Beste garai batzuk ziren

Boxeoak oihartzun handia izan zuen Euskal Herrian 80ko hamarkadan gainbehera hasi zuen arte. Bi boxeolari nabarmendu ziren: Paulino Uzkudun errezildarra eta Jose Maria Ibar 'Urtain' zestoarra.

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Aurreko mendearen hasiera zen, 1908ko azaroaren 18a, zehatzago izanda. Ingalaterrako lau boxeolari iritsi ziren Bilbora, Bizkaiko Atletismo Federazioak gonbidatuta. Bi jaialditan parte hartu zuten. Ekimenak arrakasta gutxi izan zuen, eta antolatzaileek dirua galdu zuten. Halere, ikusitakoak zenbait lagunen garra piztu zuen. Lau urte eskas geroago, boxeoak bazuen toki bat Bilboko Deportivo klub entzutetsuan. Han hasi zen dena.

Luzea da Euskal Herrian nabarmendu diren boxeolarien zerrenda. Euren sonagatik, baina, bi nabarmentzen dira guztien gainetik: Paulino Uzkudun (Errezil, Gipuzkoa, 1899-Madril, 1985) eta Jose Manuel Ibar Urtain (Zestoa, Gipuzkoa, 1943-Madril, 1992).

Uzkudun 24 urterekin borrokatu zen lehen aldiz profesionaletan, Parisen, Turoff errusiarraren aurka. KO-z irabazi zuen. Urtebete geroago borrokatu zen lehen aldiz Euskal Herrian, Bilbon. Estreinu laburra izan zen, lehen borrokaldian bota baitzuen belakira Mathieu frantziarra. Borroka hori irabazi zuen azkartasun berarekin egin zuen aurrera bere ibilbidean Uzkudunek. Espainiako txapeldun lehenbizi, Europakoa gero... Azken titulu horrek putzuaren bestaldean lehen aldiz borrokatzeko aukera eman zion. AEBetan, Kuban eta Mexikon aritu zen, eta inor ez zen hura gainditzeko gai izan. Bueltan, Europako txapelari eutsi zion, Donostian Haymann alemaniarrari KO-z irabazita.

Ez zuen horrenbesteko zorterik izan AEBetara egin zuen bigarren bidaian. Lehen aldiz galtzaile atera zen, behin baino gehiagotan gainera. Hori bai, aurkariak ere ez ziren izan nolanahikoak: Jack Delaney, Tommy Loughran, Kingfish Levinsky, Harry Wills, Mickey Walker, George Godfrey y Paul Berlenbach, Max Schmeling, Primo Carnera... Ordurako jada ez zen Europako txapelduna. 1933ko maiatzean, baina, berriro eskuratu zuen koroa. Bost hilabete eskas geroago, munduko gerrikoa izan zuen jokoan, Sienan (Italia), Carneraren aurka, Benito Mussoliniren begiradapean. Galdu egin zuen puntuetan, eta ikusleek txaloka agurtu zuten, haren adorea eskertuz. Handik bi urtera borrokatu zen azkeneko aldiz, non eta New Yorkeko Madison Square Gardenen, Joe Louis handiaren aurka. Louisek KO-z irabazi zion. Hura izan zen Uzkudunek KO-z galdu zuen borroka bakarra. Behin erretiroa hartuta, Francoren erregimenaren ikur bilakatu zen. 1985ean hil zen, arteriosklerosiak jota.

Amaiera tragikoa

Boxeoan aritu aurretik, Uzkudun aizkoran aritu zen, eta Urtain, berriz, harri jasotzen ibili zen, bere jaioterriko baserrian, Urtain izenekoan. 25 urterekin borrokatu zen lehen aldiz profesionaletan. Basatiak izan ziren haren hastapenak: KO-z irabazi zituen lehen 27 borrokak. Estatistika horretan, halere, argi-ilun bat baino gehiago dago. Izan ere, haren arerio izandako batek baino gehiagok aitortu zuen galtzeko ordaindu ziotela. Iskanbilak iskanbila, hirutan izan zen Europako txapeldun. Urtain non, jendetza han. Francoren erregimenak espainiar arrazaren sinbolotzat jo zuen, eta nahierara erabili zuen bere indar ikaragarria eta jaiotzetiko zintzotasuna, bere inguruko patrika guztiak betetzen ziren bitartean. 1977an, 34 urterekin hartu zuen erretiroa. Eta hor hasi zen haren borrokarik zailena. Hainbat negozio jarri zituen, baina ez zuten arrakastarik izan. Zorrak pilatzen hasi zen, eta egoerari eutsi ezinik, bere buruaz beste egin zuen 1992an, bere etxetik, hamargarren solairu batetik jauzi eginez. 49 urte zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.