Betekada Izarraitzen

Lau final jokatuko dituzte bihar Azpeitian: tartean, Urrezko Aizkolarien emakumezkoen banakakoa eta gizonezkoen binakakoa, eta gizonezkoen Harri-jasotze Txapelketa

Goian, Ruben Saralegi eta Iker Vicente, iaz, finala irabazi berritan. Erdian, Maika Ariztegi, egun berean banakakoan nagusitu ondoren. Eta behean, Xabier Aranburu Guzta; bera da egungo txapelduna. J.CARLOS RUIZ-FOKU / UROLA-KOSTAKO HITZA.
ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Herri kirol zaleek egun garrantzitsua dute bihar, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (Gipuzkoa). 17:30ean hasita, lau final garrantzitsu jokatuko dituzte bertan:Urrezko Aizkolarien emakumezkoen banakakoa eta gizonekoen binakakoa —maila nagusian eta 23 urtez azpikoan— ; eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketakoa.

Gizonezkoetan, hiru bikote ariko dira binakako aizkora txapela lortzeko borrokan: Iker Vicente-Ruben Saralegi, Aitzol Atutxa- Julen Alberdi eta Mikel Larrañaga-Eneko Otaño. Vicente eta Saralegi iazko txapeldunak dira, eta faborito dira. Baina banakakoa irabazi eta gero, Aitzol Atutxak binakako txapela lortu nahi du berriro ere. Zortzigarren txapela litzateke Dimakoarentzat. Julen Alberdirekin batera ariko da aurten ere, eta biek iazko arantza kendu nahiko dute, txapeldunorde izan baitziren. Larrañagak eta Otañok lehen finala dute, eta ezustea ematea dute xede.

Hamahiru enbor moztu beharko dituzte aizkolariek, lau modalitatetan: erlojuaren kontra, 45 ontzako bi enbor —aizkolari bakoitzak bat—; zutik, kana-erdiko bat txanda librean; etzanda, 65 ontzako bi enbor —aizkolari bakoitzak bat—; eta, lan erdira, txanda librean, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako, bi 72 ontzako eta bi oinbiko.

Gazte mailakoa ere jokatuko da. Lan samurragoa izango dute aizkolariek, sei enbor moztu beharko baitituzte, bi eratan:etzanda, 45 ontzako bi enbor —aizkolari bakoitzak bat—; eta, lan erditan, txanda librean, 60 ontzako lau enbor. Hauek izango dira lau bikote finalistak: Julen Larrea-Hodei Ezpeleta, Oier eta Xuban Kañamares, Joxean Etxeberria-Aritz Aizpurua Arria VI.a,eta Ioritz Gisasola Zelai III.a eta Unai Zabala.

Maika Ariztegik, Nerea Sorondok eta Irati Astondoak aurreko urte finala errepikatuko dute, emakumezkoen banakako txapelketan. Ariztegik jantzi zuen txapela. Bakoitzak 36 ontzako hiru enbor moztu beharko du.

Arratsaldea amaitzeko, Urrezko Harri-jasotze Txapelketa jokatuko da. Xabier Aranburu Guzta, Aimar Galarraga eta Jon Unanue Goenatxo III.a ariko dira nor baino nor gehiago. Hau izango da egin beharreko lana: hiru minutuko txanda bat 175 kiloko errektangularrarekin eta beste bat 150 kiloko kubikoarekin.

Laukizen (Bizkaia), berriz, Euskadiko Sokatira Txapelketako bi final jokatuko dira, goma gainean, 17:00etan. Emakumezkoak 500 kilotan ariko dira, eta gizonezkoak, 560 kilotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.