Futbola

Betirako ikur izango da Oscar de Marcos

Athleticeko kapitainak agur prentsaurrekoa eman du, Lezaman. Babesa eta maitasuna jaso du, eta Athleticekoa izatea zer den laburtu du: «Taldea jartzea norberaren aurretik».

Oscar de Marcos, agurreko prentsaurrekoa ematen, gaur, Lezaman. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Oscar de Marcos, agurreko prentsaurrekoa ematen, gaur, Lezaman. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jon eskudero
2025eko maiatzaren 22a
16:12
Entzun 00:00:0000:00:00

«Niretzat Athletic iceberg erraldoi baten punta da, non gauzarik handiena den ikusten ez den hori. Eta nire seme-alabak gogoan ditudanean, nahi dut Athleticen moduan bizitzen ikas dezatela. Athletic ez da izen bat soilik, ez da futbol talde bat soilik. Athletic herri oso baten ispilua da. Athleticzalea izatea zera da: zintzoa izatea, leiala eta taldea norberaren aurretik jartzea». Adierazpen sentikor horiekin abiatu du agur prentsaurrekoa gaur Oscar de Marcosek (Guardia, Araba, 1989), Lezaman.

Senitartekoen eta lagunen maitasunaz gainera, hamasei urte hauetako ibilbidean ondoan izan dituen hainbat eta hainbat pertsonarena ere jaso du kapitainak, eta esker oneko agertu da. Agerraldi xumea eta gertukoa eskaini du, eta, Athleticen historian partida gehien jokatu duen bigarren jokalaria izaki, harro dagoela adierazi du. «Pribilegiatu bat naiz».  

Klubeko langileek, taldekideek eta taldekide ohiek eginiko pasillo luze baten barrena iritsi da Lezamako zelaietako batera kapitaina. Zelaia zapaldu bezain laster hartu du hitz egiteko prestatu dioten tokirako bidea. Toki atsegina: aulki zuri batez, bere elastiko zuri-gorri batez eta hamasei urteotan irabazi dituen bi Espainiako Superkopa eta Espainiako Kopako garaikurrez osatua.

Txalo zaparradaren ondoren hartu du hitza. «Ez naiz etorri agur esatera, eskerrak ematera baizik. Athletici asko eman diot, baina jaso dudana askoz handiagoa izan da. Lezama nire eguneroko zoriontasuna izan da, eta San Mames, tenplua. Izugarria da jaso dudan maitasuna, eta nire gorputza Athleticetik badoan arren, nire arimak hemen jarraituko du».

«Athletici asko eman diot, baina jaso dudana askoz handiagoa izan da. Izugarria da jaso dudan maitasuna»

OSCAR DE MARCOSAthleticeko jokalaria

2009ko uztailaren 13an iritsi zen De Marcos Athleticera, Alaves utzi ondoren. «Ez nekien zenbat iraungo nuen: urte bat, bi, hiru... Lehen egunetik jaso nuen babesa eta laguntza. Benetan ohartu nintzen familia batera iritsi nintzela». Geroztik, denetik bizitzea egokitu izan zaio, garai gaziak eta garai gozoak, eta iragan sasoian gabarra uretara ateratzeak min asko arindu zizkiola aitortu du. «Final asko galdu ondoren, hainbat arantza nituen barruan, eta Kopa irabazteak lasaitasuna eman zidan».

Titulu horretaz ez ezik, Lezamako egunerokoaz eta San Mamesen magiaz oroituko da beti. «Lezaman bikain tratatzen gaituzte langile guztiek, eta jokalarion artean daukagun giroa ez du parekorik. Horren falta sumatuko dut, baita San Mamesen jokatzea ere. Adrenalinaz betetzen zaitu San Mamesek, eta ea hutsune hori nola betetzen dudan orain».

«Iribar da ikurra»

Tituluak titulu, haren zintzotasun eta lanagatik bilakatu da De Marcos hain maitatua. Egungo taldekideez gain, prentsaurrekoan alboan izan ditu hainbat taldekide ohi: Aritz Aduriz, Markel Susaeta, Ander Iturraspe, Joseba Etxeberria, Raul Garcia, Asier Villalibre, Pablo Orbaiz, Aitor Ocio, Mikel Rico, Mikel Balentziaga, Carlos Gurpegi, Beñat Etxebarria, Igor Gabilondo, Gorka Iraizoz eta Dani Garcia.

Guztiek goraipatu dute kapitainaren lana, eta adierazi sekula ez duela aurpegi txarrik jarri. Ez taldekide bati, ez epaile bati eta ezta entrenatzaileari ere. De Marcos: «Aitonak beti esaten zidan bizitzan pertsona ona eta langilea izan behar nuela, eta horixe egiten saiatu naiz. Ez naiz ikur sentitzen. Athleticeko ikurra Jose Angel Iribar da, berak ordezkatzen baititu ondoen klubaren balioak». Hain zuzen, Iribar da Athleticekin partida gehien jokatu duen jokalaria (614), De Marcosen gainetik (572).

Kapitaina ahalegindu da bizitza pribatuan ere Athleticen balioak zabaltzen. Esaterako, urte luzez astero joan izan da ospitalera minbizia duten haurrak bisitatzera, era pribatuan.

Etorkizunera begira, datorren sasoian Txapeldunen Ligan ariko da Athletic, eta harmailetatik beste era batean bizitzea egokituko zaio arabarrari. «Pozik joango naiz partidak ikustera, baina orain beste bizitza bat egin nahi dut. Arnasa lasai hartu eta aspertu behar dut, gorputzak zer eskatzen didan jakiteko. Ez diot beldurrik geroari, eta ez dakit zer alorretan arituko naizen». Hori bai, igandean azken partida jokatu beharko du Athleticekin, San Mamesen, Bartzelonaren aurka. Omenaldi handia egingo diote klubak eta zaleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.