Orain arte inork egin gabeko balentria lortu zuen Sebastian Vettelek (Red Bull) herenegun, Japoniako Sari Nagusian: bi lasterketa jarraian irabaztea. Denboraldiko hirugarren garaipena izan zen herenegungoa; Fernando Alonso (Ferrari) eta Lewis Hamiltonen (McLaren) marka berdindu zuen. McLarenekoa nora ezean ibili zen lasterketa guztian, eta espainiarra eta alemaniarra geratu dira orain parekatuta Munduko Txapelketan. Kimi Raikkonenek (Lotus), Hamiltonek berak eta Mark Webberrek (Red Bull) ez zuten puntu kopuru andana bereganatu Japonian, eta, gutxi-asko, haiekiko aldea mantendu egin zuen Alonsok. Gidari bat izugarri gerturatu zitzaion, ordea; Vettel oso arriskutsu dabil azkenaldian. Hura da Alonsorentzat benetako aurkaria, kasik zaindu beharreko bakarra.
Alonsok irteerako istripu baten ondorioz lasterketa utzi ostean, Vettelek benetan estutu du txapelketa. Orain arte urrutiko intxaurrak ziruditen espainiarraren aurkariek, gerturatu ahala atzean geratzen baitziren ondorengo lasterketan. Bat-batean, ordea, gain-gainean dauka Vettel, azken bi lasterketak irabazita. Gainera, hurrengo lasterketa Koreakoa da, asteburu honetan bertan, eta horrek esan nahi du autoek bere horretan jarraituko dutela beste astebetez. Red Bullentzat zirkuitu aproposa da. Iaz irabazi egin zuen Vettelek bertan, eta, urtebete lehenago, buruan zenean, motorra hautsi eta garaipena oparitu zion Alonsori. Efektu bikoitzeko DRS berri bati esker berpiztu da Red Bull; Singapurren erabili zuten lehen aldiz.
Berriro jaio da txapelketa, bost lasterketak osatutako batean gorpuztuta. Kanadan, duela zortzi lasterketa, puntu bakarra zegoen Alonso eta Vettelen artean. Ordutik hona, zortzi lasterketa horietan, bi erretiratze eta bi garaipen pilatu ditu bakoitzak. Ordena desberdinean, baina ia emaitza berberak eskuratu dituzte. Orain desegin beharko dute berdinketa hori; orain markatu behar dira aldeak, txapelketako unerik erabakigarrienean. Vettelek, itxuraz, guztia alde daukan arren, Alonso dago oraindik agintean. Eta ez da kasualitatea.
Beste hasiera bat amaieran
Fernando Alonsok puntu bakarrera zeukan Sebastian Vettel duela zortzi lasterketa, eta laura dauka orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu