Realeko jokalaria

Amaiur Sarriegi: «Beti saiatzen naiz nire izaera eta balioak zelaian islatzen»

Aurrelariak ehun partida jokatu ditu talde txuri-urdinarekin. Hasieran kostatu egin zitzaion tokia egitea, baina orain taldeko kapitainetako bat da. «Hazteko eta futbolari profesional izateko etorri nintzen, eta lortu dut», dio.

(ID_13487901) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-01-12, Donostia. Amaiur Sarriegi, Realeko jokalaria
JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
Zubieta
2024ko urtarrilaren 16a
05:05
Entzun

Amaitu berri da Realaren entrenamendua. Hotz egiten du Z7ko harmailetan. Zelai erdi inguruan jotzen du eguzkiak; eserleku bat hartu, hara eraman, eta han izan da elkarrizketa Amaiur Sarriegirekin (Donostia, 2000). Aurrelaria ohikoa duen zintzotasunez mintzatu da.

Ehun partida bete berri dituzu Realaren elastikoarekin. Zer esaten dizu zenbaki horrek?

Poza eta harrotasuna sentitzen dut kopuru horretara iristeagatik. Ibilbide motza da, baina oparoa. Iritsi nintzenean ez nuen pentsatu ere egiten kopuru horretara iritsiko nintzenik. 

Partida horiek askotarako eman dute. Momenturik onena eta txarrena aukeratu beharko bazenitu, zein izango lirateke?

Onena erraza da: Txapeldunen Ligarako sailkatu ginen urtea, gehienbat azken partidak. Txarrena, berriz, esango nuke Bartzelonaren aurka 9-0 galdu genuenean ligan. 

Zertan aldatu zara pertsona zein futbolari moduan denbora honetan?

Uste dut gauzei balio handiagoa ematen diedala, eta helduagoa naizela. Alde horretatik, kontzienteagoa naiz futbolak dituen gauza onez eta txarrez, eta garrantzia soilik nire esku daudenei ematen saiatzen naiz.

Nola gogoratzen duzu hasiera?

Egia da hasieran kosta egin zitzaidala aukerak izatea. Nik sentipen onak nituen entrenamenduetan, ondo ikusten nuen neure burua, baina nahiko aukera gutxi izan nituen. Gero, egia da erritmoa hartu eta lehen gola sartu ostean besteak segidan iritsi zirela.

Gustatuko litzaizuke gutxienez beste ehun betetzea? Jokalariek beti aipatu izan duzue horretarako garrantzitsua dela klubak eta jokalariek elkarrekin haztea. Apustu hori ikusten duzu Realean zu iritsi zinenetik?

Gustatuko litzaidake, noski. Iritsi nintzenetik hazkunde eta apustu hori ikusi dut, baina jarraitu egin behar da. Lehiaketak eta gizarteak berak eskatzen duen zerbait da. 

Etorkizunean atzerriko ligaren bat probatzea gustatuko litzaizuke?

Ez ditut ateak ixten. Baina gaur egun ez nago horretan pentsatzen, eta ez dut egin behar. 

2025era arte duzu kontratua, 2022an hiru denboraldirako luzatu baitzenuten hitzarmena zuk eta klubak. Emakumeen futbolean kontratu gehienak denboraldiz denboraldi luzatzen direla kontuan hartuta, apustu handia da hori, ezta? Nola ikusten duzu errealitate hori?

Argi dago egonkortasuna falta dela horretan, eta proiektu bat finkatzeko beharrezkoak direla kontratu luze horiek. Nire kasuan, argi nuen hemen jarraitu nahi nuela, eta horregatik berritu nuen kontratua. Hona etorri nintzenean, hazten jarraitzea bilatzen nuen, eta futbolari profesional izatea. Eta hori lortu dut. Ziurrenik, espero baino emaitza hobeekin. Eta bide horretatik jarraitu nahi dut.

«Kontzienteagoa naiz futbolak dituen gauza onez eta txarrez, eta garrantzia soilik nire esku daudenei ematen saiatzen naiz»

Duela hilabete batzuk, Realak elastiko bat atera zuen zure irudi batekin eta testu honekin: «Izaeratik jokoa, jokotik izaera». Zure jokoa zure izaeran islatzen da?

Nik uste dut baietz. Oso kontziente naiz futbolari izatea zer den, zer ordezkatzen dudan gizartearen arlo garrantzitsu batean, are gehiago emakumea izanda. Beti saiatzen naiz nire balioak eta nire izaera hori berdegunean islatzen. Eta alderantziz. Izan ere, onerako eta txarrerako, ni Amaiur naiz, eta hori ez da aldatu. Etxekoen eta lagunen aldetik babes handia sentitu dut horretan, eta hasi nintzenetik ez da aldatu. Beti egon naiz eta egongo naiz haiekin. Gauzak perspektibarekin ikusten laguntzen dizute. Zu zara oinarria, eta zuk izan behar dituzu oinak lurrean. Baina askotan oso baliagarria, aberasgarria eta beharrezkoa da ingurukoei entzutea zera esaten dizutenean: «'Amaiur, hau ez', edo 'Amaiur, hau bai'».

Onerako zein txarrerako, urte hauetan asko handitu da emakumeen futbolaren ikusgaitasuna. Hala, ingurukoei gehiagotan iristen zaizkie gauza onak zein txarrak. Haiek babesten saiatzen zara? 

