Arrauna. Kontxako bandera

Bi belaunaldi, hainbat begirada

Zumaiako traineruko kideak biak, eta adinez oso ezberdinak: Aintzane Irazoki da taldeko zaharrena, eta Ane Aizpurua gazteena. Bat duela hogei urte ere ibili zen arraunean, eta besteak bigarren urtea du.

Ane Aizpurua eta Aintzane Irazoki, Zumaiako trainerua atzean dutela, klubaren egoitzan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Zumaia
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hemezortzi urteren aldea dago bien artean. Aintzane Irazoki da bat (Aizarnazabal, Gipuzkoa, 1977), eta Ane Aizpurua bestea (Aizarnazabal, Gipuzkoa, 1995). Biek bat egin dute aurten Zumaian. Taldeko gazteenak gaur egungo arrauna bakarrik ezagutzen du. Zaharrenak duela hogei urtekoa ere ezagutu zuen. Bi belaunaldi elkartuta, eta hainbat bizipen. Lehengoak, ezberdinak oraingoen aldean; oraingoak, antzekoak bientzat.

«1994an hasi nintzela uste dut. 17 urte neuzkan orduan. Ez dakit nola hasi ginen ere, baina gogoan dut uda batean, kuadrillakoak arraunean ibiltzera etorri ginela Zumaiara. Hantxe hasi zen dena». Hiru urte egin zituen multzo hark arraunean; «gero, beste gauza batzuk sortu ziren, eta ezin aurrera segitu». Ezagutu zuen ordukoa, eta ezagutzen ari da oraingoa, eta ezberdintasun handiena generoen arteko berdintasuna dela nabarmendu du: «Orduan gertatu zitzaigun zerbait kontatuko dut», hasi da. «Gipuzkoako Txapelketa jokatu genuen Getarian, eta irabazi. Gizonezkoak ere han ziren lehian. Sari banaketa egingo zela esan ziguten, eta ilusioa egin zigun. Joan ginen sariak jasotzera, eta bozgorailuetan aipamen txikiena ere ez gure jardunari, egon ez bagina bezala». Mingarria izan zen hura oso. «Orain, begira non gauden. Bada zer hobetua, jakina, baina asko egin da berdintasunaren bidean».

Aizpurua bat dator Irazokiren azkeneko gogoetarekin: «Ez dauka zerikusirik ordukoak oraingoarekin. Garai hartan, Aintzanek kontatzen duenez, maila bakarra zegoen emakumezkoetan, eta orain, asko daude bateletan: haurrak, kadeteak, gazteak eta seniorrak. Balioa ematen zaio orain emakumezkoen lanari».

Bat hasi zenetik bestea hasi denera ia hogei urte igaro diren arren, Aizpuruaren hasierak badu antzekotasunik Irazokirenarekin: «2010eko udan izan zen. Lagunok izena eman genuen udako arraun ikastaroan, eta han ibili ginen, aldarte onean. Gero, batek esan zigun aukera zegoela batela osatzeko, eta jende bila zebilela. Horrela hasi ginen, eta gaur arte». Hasiera beretsua izan arren biena, bilakaerak zeharo ezberdinak dira. Duela hogei urte ez zen emakumezkoen traineru estropadarik: «Bateletan hasi eta bateletan bukatzen genuen. Apirilerako amaituta egoten zen gurea, eta, gero, libre ginen edozer egiteko», gogoratu du Irazokik. «Orduan, mahai inguru bat antolatu zen Zumaian, eta mahaian nintzen ni. Batek galdetu zidan ea inoiz ikusiko genituen emakumezkoen traineru estropadak. Erantzun nion ezetz, inoiz ezetz; eta, ikustekotan, emakumezkoak eta gizonezkoak nahasian ikusiko genituela ontzi berean. Pentsaezina zen orduan».

Aizpuruak, aldiz, hasieratik ezagutu eta ikusi izan ditu emakumezkoak traineruan lehian, eta bera adibide ona da aldaketa hori azaltzeko: «Nire bigarren urtean, iaz, traineruan sartu nin- tzen. Bateletan hasi ginenerako bagenekien traineruan lekua izango genuela, gazteak izan arren. Ez zegoen nahikoa arraunlari ontzia osatzeko». Gaztea da oraindik ere, eta traineruan jarraitzen du, ontzia osatzeko arazorik izan ez bada ere aurten Zumaia aldean. Batelak bakarrik egin, edo bateletan hasi eta traineruetan amaitu, badago aldea; eta handia, gainera. Aldea aipatuta, «sakrifizioa» hitza ekarri du solasaldira Irazokik: «Gure garaian errazagoa zen; ez zegoen oraingo eskakizun maila hau. Oraingo hauek errekonozimendu handia merezi dute. Nik arrauna utzi nuenean, 20 bat urte neuzkan, eta adin ederra zen parrandarako-eta. Oraingo taldean, gehienak 20-21-22 urtekoak dira, eta urterik onenetan sekulako sakrifizioa ari dira egiten. Nik esaten diet parranda ez zaiela benetan gustatzen, bestela ez zirela arraunean ibiliko [barrez]. Gaur egun, arraunlaria izateko, parranda girotik kanpo ibili beharra dago».

«Arrauna benetan gustatzen bazaizu, errazagoa da sakrifika- tzea», gaineratu dio Aizpuruak. «Batean galtzen duzuna bestean irabazten duzu», zehaztu du. Irabazten duten horretan aipatu dituzte biek ondorengoak: «Gure artean, talde barruan, sekulako giro ona dago, eta asko betetzen du horrek», esan du gazteenak. «Bai, hala da, eta ni oso eroso sentiarazi naute lehen egunetik. Eskertzekoa da. Gainera, pazientzia handia izan dute nirekin, lehen arraunean ibilia izanagatik itsasoan sekula ez bainuen arraunean egin; eta ikasi egin behar izan dut. Laguntza handia eman didate taldekoek», beteranoak.

Traineru irabazlea izaten ari da, gainera, Zumaia, eta jakina da garaipenak giro eta aldarte onaren bideragarri izaten direla. Horretan, antzeko bizipenak egokitu izan zaizkie biei arraun munduan. Izan ere, Irazoki eta duela hogei urteko bere taldekideak ere irabazleak izan ziren: «Estropada batzuk irabazi genituen, bai, eta txapelketak ere bai». Aizpuruak, iaz, Euskotren eta Gipuzkoako ligak irabazi zituen, hainbat banderarekin batera, eta, aurten, iaz baino gehiago ari da irabazten.

Kirolari izanik, gehiago nahi

Hainbat egoera eta bizipen ari dira bizitzen elkarrekin, eta garaipenek ez ezik, beste gauza batek ere batzen ditu, garratzagoak: ez dituzte estropada asko jokatu, baina egoera onartzen dute: «Bakoitzak bere lanak dauzka taldean, eta guri kanpoan egotea tokatu zaigu sarritan. Ez dago denentzako lekurik, eta onartu egin beharra dago. Baina kirolari gisa, minbera ematen digu. Normala da hala izatea, eta hala behar du».

Kontxako lehen igandean ez ziren tostetan izan, eta, ziurrenik, ez dira ariko etzi ere. Baina Zumaiak aurreneko Kontxako bandera irabazten badu, bete-betean ospatuko dute, behar duen bezala. Beste bizipen bat izango da bi belaunalditako arraunlari hauentzat. Bat gehiago. Beste guztien ondoan, leku berezia lukeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.