Esan daiteke emakumezkoen Kontxako Bandera atzo bertan hasi zela jokatzen. Oso gertu dago 2008ko iraila, lehen aldi hura. Baina igaro dira zortzi urte, eta jokatu dute emakumezkoek beste hainbeste alditan Donostian. Bada nahikoa tarte palmaresa betez joateko, eta, esparru horretan, Galiziaren eta Kontxaren arteko lotura estua nabarmentzen da. Bai talde gisa, eta bai arraunlariak banaka hartuta.
Lehen bost urteetan, Galizia izan zen garailea, eta talde hartan zebilen Andrea Oubiña arraunlaria (Grove, Galizia, 1990). Bost bandera haiek irabazi zituen. Orduko bere taldekideekin zeukan berdinketa iaz hautsi zuen. San Juanekin arraun eginez irabazi zuen bere seigarren Kontxako Bandera, eta, jakina, banakako palmaresean, bakarrik dago. Arraunlari onena da, alde horretatik begiratuta.
Zazpigarren garaipenaren bila joateko bi egun baino ez dira falta, eta BERRIA harekin jarri da harremanetan. Palmares eder horri begiratu, eta sentitu beharko du, bada, zerbait berezia. Baietz esan du, baina azaletik sakonera egin du salto, betiko esaldirik erabili gabe: «Sentitzen dudana da sekulako lana egin behar dela palmares hori izateko, eta horrek betetzen nau gehien. Balio handia ematen diot egindakoari».
Sei bandera, sei lan handi. Udan azaltzen dira denen begietara arraunlariak, baina udazken, negu eta udaberri astun askoak igarotzen dituzte entrenatzen. Hori da irabazteko bide bakarra, ondo egin beharrekoa, Oubiñak nabarmendu duena. Sekulako borondatea eta grina behar da urtez urte horrelako tratua emateko gorputzari, eta arraunlari galiziarrak aurtengo prestakuntzan egin behar izan duenak ederki erakusten du hori dena: «Bakar-bakarrik egin ditut entrenamenduak Galizian, Meira taldean. Baina ez naiz lehiatu ontzi txikietan, aurreko urteetan bezala, eta gogorra egin zait bakarrik aritu behar izatea, orduak eta orduak sartzen. Noizean behin ibiltzen nintzen Meirako gizonezkoen traineruan, entrenatzen».
Maiatzean etorri zen Euskal Herrira, eta orduan egin zuen bat San Juaneko taldekideekin. Aurreko urtean ekainean heldu zen, denboraldia hasita edo hastear zela, eta lehen aldia zuen Galiziatik kanpo: «Esperientzia berria izan zen. Galiziako taldea hautsi egin zen, hainbat arrazoirengatik, eta, hurrengo bi urteetan, Meiran egin nuen arraun. 2013an ez genuen trainerurik atera, eta 2014an bai, baina sendotasunik gabe. Orduan deitu zidan San Juanek, eta pare bat hilabetez aritu nintzen pentsatzen baiezkoa eman arte».
Nekearen sakrifizioa bakarrik ez zuen egin behar izan San Juani baiezkoa emateko: «Lana utzi nuen Galizian, eta hona etorri nintzen. Orain, hemen ari naiz lanean». Iaz etorri zenean, ezaugarri batek eman zion atentzioa: «Hemen, presioa zegoen irabazteko. San Juanen, esan nahi dut. Galizian ez zegoen hainbestekorik. 2014an, San Juanek ia dena irabazi zuen, eta bazegoen presioa berriz gauza bera egiteko». Beste aldaketa bat ere antzeman zuen, gozoagoa: «Iazko Kontxako Bandera irabazi eta gero ikusi nuen, batez ere. Tira, garaipen handiren bat lortzen genuen bakoitzean ere bai. Sekulako harrerak egiten ditu hemen herriak: ez sinestekoa da niretzat». Galizian ez baitzuten halakorik sentitu ere egin: «Selekzio bat ginen, eta ez zen herri jakin bateko taldea. Horregatik ere, kasu gutxi egin ziguten guri».
Selekzioa. Galiziari Kontxara etortzen zen bakoitzean hemendik leporatzen zitzaiona horixe izaten zen, selekzioa osatzea hemengo taldeei irabazteko. Ez zaio gustatu aipamena: «Gu selekzioa ginela ezin da ukatu, baina hemengo taldeak ere hala dira gehienak, herri eta talde ezberdinetako arraunlariez osatuak».
Etziko estropada, «zaila»
Gaztea da Oubiña, baina eskarmentu handia dauka. Ondo baino hobeto ezagutzen du Kontxako Bandera, eta badaki erronka zaila izango dela bere zazpigarren bandera litzatekeena astintzea: «Oso alde txikian gaude hiru taldeak [San Juan, Hibaika eta Orio 3,74 segundoan daude], eta bizien ibiltzen denak irabaziko du».
Kontu txikiak, zortea eta antzekoak ere hizpide izan ditu: «Hain alde txikia izanda, edozer gauza izan daiteke erabakigarria. Itsasoa dago emanda, eta, talde batek olatu bat hartzen badu eta besteak ez, azkar batean zabal daiteke tartea». Nahiz eta bere taldea dagoen beste bien aurretik, ez dio irizten erabakigarria izango denik: «Huskeria batek erabaki dezake garailea. Aurrenekoak gara aurreko igandetik, baina ez dugu ezer egin oraindik». Badaki zerbait, eta, halako esperientzia izanda, ez da oker ibiliko etziko iragartzen duen berdintasunean.
Beste guztien aurretik doa
Andrea Oubiña galiziarrak irabazi du Kontxako Bandera gehien: sei. Bost Galiziarekin, eta seigarrena San Juanekin, iaz. Gertu dauka zazpigarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu