Saskibaloia. ACB Ligako finala: Bartzelona-Bizkaia Bilbo Basket

Beti bide lasterrenetik

Bilbo Basket, egitasmo hutsa zena, ACB ligako finalera iritsi da 11 urte eta hiru hilabete eskasean. Ligako talde gazteenetakoa da, eta haren hazkunde prozesua, etengabea.

Ezkerrean, Bilbo Basketeko jokalariak, ACBra igotzeko Leonen aurkako kanporaketan, 2004an. Eskuinean, ACBko lehen partidan, 57-104 galdu zuten. ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Beti goraka, ziztu bizian. Bilbo Basket kirol arrakasta goiztiarraren paradigma da. Saskibaloi profesionalean oso zaila da gehiago lortzea epe motzago batean. Hori bai, jaso ditu kritikak, sustrai motzeko egitasmoa baita, harrobirik gabekoa. Talde bat baino ez. Hamaika urtekobidea egin duena, bi elastiko kolore izan dituena, lau izen desberdin, hiru pabiloi, hiru entrenatzaile; lau maila igoera jokatu dituena, hiru kopa, titulurako hiru kanporaketa, Europa ezagutu duena… eta Ligako finala. Titulu bat falta da bilduma frenetikoan. Noizean behin, baina, komeni da kolpetik gelditzea, argazki zaharrak atera eta iraganari begirada ematea.

Lau urte ACBraino

Cajabilbao historikoaren errautsetatik jaio zen Bilbo Basket. 2000. urtean itzuli zen baloi hotsa Casilla pabiloira. Kopicki eta Lockhart txalotu zituzten zaleak Autonomia kaleko pabiloira gerturatzeko arrazoi berria zuten. Bilbo Berri zen taldea, baina urte pare batean hartuko zuen Bilbo Basket deitura. Iraila zen, Txutxi Saenz zegoen aulkian, eta Saenz de Ugartek, Grantek, Gayetek, Rodriguezek eta Madinak osatzen zuten lehen boskotea. LEB 2 Ligaren hasiera zen, eta Tarragonak 81-90 irabazi zuen Bilbon, 500 ikusleren aurrean. Bi aste geroago irabazi zuen lehen partida, eta denboraldi bukaeran mailari eutsi zion, ez sufritu gabe.

Irailean Txus Bidorretak hartu zuen lema, eta bi maila igo zituen hiru denboralditan. Ordurako, Javi Salgado izeneko joko antolatzaile lotsagabe bat Bilbora itzulia zen, eta Thiago Splitter zen taldeko atzerritarra. Lehen sasoian LEBera igo zen, eta hurrengoan ACBra igotzeko kanporaketetarako sailkatu. Leonek kanporatu zuen, baina taldearen oinarria ona zen. Urtebete geroago jo zuen Bilbo Basketek ACBko atea, Leon hiru partidatan kanporatuz. Mendeku goxoa. Cajabilbaok bere garaian jaso ez zuen babes ekonomikoa iritsi zen; bulegoak ez ziren arazo izan.

Hasiberriaren ordaina

Ilusioz iritsi zen Bilbo BasketACBra 2004ean. Hiru milioi euroko aurrekontuarekin, eta fitxaketekin arriskatuz. Lagun Aro zen gerra izen berria, eta Salgado-Bidorreta bikoa ikurra. Lehen partida etxean jokatu zuen, derbia, Baskoniaren aurka, eta bizkarrekoa, galanta (57-104), taldeak inoiz jasotako handiena. ACB zen, beste kontu bat. Astebete geroago irabazi zuen lehen partida, Badalonan, Joventuten aurka. Urte hartan Gabriel eta Sanmartin izan ziren izarrak. Bilbo Basketek azken aurreko jardunaldian eutsi zion mailari, eta 14. izan zen.

Bigarren denboraldia sufrikarioa izan zen. Banic ordurako Bilbon zen, elastiko gorriak beltz bilakatu ziren, eta azken txanpan hondoa jo zuen taldeak, bederatzi partida jarraian galduz. Azken jardunaldian eutsi zion mailari, etxean Pamesari irabazita, azkenean 15. izateko. Partida erabakigarria, baina, etxeko azken aurrekoa izan zen, Leche Rio aurkari zuzenaren aurka (85-84). Gerald Brownek, baina, kale egin zuen azken barnealdian, falta egin ziotelako. Epaileak ez zuen adierazi. Historia alda zezakeen erabakia.

