John Toshackek ondo asmatu zuen entrenatzaileek bere jokalarien partida txar baten ostean duten haserrea definitzean: «Igandean guztiak bidaliko nituzke pikutara. Asteartean, berriz, zortzi baino ez. Ostegunean, pentsatzen dut errudunak bi edo hiru baino ez direla izan. Eta, azkenean, betiko hamaikek jokatzen dute». Martin Lasarte ere betikoekin egiten ari zaio aurre Lehen Mailari. Iragan denboraldian gehien jokatu zutenekin, alegia. Iraultza egin beharrean, Realak orduko hamaikakoaren oinarriari eutsi, eta aurrelarien fitxaketekin borobildu zuen udan gehienbat, zelai gaineko eta kanpoko elkar ulertze hori Lehen Mailara egokitzeko makulua izango zelakoan.
Bederatzi jardunaldi jokatu dira, Ligaren laurdena ia, eta Ligan gehien jokatu dutenen zerrenda esanguratsua da. Hamaikatik hamar Bigarren Mailan aritu ziren. Tamudo da salbuespena. Bravo, Mikel Gonzalez eta Carlos Martinez dira minutu guztiak jokatu dituzten bakarrak (810). Ondoren datoz De la Bella (807), Prieto (804), Ansotegi (739), Zurutuza (642), Rivas (636), Aranburu (613) eta Griezmann (565). 11. eta 12. postuan, berriz, Tamudo eta Joseba Llorente daude. Behin izan ezik, aurrelari bakarrarekin jokatu du Lasartek hasieratik, eta minutuak banatu behar izan dituzte. Hala ere, haien ekarpena erabakigarria izaten ari da, bost gol eta bi azken pase batu baitituzte.
Zerrendak bi gauza uzten ditu argi. Bata, Lasartek konfiantza duela joan zen sasoian erantzukizun handiena izan zutenengan eta igoeraren inertzia aprobetxatu nahi duela, Anoetan batez ere. Eta bestea, lesioekin arazo larririk ez duela izan orain arte, Tamudorena kenduta. Uruguaitarra sekula ez da izan txandakatzeekin erotzen den entrenatzailea. Hamalau edo hamabost jokalarirengan oinarritu izan da bere ibilbidean denboraldiak aurrera eramateko. Bere ustez onenak direnak jarri ohi ditu ia beti. Baina, aldi berean, badaki gustuko duen joko eredua egiteko taldea fresko behar duela fisikoki eta Lehen Mailan ezinbestekoa dela baliabide desberdinak edukitzea aulkian. Giro ona baldin badago, eta Realean hala da, talde sakona edukitzea beti da abantaila.
Azken asteek erakusten dute zer garrantzia duen ordezkoen lanak. Markelen eta Elustondoren egoera da horren adibide. Osasunaren aurkako derbian, Lasartek elkarrekin jarri zituen hasieratik. Asteartean jokatu zuen Realak, eta aurreko larunbatean partida neketsua izan zuen Real Madrilen aurka. Apustua gaizki irten zen, talde guztia eskas aritu zelako Iruñean. Joan den igandean, berriz, bikain atera zitzaion. Realak hiru partida jokatu behar zituen sei egunetan -Deportivo, Almeria eta Malagaren aurkakoak-, eta Rivasi eta Aranbururi, euskarri titularrei, atsedena eman nahi izan zien. Markelek bikain erantzun zuen, eta Elustondok, ondo.
Joseba Llorentek herenegun esan zuen moduan, albiste aparta da aldaketak egon arren taldeak itxura bera edo hobea ematea:«Talde bat ez dira 11, hamabi edo hamahiru jokalari». Halako partida eta garaipen bat behar zuten Markelek eta Elustondok. Onena ematen hasteko adinean daude, kontratu luzeak dauzkate, eta jokatzeko daude. Konfiantza hartuko dute, eta entrenatzaileari ere lasaitasuna emango dio kontuan har ditzakeela jakiteak. Denboraldia luzea da, eta jokalariek gorabeherak izaten dituzte. Rivas, esaterako, oso gaizki ari zen azken partidetan, eta begi bistakoa zen txanda behar zuela. Ardura handiko lana da euskarriena, are gehiago Lehen Mailan, eta aurrerapauso handia litzateke Markelek eta Elustondok gora egitea.
Bi horiek ez ziren izan Malagan bere burua erakutsi zuten ordezko bakarrak. Labakak lehen zatian sartu behar izan zuen, hotzean, Ansotegiren lesioa zela-eta, eta seguru aritu zen. Dagoeneko ez da albiste, zorionez. Une honetan hirugarren erdiko atzelaria da, Ansotegi eta Mikel Gonzalezen atzetik, baina hiruretako edozein aritzen dela ere, gorabeherarik ez da sumatzen. Antzeko zerbait gerta daiteke aurrean, Tamudo eta Llorenterekin. Eskarmentu handia dute biek, eta ezaugarri desberdinak eduki arren, Realak badaki gol senarik ez zaiola faltako.
Nabarmentzekoa da Sarpongen lana. Oso minutu gutxi behar izan ditu zaleen arreta pizteko. Bere debutan gol erabakigarrian lagundu zuen, eta harrezkero beste bi sartu ditu, bata Levanteri eta bestea Almeriari, Espainiako Kopan. Azken pasea ere eman zion Agirretxeri, Deportivoren aurka. Hasieratik aritzeko defentsan hobetu beharko du, baina pizgarri ona da. Realak azken urteetan izan duen gabezietako bat hori da, aulkitik sartuta gatza eta abiadura ematen duten jokalariarena, eta Sarpongek asko du bietatik, bi hegaletatik moldatzeko gai izateaz gain. Betikoak, Prieto eta Griezmann ordezkatzean garrantzitsua izan daiteke.
Betikoak, eta beste batzuk
Joan zen sasoian gehien jokatu zutenek izan dute orain arte Realean ekimena, baina ordezkoak ere agertuz doaz pixkanaka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu