Martin Agirregabiria. Alaveseko jokalaria

«Beti jakin behar duzu nor zaren eta nondik zatozen, eta oinak lurrean eduki»

Eliteko futbolera iritsi berria da Martin Agirregabiria, baina ez zaio antzik ematen. Atzelari seguru eta adimentsua da, eta erasoan lotsarik gabe ari da jarduten. Zerbaitegatik bilakatu da finko Abelardo entrenatzailearen eskeman.

enaut agirrebengoa
Gasteiz
2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Gazterik heldu da gorengo mailara Martin Agirregabiria (Gasteiz, Araba, 1996), 21 urte eskasekin, baina fokuen argiak ez du itsutu. Pertsona «lasai» eta «normal» gisa definitzen du bere burua. «Gakoa etxean jasotako heziketan dago». Salbuespena da Alavesen lehen taldean: harrobian hazia eta euskaldun zaharra da.

Dagoeneko ohitu al zara elkarrizketetara?

Oraindik apur bat arraroa egiten zait, baina badakit ofizioaren parte dela. Joango naiz halakoetara pixkanaka ohituz. Jendeak ni elkarrizketatu nahi izatea ez da seinale txarra, esan nahi baitu erakusleihoan nagoela.

Zenbateraino aldatu da zure bizimodua lehen taldera iritsi zinenetik?

Alde batetik, etxetik kanpo jokatzen dugun asteburuetan ez dut denbora librerik izaten. Eta, bestetik, entrenamenduetan ere badago aldea. Batzuetan, saio bikoitzak izaten ditugu, eta maiz, arratsaldetan gimnasioko lana egiten dugu. Bestelakoan, ez dut uste nire bizimodua askorik aldatu denik. Normaltasun osoz bizi dut egoera berria.

Eta nola bizi dute zure ingurukoek?

Poztasunez, noski; eta, lasaitasunez ere bai. Hori oso lagungarria da halako pauso bat ematen duzunean. Inor ez da asaldatu, eta eskertzekoa da. Bizimodu normala dut, eta ingurukoek beti bezala jarraitzen dute.

Zoratzen egongo dira lagunak.

Pozik eta harro daude. Asko eskertzen dut haien babesa. Txikitatik joan izan gara Mendizorrotzara, eta orain, zuzenean ikusten naute lehen taldearekin jokatzen. Denontzat da gauza handia egoera berri hau.

Gaztea zara oraindik, 21 urte baino ez dituzu. Elitean egonda, parrandak eta halakoak alde batera utzi beharko zenituen, edo?

Hala da. Beti gustatu izan zait zaintzea, eta zer esanik ez orain, Alavesen lehen taldean egonda. Ahal dudanean gustatzen zait lagunekin irtetea, baina ezin denean, ezin da. Ez dago arazorik. Azkenean, nire erabakia da, eta badakit gauza batzuk alde batera utzi behar direla eliteko futbolean bidea egiteko.

Lagunek laguntzen dizute, edo xaxatu egiten zaituzte?

Kar-kar. Asko laguntzen didate. Txintxo portatzen dira. Afarietan-eta, haiek nahi dutena jan eta edaten dute, eta nik ezin dut, baina ez dago besterik. Kirolariok arduraz jokatu behar dugu, eta gure gorputza zaindu .

Iazko azaroaren 30a nekez ahaztuko duzu. Orduan egin zenuen debuta, Mendizorrotzan. Alavesek 3-0 irabazi zion Getaferi. Nola bizi izan zenuen?

Urduritasunez, partida hasieran batik bat. Sekulako aukera zen, eta ez nuen hutsik egin nahi. Hori bai, dena eman ondoren, zeure buruarekin lasai gelditzen zara. Horixe gertatu zitzaidan debutean. Gainera, partida txukuna osatu zuen taldeak. Debut polita izan zen.

Suzirien modura egin duzu gora. Gazte mailan zenbiltzala igo zinen bigarren taldera, eta bertan hiru urte igaro ostean egin duzu jauzi lehen taldera. Hori gutxi ez, eta berehala finkatu zara titular moduan. Jabetzen zara lortutakoaz?

Dena oso azkar gertatu da. Hasieran, nahiko arraroa da egoera. Jauzia ikaragarria da. Hirugarren Mailan, zelaiak txikiak dira, eta 100 edo 200 pertsona inguru izaten dira harmailetan. Lehen Maila beste kontu bat da. Adibidez, izugarria iruditu zitzaidan Wanda Metropolitano. Sekulako zelai puska, kristoren jendetza… Hori bai, kontzentratu egiten zara behin epaileak txistua jo, eta partida hasten denean.

Gasteiztarra eta Alavesen zalea izanik, itzela behar du Mendizorrotzan jokatzeak.

Amets bat da. Oso pozik nago. Nolanahi, lehen esan dut: naturaltasunez bizi dut egoera berria. Asko zor diot inguruari. Batzuetan izaten dira estres egoerak, baina, bestelakoan, tipo lasaia naiz. Beti jakin behar duzu nor zaren eta nondik zatozen, eta oinak lurrean eduki.

