Reala. Rulli; Zaldua, Mikel Gonzalez (Gorka Elustondo, 81. min.), Iñigo Martinez, Yuri; Pardo, Granero; Canales, Prieto, Chory Castro (Zurutuza, 69. min.); eta Agirretxe (Finbogasson, 69. min.).
Celta. Sergio; Jonny, Cabral, Fontas, Sergi Gomez (Bongonda, 65. min.); Krohn-Dehli, Augusto, Alex Lopez; Santi Mina (Hernandez, 89. min.), Larrivey eta Nolito.
Golak. 1-0. Agirretxek (8. min.). 1-1. Nolitok (84. min.).
Epailea. Jaime Latre. Txartel horiak: Realeko Mikel Gonzalezi, Pardori eta Granerori; eta Celtako Augusto Fernandezi, Cabrali, Bongondari, Jonnyri eta Alex Lopezi.
Bestelakoak. 14.836 ikusle Anoetan.
Gaizki hasten dena gaizki amaitu ohi dela. Halaxe dio esaera zaharrak. Eta Realaren jarduna ikusita, hala izango da. Dudarik ez gainera. Izan ere, urrezko hiru puntu eskutan izan zituzten atzo txuri-urdinek Celtaren aurkako partidan, eta ustekabean ihes egin zuten. Nola ihes egin ere. Agirretxeren gol bati esker, 8. minutuan aurrea hartu zuten etxekoek, baina lehia amaitzeko sei minutu besterik falta ez zirela berdinketaren gola egin zuen Nolitok. Hala, beste behin ere, kolpe latz batetik altxa beharrean dago David Moyesen taldea.
Hasi, ezin hobeto hasi zen neurketa etxekoentzat. Gerora gutxiago sufritzeko gauzak ahalik eta azkarren egitea omen erremediorik onena, eta etxekoek kasu egin zioten esaerari. Lehen gol aukera garbian, 1-0ekoa egin baitzuten. Granerok eskuin hegaletik jokaldia egin, Xabi Prietori erdiratu, eta donostiarraren paseari amaiera bikaina eman zion Agirretxek buruz. Sergioren ate aurrean azti jokatu zuen usurbildarrak.
Gol goiztiar horrek lasaitasuna eman zien etxekoei, eta urduritasuna galiziarrei. Dena den, bururik ez zuten galdu bisitariek, eta minutuak igaro ahala Rulliren ate ingurura hurbiltzen hasi ziren. Gol arrisku handirik sortu gabe, baina bistakoa zen jokoan gehiago zirela. Denboraldi osoan ohi bezala, Pardo eta Granero tokia galduta aritu ziren, eta Realaren zelai erdia gainditzeko inolako arazorik ez zuen izan Celtak. Realak berak ere aukera onak izan zituen kontraerasoan ateratzeko, baina ez zuen asmatu. Abiadura falta izan zitzaion.
Atsedenaldia gerturatzen ari zen heinean, hori bai, gora etorri ziren etxekoak, eta azken hamar minutuetan sentsazio onak erakutsi zituzten. Zalduak eta Yurik arriskua sortu zuten bi hegaletan, eta Agirretxe bizkor ibili zen. Bigarren gola egiterik ordea ez zuten lortu.
Aldageletara, etsita
Eta garesti ordaindu zuten. Oso garesti. Bigarren zatiaren ia gehiengoa kontrolpean izan zuen Realak. Distirarik gabe jokatu arren, sufritu beharrik ere ez zuen izan. Gol bakarreko aldeek baina, horixe dute: arriskua. Eta Celtak ez zuen barkatu. Nolitoren magia bati esker, berdinketaren gola egin zuten 84. minutuan, eta halaxe amaitu zen partida.
Normala den gisan, aldageletarako bidea etsita hartu zuten txuri-urdinek. Beste behin, hortaz, lanean segitzea tokatzen zaie.
Reala 1 Celta 1
Beste kolpe latz bat
Partida hasieran Agirretxek gola egin, eta ia bukaerara arte kontrolpean izan du neurketa Realak. Amaierarako sei minutu falta zirela lortu du Celtak berdinketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu