Golak. 0-1: Canalesek (37. min.). Zubeldiak (40. min.). 2-1: Mikel Merinok (61. min). 2-2: Lorenek (69. min). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel
gorria Betiseko Lo Celsori (93. min) eta horiak Realeko Le Normandi, Januzaji, Morenoni eta Illarramendiri; eta Betiseko Barragani eta Loreni.
Realarentzat aspaldian izan da amesgaizto Espainiako Kopa. Sasoi honetan ez da maila baxuagoko talde bat izan kanpoan utzi duena, baina beste behin mikatza izan da tragoa. Betisek final-laurdenetatik kanpo utzi baitzuen atzo talde txuri-urdina, Anoetan 2-2 berdindu eta gero. Etxetik kanpo sartutako golek erabaki zuten kanporaketa, eta Imanolen taldea ez da gaurko zozketan izango.
Pena izan zen, Betis aurretik jarri eta gero, Reala gai izan zelako emaitza iraultzeko, eta 61. minutuan 2-1 zen aurretik. Zaleak gozatzen ari ziren, ederra izan baitzen txuri-urdinek sartutako gola. Januzajen erdiraketa, bikain errematatu zuen buruz Mikel Merinok, lurrera botata.
Emaitza eta kanporaketa alde izanda, ordea, pauso bat eman zuen atzera Realak. Betis estutzen hasi zen, eta atzealdeak gaizki zaindu zuenerdiraketa bat Lorenek baliatu zuen, binako berdinketa sartzeko. Gutxi iraun zuen pozak, beraz, Anoetan.
Hortik aurrera, eta denbora eta markagailua kontra zituela, Reala ahalegindu zen sailkapena emango zion gola sartzen. Imanolek Juanmi eta Sandro zelairatu zituen, erasoari freskotasuna emateko. Baina Realari pazientzia eta argitasuna falta izan zitzaizkion, eta ezin izan zuen Betisek utzitako jokoaren ekimena baliatu.
Luzapenean izan zuen Sandroko aukerarik argiena, 93. minutuan. Betis hamar jokalarirekin zegoen, epaileak minutu bat lehenago Lo Celso kanporatu baitzuen, aldaketan denbora galtzeagatik. Realak areara bidali zuen baloia, Joel atezainak gaizki aldendu zuen, eta area txikiaren eta atearen artean geratu zen. Sandrok, ordea kanpora jaurti zuen.
Hor amaitu ziren partida eta Espainiako Kopa txuri-urdinentzat. Beste behin ibilbidea laburra izan da, Celtaren aurkako kanporaketa baino ez baitu gainditu Realak. Atzoko trago mikatzak biharamunik ez uztea espero beharko da, eta hemendik aurrera ligan jarri beharko du arreta osoa. Azken bi garaipenekin Europako postuak hiru puntura baino ez ditu, eta, Vallecasen jokatuko du, Rayoren aurka (18:30). Horri begira, atzoko partidatik gauza on pare bat atera daitezke. Batetik, Imanolek Realaren aulkian daramatzan lau partidatan ez duela galdu, eta bestetik Europan sartzeko hautagaietako bat den Betisen aurka ondo lehiatu dela.
Izan ere, ia neurketa osoan Realak ondo eutsi zion Betisek erakutsi ohi duen erasoko jokoari. Txuri-urdinak izan ziren, hain zuzen, partidako lehen aukera garbia izan zutenak, geldikako jokaldi batean, 15. minutuan. Januzajek kornerra atera zuen, eta Le Normandek buruz jo eta gero, area txikian baloia Merinori iritsi zitzaion, eta hark ere buruz, dena alde zuela, kanpora errematatu zuen.
Betisek 37. minutuan egin zuen0-1ekoa. Canalesek area ertzean erremate on bat egin zuen bakarrik, Moya gaindituz. Realak maldan gora zuen kanporaketa, baina gai izan zen atsedenaldia baino lehen berdinketa egiteko, korner baten ostean Zubeldiak buelta erdian ia area txikian egindako erremate polit batean (40. min). Kopako trago gozoak beste batean beharko du.
Reala 2-2 Betis
Beste trago mikatz bat
Reala Espainiako Kopako final-laurdenetatik kanpo geratu da, Betisen aurka berdindu eta gero. Etxetik kanpo sartutako golek erabaki dute kanporaketa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu