Bi Afrika aurrez aurre

Bihar hasiko da Afrika kopa, Gabonen. Faboritoen artean daude nagusiki Boli Kosta txapelduna, Ghana eta Gabon, eta, iparraldekoen artean, Egiptok, Aljeriak eta Marokok daukate aukera

Bi Afrika aurrez aurre.
Aitor Manterola Garate.
2017ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Arnasa eta haize berriak Afrikatik datozkio futbolaren mundu eroari. Kluben lehiaketak ia egunero jokatzen diren garaiotan, han eta hemen, Afrika kopak emango dio etena gurpil zoroari. Ez da erabatekoa izango, lehiaketek aurrera jarraitzen baitute, baina, zurrunbilo horretatik atera eta kanpora lasai begiratu nahi duenarentzat, aukera ona da Afrikako selekzioen txapelketa.

Gabonen hasiko da, bihar, eta otsailaren 5ean amaituko da. 31. ekitaldia du aurtengoak. Gero eta urrutiago dago 1957ko estreinako aldia, Sudanen jokatutakoa, eta Egiptok irabazitakoa. Harrezkero, beste hamahiru selekziok lortu dute garaikurra. Egipto da nagusi garaipen zerrendan, zazpitan irabazi baitu kopa. Ghanak eta Kamerunek launa titulu dituzte; Nigeriak hiru dauzka —aurten ez da ariko, ez delako sailkatu—; eta binarekin daude Boli Kosta eta Kongoko Errepublika Demokratikoa. Bakarra dute, berriz, Marokok, Aljeriak, Tunisiak, Sudanek, Zambiak, Etiopiak, Hegoafrikak eta Kongoko Errepublikak.

Hamasei selekziok dute aukera aurtengoa irabazteko, eta, horien artean, Ginea Bissau da lehen aldiz ariko den talde bakarra. Denen aukerak ez dira berberak, jakina, eta, txapelketa guztietan bezala, hemen ere badira talde indartsuak. Faboritoen zerrenda handi samarra da, halakoetan gertatu ohi denez, eta, nagusiki, bost talderen izenak ageri dira bertan. Hiru dira kontinentearen erdialdekoak: Boli Kosta —azken ekitaldia irabazi zuen, 2015ean Ekuatore Ginean jokatutakoa—, Ghana eta Gabon; beste biak ipar partekoak dira: Egipto eta Maroko. Gizendu daiteke zerrenda, gainera, Aljeria eta Kamerun sartuta ere, eta ez baztertu ezusteren bat azaltzea.

Beraz, Afrikaren barruko lehia bi zatitan banatuko da: Sahara basamortu handiaren goialdean daudenak multzo batean, eta hortik beherakoak, bestean. Historikoki, izan du txapelketa honek berezigarri hori, eta iparraldekoen bandera hartuta Egipto, Maroko, Aljeria eta Tunisia ibili dira. Gainontzeko txapeldunak kontinentearen erdialdekoak izan dira nagusiki; hegoaldeko bi talde bakarrik izan dira gai txapeldun izateko: Hegoafrika eta Zambia.

Jokalari ezagun asko

Auskalo zein taldek irabaziko duen aurtengoa, eta, bi Afrikaren arteko lehian, zein aldetara joango den kopa. Partiden joanean marraztuko da bilakaera, eta margolariak, jakina, jokalariak izango dira. Ohi bezala, batzuk ezagun askoak dira nazioartean, eta beste zenbait hemen aterako dira ezezagunen multzotik ezagunen pilora.

Lau jokalari nabarmendu behar dira, lehen begi kolpean arreta bereganatzen dutelako: Riyad Mahrez aljeriarra da bat (Ingalaterrako Leicester City). Kontinenteko iazko jokalari onena izendatu zuten, eta bere selekzioak eman dezakeenaren neurria jarriko du erdilari bikainak. Pierre Emerick Aubameyang (Alemaniako Borussia Dortmund) aurrelariak nahiko du Gabonek, bere selekzioak, lehen aldiz irabaztea txapelketa, nola eta zaleen aurrean, etxean jokatuko baitu. Sadio Manek (Ingalaterrako Liverpool) lan gehiago izango du Senegal muturrera eramateko. Andre Ayew (Ingalaterrako West Ham) Ghanako aurrelaria da nabarmendu behar den beste jokalaria. Beste izen ezagun asko ere ariko dira lehian; besteak beste, ondorengo hauek: Asamoah Gyan eta Jordan Ayew (Ghana), Mohamed Salah (Egipto) eta Acine Brahimi eta Islam Slimani (Aljeria).

Belaunaldi berriak ere indartsu datoz, eta zerrenda horretan azaltzen dira txapelketan maila ona eman dezaketen jokalari hauek, beste askoren artean: Ramadan Sobhi (Egipto), Kalidou Koulibaly (Senegal), Nabil Bentaleb (Aljeria), Clinton N'Jie eta Vincent Abubakar (Kamerun), Bertrand Traore (Burkina Faso), Andre Biyogo Poko (Gabon), Musa Konate (Senegal), Jonathan Bolingi (Kongoko Errepublika Demokratikoa), Franck Kessie (Boli Kosta) eta Faruk Miya (Uganda), besteak beste.

Jokalarien zerrendetan, bada bat oso deigarria, gazteen beste muturrean dagoena: Essam el Hedary, Egiptoko atezaina. 44 urte beteko ditu etzi, eta lau aldiz irabazi du Afrika kopa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.