Klase ertain lasaia,eta ACB ligako lidertza

Aurreko sasoian dastatu zuen BECa aurrenekoz Bilbo Basketek, baina 2006-07an hasi zen zukutzen. Etxe handia zuen taldeak, eta liga bukaera oso onari esker, 10. postuan bukatu zuen. Weis zen zaleen kutuna, Recker saskiratzailea, Rancik giharra, eta Salgado burua. Taldea hazten ari zen, etakantxan ere suma zitekeen. Klase ertainekoa zen, eta kanporaketak ez zeuden urrun.

2007ko irailean Iurbentia izenarekin hasi zuen denboraldia, Superkopa BECen jokatuz. Babesleari esker aurrekontua handitu zen, eta taldea hobetu. Urtea ACBko lider bezala bukatu zuen, eta gero etorri ziren kopa jokatzea eta kanporaketetarako txartela. Kopan Baskoniak kanporatu zuen; maiatzean, Bartzelonak. Etxeko lanak eginda zeuden, Europarako txartela eskuan, eta Marcelinho Huertas, sasoi hartako izarrak, malkotan blai eginda irten zen Casillatik.

2008-09an Europak Bilbo Basket ezagutu zuen. Eurokopa txukuna egin eta Turingo Zortziko finalerako sailkatu zen. 500 zale joan ziren Bilbotik, eta Olinpiar Pabiloia inbaditu zuten. Hemofarm kanporatu zuen lehenbizi, eta finalerdietan Khimkiren talentuaren aurka galdu zuen. ACBko sasoia ona izan zen, berriz ere kanporaketetarako sailkatu zen, 8. postuan, eta Bartzelonak kanporatu zuen. Klase ertaina txiki gelditzen ari zela zirudien.

Agur Bidorreta,agur Casilla

Katarsi denboraldia izan zen 2009-10ekoa. Agurrena. Izena aldatu zuen berriz, Iurbentiaren zakua agortu zen, eta Bizkaiko Foru Aldundia izan zen soroslea. Bizkaia Bilbo Basket; beste izen bat. Casillari ere agur esan zion taldeak, Miribillaren zain, denboraldi guztia BECen jokatzea erabaki baitzuen. Aurrekontua pixka bat jaitsi arren, multzo ona osatu zuen, baina zerbaitek kale egin zuen. Txus Bidorretak ordaindu zuen hondamendia, urtarrilean kargutik kendu zuten, lau partida irabazi eta hamahiru galduta. Bederatzi urteko bidea bukatu egin zen. Indautxuko teknikaria zaratarik egin gabe joan zen.

Fotis Katsikarisek hartu zuen lekukoa, eta, iritsi berri, Kopa jokatu behar izan zuen etxeko talde bezala. Bilbo Basket ez zen lehiatu, 63-75 galdu zuen Baskoniaren aurka; auzia liga zen. Eta zuzendu zuen bidea, Katsikarisek botoi zuzena sakatu zuen, eta taldeak zortzi partida irabazi zituen jarraian. Bidorretaren fitxaketek uste baino beranduago erreakzionatu zuten. Bolada onean murgilduta, Eurokopako lauko finala jokatu zuen Gasteizen, baina Alba Berlinen aurka galdu zuen finalerdietan. Katsikaris aroko bizkarrekorik handiena.

Kanporaketa gozoak

Katsikarisek botere osoa jaso zuen sasoi hasieran. Taldeak trasteak bildu eta Miribillako etxe berrira joan zen iazko irailean, hasiera batean uste baino urtebete geroago. Abuztuan Javi Salgadori taldea utzarazi zioten, eta azaroan Xabier Jon Davalillo presidenteak esan zuen agur. Ikurrak ziren biak, ustez pisu handiko pertsonak. Pedja Savovic izendatu zuten presidente, eta ez zen aldaketa traumatikoa izan, erabaki garrantzitsuenak Arrinda sendiak hartzen baititu. Liga ondo hasi zen, koparako sailkatu zen hirugarrenez, baina Baskoniak, berriz ere, eten zuen bidea.

Seigarren bukatu du azken liga, sentsazio gazi gozoekin. Gozoak, baina, gazia erabat irentsi du kanporaketetan. Valentzian titulurako kanporaketetako lehen partida irabazi zuen, etxean lana borobildu aurretik. Gero etorri zen Real Madrili 3-1 irabazitako kanporaketa: estasia, Euroligarako txartela, eta beste mugarri handi bat historian. Etzi hasiko da taldea hurrengo orrialdea idazten, ACBko lehen finalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.