Batzuetan gogorra da, batez ere irakurtzen edo entzuten duzuna egia ez denean. Hori mingarria izan daiteke, bai zuretzat, baita ingurukoentzat ere. Hori dela eta, nik, adibidez, amonari beti esaten diot: «Amona, aurrena neuri galdetu, eta gero irakurri edo entzun nahi duzuna». Baina argi dago ikusgaitasunak dakarren horretara ere egokitu egin behar dugula. Errealitate bat da. Nik, oraindik, gogoan dut lehen argazkia eskatu zidaten eguna. Gurasoekin nengoen jatetxe batean bazkaltzen. Barruan zerbait mugitu zitzaidan, eta pentsatu nuen: «Ezagutu egin nau». Baina, aldi berean, hori da beti aipatzen duguna: gaztetxoek erreferenteak izan behar dituzte. Oso garrantzitsua da. Aurrekoek ez zituzten izan, eta orain, zorionez, bai.

Ehun partidatan jokatu duzu, baina denboraldia gorabeheratsua izaten ari da zuretzat, lesioak tarteko. Nola zaude?

Orain ondo nago, neure burua ondo ikusten ari naiz entrenamenduetan, eta oso gustura nago. Aurretik ez nuen halako lesiorik izan, eta ikasketa prozesu bat ere izan da. Asko jokatu izan dut denboraldi guztietan, eta zortea izan dut alde horretatik. 

Zer ikasi duzu?

Egunerokoari eman behar zaiola garrantzia batez ere. Adibidez, entrenamendu baten ariketa bat gustuko ez baduzu ere, egin behar duzula. Lehen ere kontziente nintzen horretaz, baina orain are gehiago.

Sevillaren aurka itzuli zinen, baina zelairatu eta gutxira min hartu zenuen berriro. Hori izan zen unerik gogorrena?

Agian bai. Aste horretan pare proba egin nituen taldearekin, nola sentitzen nintzen ikusteko, eta, zalantzak izan arren, itzuli egin nintzen. Aipatu bezala, aurretik ez nuen gihar hausturarik izan, eta ez dakizu halakoetan zer sentitzen den. Nire gorputza hobeto ezagutzeko ere balio izan dit horrek.

Hemendik aurrera, zure helburua hamaikakoan lekua berreskuratzea izango da, ezta? Nahiz eta Jensen eta Franssi ondo ari diren, eta golak sartzen. 

Nik nahi eta bilatzen dudana da entrenamenduetan ondo jokatzea, neure burua ondo zaintzea, eta fisikoki eta psikologikoki prest egotea... Arreta horretan jartzen dut, hori baita nire esku dagoena, eta hortik etorriko baita gainontzeko guztia.

Zelai erdiko hegalean edo aurrean jokatzean ari zara. Non aritzen zara gusturago?

Txikitatik beti izan naiz aurrelaria, eta beti gustatu izan zait aurkariaren atetik gertu egotea. Golerako sen hori daukat. Egia da, dena den, zelai erdiko eskuin hegaletik jokatuta beste aukera batzuk ere badaudela: bigarren aurrelari gisa jokatzeko, eta kanpotik hausturak egiteko leku hutsetara. Horrek ere taldeari aukera asko ematen dizkio.

Eta taldea egiten ari den denboraldiaz, zer iritzi duzu? Izan ere, Ligan Teneriferen aurka berdindu eta gero, are gehiago aldendu zarete goiko postuetatik.

Pena izan zen 3-1 aurretik egon eta gero azkenean hiruna berdintzea. Taldea ondo ari da entrenatzen, baina egia da partida batzuetan hori ez dela islatu. Eraginkorragoak eta erregularragoak izatea falta izan zaigu. Dena den, egiten ari garen lan horretan sinesten jarraitu behar dugu, prozesuan. Hala eginez gero ziur nago emaitzak iritsiko direla.

Sentipenak aurreko denboraldikoak baino hobeak dira?

Baietz esango nuke, taldea beste martxa eta dinamika batean dagoela. Nahiz eta, agian, emaitzek ez duten guztiz hori erakusten. Azken hori lortzea falta zaigu. Hala eginez gero, eta, hiruzpalau partida segidan irabaziz gero, uste dut garaiz gaudela goiko postu horietara gerturatzeko, eta gauzak hobeto joango dira.

«Taldea beste martxa eta dinamika batean dago. Nahiz eta, agian, emaitzek ez duten guztiz hori erakusten. Azken hori lortzea falta zaigu»

Etxetik urrun aurrerapauso bat ematea ere falta zaizue horretarako, ezta?

Bai, eta, autokritika eginez, etxean ere hainbat puntu garrantzitsuk egin digute ihes: Teneriferen aurkakoak, Sevillaren aurkakoak... 

Espainiako Kopan final-laurdenetan zaudete, herenegun Sporting Huelva kanporatu ostean. Txapelketa hori ere pizgarri izan daiteke Ligan ere hobetzen jarraitzeko?

Bai, dudarik gabe. Aurreko astea berezia izan zen alde horretatik. Multzoan ilusio handia zegoela nabari zen, txapelketa berri bati ekiteko ilusioa. Ni hemen nagoenetik ez dugu zorte handirik izan Kopan, eta ea denboraldi honetan joera hori aldatzea lortzea dugun. Polita litzateke Granadan bizi izan zena berriz barrutik bizitzea. Nire ametsetako bat da Realarekin titulu bat irabaztea. 

Natalia Arroyo entrenatzaileak denboraldi amaieran bukatuko du kontratua. Jarraitzea gustatuko litzaizueke?

Erabaki pertsonalak dira, eta nik ezer gutxi esan dezaket horretaz.

Emakume eta futbolari zaren aldetik, nola bizi izan zenuen udan Jennifer Hermosorekin gertatutakoa?

Emakume kirolari batek ez luke sekula halako zerbait bizi behar. Eta ez berak bakarrik. Ingurukoek ere jasan dugun jazarpena ez da bidezkoa eta justua izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.