Euskal Herriko Itzulia: kronometratzailea

Beti garaiz, beti puntuan

Euskal Herriko Itzuliko kronometratzailea da Antonio Gaceo, eta haren gidaria Martin Zabala. Lasterketaren buruan joaten dira beti, autoan, eta batez besteko abiaduraren berri ematea eta amaieran denborak hartzea izaten da haien zeregina.

Martin Zabala auto gidaria eta Antonio Gaceo Itzuliko kronometratzailea, aste honetan, etapa bat hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lasai, Antonio Gaceo (Gasteiz, 1954) eta Martin Zabala (Bergara, Gipuzkoa, 1954) inoiz ez dira iritsiko berandu. Beti erlojuari begira, beti segundo jokoan. Euskal Herriko Itzuliko kronometratzailea eta ondoko gidari laguntzailea dira. Txirrindularitza zaleak dira biak, noski, eta, behin erretiroa hartuta, barruko harrari segika jarraitzen dute oraindik. «40 urte baino gehiago daramatzat jada saltsa honetan sartuta. Gogoan daukat 1976an atera nuela lehen lizentzia, eta hortik atera kontuak». Gaceok argitu duenez, lasterketa buruan joaten dira eurak beti, autoan sartuta. «Epaileak bandera astintzearekin batera, kronometroa martxan jartzen dugu guk, eta ordutik behin batez bestekoen berri ematen dugu. Itzuliko irratiari bidaltzen diogu datu hori, eta hark zabaltzen du gero tropelean eta komunikabideetan». Gaurkoaren gisako erlojupekoetan, berriz, irteerako eta helmugako denborak hartzea izaten da euren lana. «Eta, hala eskatuz gero, gonbidaturen bat autoan eramatea», gaineratu du Zabalak.

Segundoen iraupena ez da aldatu urteen poderioz, baina eskuz egiten zena digitalizatu egin da gaur egun. «Baliabide asko dauzkagu orain. Gaur egun, transponder-arekin eta gainerako gailuekin lehen baino askoz zehatzago hartzen dira txirrindularien erreferentziak». Denborak automatikoki hartzeko txirrindulariek bizikletan eramaten duten gailua da transponder-a. «Baina, badaezpada ere, eskuz ere hartu behar izaten ditugu datu horiek, tarteka huts egiten baitute gailuek. Batek huts eginez gero ere, bi kronometro izaten ditugu beti eskura».

Azken zortzi-bederatzi kilometroetan, berriz, lasterketatik aurrera eginda helmugan daukaten kabinan sartu, eta sailkapenak egiten dituzte jasotako denbora zehatzen arabera, helmugako epailea ere badelako Gaceo. Gertatu izan da txirrindulari batek bizikletarekin arazoren bat izatea, taldekidearen bizikleta hartu behar izatea, eta transponder-ak okerreko txirrindulariaren denbora ematea. «Eta ondo berrikusi behar izaten ditugu kontu horiek guztiak». Photo finish-a ere eskura izaten dute helmugan.

Gaceok gidatzen du Zabala lasterketan. «Berak esaten dit 100 metro aurrerago, atzerago, non joan behar dugun». Errepidearen araberakoa izaten da hori. «Aldapa gora eta zuzengune luzean goazenean, oso-oso lasai joaten gara, baina beheraka goazenean eta euria ari duenean, metro dezente aurreratu behar izaten ditugu, txirrindulariekin arazorik izan ez dadin. Autoak ez dira gureak izaten, eta, noski, tentsio pixka bat izaten da batzuetan». Ertzainen bi moto joaten dira, normalean, lasterketa buruan. «Eta zuzendariaren autoa pixka bat aurrerago. Erreferentzia hori hartzen dugu guk. Enrique Erentxunek badaki nolakoa den gure lana, eta elkarlanean aritzen gara». Ikusi, ikusi, eguneko etapa apenas ikusten duten Gaceok eta Zabalak. «Itzuliko irratitik jasotzen ditugu erreferentziak, baina lasterketan ez dugu ezer ikusten. Nork irabazi duen eta ezer gutxi gehiago».

Istripu larririk ez

Tentsioa, abiadura, eguraldia... Istripu txikiren bat edo beste tokatzea ere ez litzateke harritzekoa izango. «Baina, ez, ez. Ordiziako Klasikoan behin izan nuen, bai, gonbidatuen autoarekin, baina Euskal Herriko Itzulian, oraingoz, ez dugu izan horrelako ezusterik. Zailagoa izaten da txirrindularien artean joaten diren nazioarteko epaileen lana», argitu du Zabalak. «Hori bai, Amurrion, adibidez, arazo txiki batzuk izan genituen, itxuraz auto edo motoren batek olio pixka bat isuri zuelako errepidera, eta lasterketa desbideratu behar izan genuelako».

Euskal Herriko Itzulian bakarrik ez, inguruko beste hainbat lasterketatan ere aritzen dira lanean Gaceo eta Zabala, eta arazoak, sortzekotan, trenbideek sortzen dituztela azaldu dute biek. «Itzulian, zorionez, ez dugu zeharkatu behar izaten trenbiderik», hasi du azalpena Gaceok. «Baina gogoan daukat Bizkaian, behin, nahikoa zailtasun izan genuela», eman dio jarraipena Zabalak. «Erlojupekoa zen, eta minutu gutxiren tartean igarotzen zen trena gune jakin batetik. Hantxe harrapatu gintuen! Kalkuluak eginez ibili behar izan genuen. Balmaseda inguru hori ez da oso erosoa izaten horrelako kontuetarako».

Txirrindulari tartean ibiltzen dira egun guztian. «Baina eurekin ez daukagu harreman handirik», zehaztu du Zabalak. «Urte asko daramatzagu hemen, eta aurretik lasterketako beste hainbat lan ere egin izan ditugu: zuzendarien gidari gisa, Itzuliko irratiarekin, lasterketa amaierako furgonetan... Ezagutzen gaituzte, baina kaixo, kaixo eta ezer gutxi gehiago esaten diogu elkarri».

Borondatezko lana izanagatik, profesionaltasunez egin beharrekoa da kronometratzailearena eta ondoko gidariarena. «Lana eta afizio hau uztartu behar izaten genituen lehen, eta oporrak baliatzen genituen hona etortzeko. Baina lasaiago ibiltzen gara orain». World Tour mailako lasterketa da Euskal Herriko Itzulia, eta zehaztasuna eskatzen du horrek. Beti garaiz iritsi beharra, beti puntuan egon beharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.