Urdaibai eta beste guztiak. Beste guztien barruan daude San Miguel ligako gainerako 11 traineruak, eta naturaren berezko ezaugarriak. Atzo erakutsi zuen aparte bizi dela. Camargoko (Espainia) banderaren emaitzak horixe ematen du aditzera. Ligako lehen estropadan, azkarrena izan zen, eta itsasaldiaren oztopoa ere gainditu zuen.
Horren beldur ziren arraunlariak eta entrenatzaileak, azken bi txandak jokatzerako ura behera hasita zegoelako. Lehen txandakoen mesederako zen baldintza hori. Baina ezustean, beste ezaugarri bat azaldu zen: haizea. Itsasaldiaren traba berdindu nahian edo, behera egin zuen haizearen indarrak estropada aurrera zihoan heinean. Asko ere ez zen jaitsi, baina gutxixeago izan zuten. Horregatik, akaso, azkena lan egin zuten lau ontziak aurreneko zazpi postuetan sartu ziren. Urdaibairen lehen postuaz gain, gogoan izan behar dira Pedreñak lortutako hirugarren postua, Zumaiaren seigarrena eta Castroren zazpigarrena.
Txanda horretan, iazko ligako garaileak aurreneko luzearen erdian hartu zuen burua, eta aldea handituz joan zen bigarren ziabogara iritsi arte. Hor arazoren bat izan zuen, eta Pedreñak sekulako lana egin zuenez, berdinduta atera ziren balizatik. Baina Urdaibai beste mundu batekoa da, oztopo guztiak gainditzen ditu, eta hirugarren luzean aise bota zuen espainiarren oztopoa. Gainera, Pedreña lehen kaletik zihoan, eta kanporanzko luzeetan zailtasun gehiago izan zituzten kale horretako ontzi guztiek. Atzeraxeago zetozen Zumaia eta Castro, hirugarren postua lortzeko lehia estuan. Hortik amaiera arte, estutasun handirik ez zuen izan Urdaibai. Izatekotan bigarren txandako garaile Hondarribiaren denbora izan zuen. Sekulako lana egin zuen, eta oso marka ona egin. Bukaeran, bost segundoko tartea egon zen lehenaren eta bigarrenaren artean. Bitxia izan zen bien denborak alderatzea, kanporanzko luzeetan hobea zelako Hondarribia, eta barruranzkoan Urdaibai. Barrurako bidean irabazi zuen bandera, eremuak jarritako berezko oztopoak gaindituz. Urdaibairen txandan, Pedreñak egin zuen bigarren, Zumaiak hirugarren eta Castrok laugarren.
Laugarren kale madarikatua
Hondarribiak ederki menderatu zuen bigarren txanda, Astillerori zortzi segundo ateraz. Atzerago ibili ziren, lehia bizian, Orio eta San Juan; azkenean, Orio izan zen hobea. Lehen txandan, Kaikuk Bordelen (Frantzia) egin zuen gauza bera egin zuen: txanda erraz irabazi. Ez zuen aurkaririk izan, eta bigarren izan zen Tirani hamazazpi segundo atera zizkion. Camargo, etxeko ontzia, hirugarren izan zen, eta San Pedro oso atzean, laugarren; azkena izan zen estropadan.
Atzoko ezuste handienetakoa izan zen pasaitarren sailkapen hori. Ez zen egunik onena izan Pasaikoentzat, San Juan ere uste zena baino atzerago ibili baitzen: bederatzigarren bukatu zuen azken sailkapenean. Castrok zazpigarren egitea ere deigarria da. Baina hiru ontzi horiek laugarren kaletik joan ziren, eta hirurek egin zuten azkena beren txandetan. Eremuko kale txarrena zen atzo. Gaur, halako alderik ez da egongo Bilbon (12:15), ligako bigarren estropada erlojuaren aurka jokatuko delako, atzoko sailkapena kontuan hartuz.
Beste mundu batean dago
Urdaibai izan da irabazlea Camargon, San Miguel ligako aurreneko estropadan, eta ezuste batzuk izan dira sailkapeneanHaizeak eta itsasaldiek eragina izan dute traineruek egindako lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu