Betikoa azaldu da, onena: Messi

Spartak Mosku 1-2 jarri da, baina Bartzelonak buelta eman dio emaitzari argentinarrak sartutako bi goli esker

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Entrenatzaile berria dago, jokalari berriak, baina gauza bat ez da aldatu Bartzelonan: Lionel Messik jarraitzen du izaten taldeko jokalaririk erabakigarriena. Atzo berriro utzi zuen agerian, eta jokalari handienek egiten duten bezala, taldeak haien beharra duenean. Eta Bartzelonak behar zuen argentinarra atzo, partida amaitzeko ordu erdi eskas falta zenean 1-2 ari zelako galtzen Spartak Moskuren aurka. Norgehiagoka hasi eta gutxira Tellok gola sartuz bideratzen hasi zuen partida okertzen ari zitzaion Bartzelonari. Asko. Baina hor azaldu zen Messi. 71. minutuan sartu zuen berdinketaren gola eta hamar minutu eskas geroago hirugarrena, gauzak bere onera itzuli zituena, neurketa erabakita utzi zuena. Berriz ere Messi Bartzelonaren salbatzaile. Garaipenak, gainera, G multzoko lehen postua eman dio Kataluniako taldeari, multzoko beste partidan Celtic Glasgowek eta Benficak hutsean berdindu baitzuten.

Apalak lider

Bartzelona izan zen oilarren artean gehien sufritu zuena. Bayern Munichek eta Manchester Unitedek erraz antzean irabazi zuten. Alemaniarrek 2-1 hartu zuten mendean Valentzia, eta ingelesek 1-0 Galatasaray. Bayernen Javi Martinez hasieratik aritu zen lehen aldiz hasieratik. Lehiaketako bi oilarren arteko neurketa, Chelseak eta Juventusek Londresen jokatu zutena, berriz, bina amaitu zen. Chelseak, egungo txapeldunak, bikain hasi zuen partida, 33. minutura iritsi aurretik 2-0 baitzen aurretik. Bazirudien erraz irabaziko zuela, baina usteak ustel. Juventusek bi gol sartu zituen, lehena atsedenaldira iritsi aurretik eta bestea partida amaitzeko hamar minutu falta zirela.

Ez Bayern, ez Chelsea, ez Juventus, ez Manchester United ez dira lider euren multzoan. Xakhtar Donetsk da lehen sailkatua F multzoan, Nordsjaellandi 2-0 irabazi ondoren. F eta H multzoetan, berriz, Bate Borisov eta Cluj dira lider. Biek irabazi zuten etxetik kanpo: bielorrusiarrak Lilleren zelaian (1-3) eta errumaniarrak Sporting Bragaren zelaian (0-2).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.