hurrengo egunetan zer egin. Pilotariak, baina, ez zuen adierazpenik egin. Ez zuen bere sasoia eta minari buruz hitz egin, ezta Asegarceko prentsa zerbitzuarekin ere. BERRIAk ez zuen lortu berarekin hitz egiterik, ezta enpresako teknikariekin ere. Ikus-entzunezko hedabideek ere ez zuten adierazpenik lortu. Gauzak ondo ez zirela irten susma zitekeen, baina ez ziurtatu.

Pilotariaren isiltasunari enpresarena gehitu zitzaion. Orduak pasa hala, baina, jaialdiari buruzko informazioa ez zen aldatu webgunean, eta pilotaria probarekin gustura gelditu zela pentsa zitekeen, eta ez hitz egin izana Olaizolaren beraren erabaki pertsonala zela. Egoera, baina, erabat aldatu zen Asegarcek Asperekin harremanetan jartzea erabaki zuela zabaldu zenean.

Asegarcek atzerapena eskatzen badu EPELeko epaileak du azken hitza. Arautegiaren arabera, Abel Barriolak ordezkatu beharko du Olaizola II.a, bera izan baitzen hirugarrena finalerdietako ligaxkan. Buruz buruko finaleko aurrekariaren ondoren, baina, arautegiaren logikak indar guztia galdu du. Ordukoan atzerapena egon zen; binakakoan, ordea, ez, eta Beroizek jokatu zuen Barriolaren ordez. Finalerako sarrera erasia duen zaleak gaur jakingo du gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.