Beste gau magiko baten bila

Athleticek gainditu egin ditu partida bakarrera jokatutako azken 24 kanporaketak, eta bide berari eutsi nahi dio gaur, San Mamesen, Bartzelonaren aurka, Kopako finalerdietara pasatzeko asmoz.

(ID_13510204) ESPAÑA FÚTBOL VALENCIA-ATHLETIC
Athleticeko jokalariak Lezaman egindako lan saio batean. MIGUEL TOÑA / FE
jon eskudero
2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Denboraldiko partidarik garrantzitsuena jokatuko du gaur Athleticek, San Mamesen. Lau kanporaketa gainditu ondoren, Espainiako Kopako finalerdietarako sailkapena eskuratu nahi dute zuri-gorriek, eta neurri handiko talde bati irabazi beharko diote horretarako: Bartzelonari. Ezbairik gabe, Kopan klasiko bat bilakatu da bi taldeon arteko lehia, historian 44. aldiz ikusiko baitute elkar. Besteak beste, Athletic eta Bartzelona dira Kopako titulu gehien duten klubak, bien artean 54 garaikur dauzkate eta: 31 dituzte kataluniarrek, eta 23 euskaldunek. Historiak, ordea, ezer gutxirako balioko du, eta beste titulu bat lortzeko bidean pauso garrantzitsua eman nahi dute bi taldeek. Etxean jokatuko duela aintzat hartuta, sailkatzeko aukera ugariagoak ditu Ernesto Valverderen taldeak, eta aurrekariak ere lagun ditu. Athletic da azken lau urteetan finalerdietan aritu den talde bakarra. Bada, olatuari eustea izango du helburu.

Hain zuzen, 1920ko finalean jaio zen Athleticen eta Bartzelonaren arteko lehia, Kopari dagokionez. Orduko hartan kataluniarrak nagusitu ziren (2-0), eta geroztik ezagun zaharrak bihurtu dira bi taldeak. Elkarren aurka jokatu duten aldietan, 24 bider irabazi du Bartzelonak, hamalau aldiz Athleticek eta sei berdinketa izan dira. Hots, aro modernoan Kataluniako kluba izan da zuri-gorrien etsai nagusia. 2009tik lau finaletan neurtu dituzte indarrak, eta titulu guztiak joan dira Bartzelona aldera: 2009an bertan, 2012an, 2015ean eta 2021ean. Athleticek 1984an irabazi zuen azkenekoz Kopa, eta balentria errepikatu ez izana kataluniarren errua izan da, neurri handi batean. Hori bai, zuri-gorriek badute baikor egoteko motiborik, San Mames beti izan baitute gotorleku maitea. Urrutira joan gabe, 2022an Athleticek kanporatu zuen Bartzelona final-laurdenetan, luzapenean (3-2). Bi urte lehenago ere gauza bera egin zuen, Muniainen gol batekin (1-0).

Estatistika guztien gainetik, datu bat dago nabarmendu beharra: partida bakarrera jokatutako azken 24 kanporaketak gainditu egin ditu Athleticek. Bi hamarkada atzera egin beharra dago bestelakorik topatzeko. 2003ko urriaren 7an, Athletic Kopatik kanpo gelditu zen Gimnastic Torrelavegaren aurka 2 eta 1 galduta. Gainera, Ernesto Valverderen estreinako urtea izan zen zuri-gorrien aulkian. Geroztik, izugarria izan da bilbotarren ibilbidea, eta sasoi honetan ere arazorik gabe gainditu dituzte orain arteko lau kanporaketak: Rubi (1-2), Cayon (0-3), Eibar (0-3) eta Alaves (2-0). Bartzelonak, bestalde, izerdia latz bota behar izan du Barbastro eta Unionistas Salamanca kanporatzeko.

Zelai erdian, zalantzak

Aldarte ezberdinean iritsiko dira bi taldeak partidara. Zalantzak eta urduritasunak nagusi dira Xavi Hernandezen taldean, eta hori baliatu beharra dauka Athleticek. Hori bai, aspaldiko jokorik onena joan den asteburuan plazaratu zuten kataluniarrek, ligako partidan, Betisi 2-4 irabazita. Konfiantza apur bat berreskuratuta ariko dira San Mamesen. Athleticek bereari begiratu behar dio, eta, azken partidetan erritmoa apur bat jaitsi badu ere, denboraldi distiratsua osatzen ari da. Partida pilaketak eraginda, azken bizpahiru lehiatan freskotasunik gabe ibili dira zuri-gorriak, baina motibazioa gainezka izango dute gaur, eta horixe izango dute helduleku nagusi. Xavi Hernandez berak Athletic jotzen du faboritotzat: «San Mamesen irabaztea oso zaila izango da. Zozketan ez genuen nahi Athletic egokitzerik, baina tokatutakoari aurre egin beharko diogu. Baloia ez dugu oinetan nahi adina izango, eta garrantzitsua izango da intentsitate izugarriz jokatzea». Badirudi Bartzelonak Kopan soilik daukala aukera titulu bat altxatzeko, eta presio handia izango dute. Presioa epaileari ere erantsi nahi izan diote partida atarian.

Ez du tranpan erori nahi Ernesto Valverdek. Lehia irekia aurreikusten du, eta erritmo handikoa. «Aurkari zaila da Bartzelona, baina ziur nago haiek ere ez zutela San Mamesen jokatu nahiko. Benetako futbola nagusituko da, eta bi areatan ondoen dagoenak irabaziko du. Ilusioz gainezka gaude». Hamaikakoa osatzeko buruhauste bat edo beste izango du Athleticeko entrenatzaileak, Vesga eta Ruiz de Galarreta kili-kolo dabiltza-eta azkenaldian. Pradosek joka dezake zelai erdian. Erasoan, berriz, badirudi Villalibrek jokatuko duela, merezita lortu baitu horretarako aukera. Gernikarra da Kopako golegilerik onena orain arte, sei gol sartuta.

Athletic-Bartzelona

Athletic. Agirrezabala; Lekue, Vivian, Paredes, Yuri; Prados, Ruiz de Galarreta; Berenguer, Sancet, Nico Williams; eta Villalibre.

Bartzelona. Iñaki Peña; Cancelo, Kounde, Araujo, Balde; Gundogan, De Jong, Pedri; Joao Felix, Ferran Torres eta Lewandowski.

Epailea: Sanchez Martinez.

Lekua: San Mames (53.331 ikusle)

Ordua: 21:30 (LA1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.