Futbolari bat gorenera gazterik iristen denean, arriskua izaten da okerreko bideari heltzeko, dela diruagatik, dela ospeagatik… Ordea, ez da zure kasua.

Arriskuak hor daude, baina gakoa etxean jasotako heziketan dago. Inguru egokia baduzu, errazagoa da arriskuak saihestea. Gainera, ni beti bizi izan naiz Gasteizen, eta lehen ere Ibaian entrenatzen nintzen. Hortaz, ez dira hainbeste gauza aldatu.

Abelardok konfiantza itsua du zugan, maila harrigarrian ari baitzara jarduten. Espero al zenuen iritsi eta berehala horren ongi aritzea?

Talde teknikoak eta taldekideek nigan sinesten dute, eta ederra da niretzat konfiantza hori itzultzen aritzea. Agian, aurreneko partidetan ez nintzen hain solte aritu, tentsioagatik, baina ondo ari naiz egokitzen.

Ez dirudi hasiberria zarenik. Eroso ikusten zaizu zelaian.

Bueno, hasierako partidetan ez hainbeste, baina gustura nabil, bai. Fisikoki ere ondo nago,eta horrek asko laguntzen du. Geroz eta erosoago nago. Hori bai, beti komeni da tentsio pixka bat izatea, bestela ez daukazu zer eginik.

Azken urteetan harrobiko jokalari gutxi iritsi dira Alavesen lehen taldera. Belaunaldi berri baten aitzindari izan zaitezkeela uste duzu?

Baietz uste dut. Ibaian oso ondo egiten da lan, eta ederra litzateke nire atzetik harrobiko jende gehiago iristea lehen taldera. Jokalari batzuk prest ikusten ditut. Zorte apur batekin, eta aukera emanez gero, erantzungo dute. Neroni adibide ona naiz.

Halaber, taldeko euskal hiztun bakarrenetakoa ere bazara.

Familiakoekin beti egiten dut euskaraz, eta lagunekin batzuetan ere bai. Zorte hori daukat. Lehen taldean, adibidez, Ibaik ere badaki. Euskara gutxi entzuten da, jende gehiena kanpokoa baita. Eta bigarren taldean ere, euskarak ez du presentzia handirik.

Zure izena hainbat klubekin lotu da azkenaldian. Nolanahi, abenduan 2021 arte luzatu zenuen kontratua. Alavesen pentsatzen duzu soilik?

Ni egunean egunekoan zentratzen naiz. Ez du merezi etorkizunari begira egoteak. Lasai eta gustura nago Alavesen. Badakit zurrumurruak etengabeak izaten direla Lehen Mailan, eta halakoetara ere ohitu beharra dago. Hobe da jaramonik ez egin.

Eta luzatuko al du kontratua Manu Garciak?

Hala espero dut. Ikur bat da Alavesen, eta denok nahi dugu hark hemen segitzea.

Egunen batean, agian, haren lekukoa hartuko duzu.

Tira, ez dut presarik. Kapitainaren besokoa urte gehiagotan Manuren besoan izatea gustatuko litzaidake. Eguna noizbait iritsiz gero, ni prest egongo nintzateke, noski. Baina oraindik asko falta zait kapitain izateko. Manu da zeregin horretarako pertsonarik egokiena.

Eskarmentu handiko jokalariak dauzkazu inguruan. Norengandik ari zara gehien ikasten?

Taldekide batzuek urte asko daramate Lehen Mailan, eta haien aholkuak arretaz entzuten ditut. Ez diot taldekide bakar bati erreparatzen. Guztiengandik ikasten ahalegintzen naiz. Galderak egiten dizkiet zalantzak ditudanean. Asko ari zaizkit laguntzen.

Ikasi, unibertsitatean ere ari zara ikasten. Gorengo mailara iritsi izanagatik, ikasketak ez dituzu albo batera utzi. Nola ari zara moldatzen?

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ari naiz egiten. Azken kurtsoa falta zait, baina uste dut bi urtetan aterako dudala, orain denbora gutxi dudalako klasetara joateko. Kirolaren inguruko gradua denez, gauza asko baliagarriak zaizkit futbolerako. Eta alderantziz ere bai.

Azken jardunaldietan behera egin du Alavesek, baina horrek ez du estaltzen Abelardo iritsi zenetik egin duzuen lan bikaina. Nola ikusten duzu taldea barrutik?

Badakigu egin duguna ikaragarria izan dela. Horregatik dauzkagu 31 puntu. Lehiakortasun handia izan dugu, eta eraginkortasun handia ate aurrean. Jokalari guztiok egin dugu bat. Batzuetan, halako eragina izaten dute entrenatzaile aldaketek. Iraultza ekarri du Pituk. Azken partidetan ez gara nahi bezain fin ibili, baina uste dut taldeak sendo jarraitzen duela, helburua lortzeko gogo handiarekin. Ez dugu kalkulurik egiten: partida guztiak irabazten saiatuko gara sasoia amaitu bitarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.