Bi derbi jokatuko dira gaur goizean: Bilbo Basket-GBC eta Araski-IDK

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen Mailako sei euskal taldeek gaur jokatuko dituzte ligako partidak, eta tartean bi derbi egongo dira, biak goizean. ACB ligan —21. jardunaldia—, Retabet Bilbo Basket eta Delteco Gipuzkoa Basket elkarren aurka ariko dira Bizkaia Arenan (12:30). Ohorezko Mailan —22. jardunaldia—, berriz, Lacturale Araskik IDK Gipuzkoa hartuko du Mendizorrotzan (12:00). Beste bi taldeei dagokienez, Baskoniak Tenerife hartuko du (18:00) Buesa Arenan, eta Lointek Gernikak Perfumerias Avenida liderra Malosten (13:00).

Bilbo Basket premia larriarekin iritsi da derbira. Sei garaipen ditu, eta biko koltxoia jaitsiera postuekiko. Azken bi asteetan asko mugitu da merkatuan: Ben Bentil pibota eta Nikola Rebic antolatzailea fitxatu ditu, eta Ricardo Fischerrek taldea utzi du. Helburua fitxaturiko bi jokalariak gaur jokatzeko moduan egotea zen, etxekoentzat oso partida garrantzitsua delako. GBC, berriz, egoera lasaiagoan dago, eta gaur irabaziko balu ia erabat ziurtatuko luke mailari eutsiko diola. Porfi Fisaceck hainbat jokalari ditu min txikiarekin, baina denek jokatuko dute. Lehen itzuliko partidan Bilbo Basketek irabazi zuen Illunben. Baskoniari dagokionez, ezin du hutsik egin hirugarren postuari eusteko. Tenerife bederatzigarrena da.

Ohorezko Mailako derbiak zirrara gutxiago izango du, Lacturale Araskik ziurtatua duelako mailari eustea, eta kanporaketak pixka bat urrun ditu. IDKri dagokionez, kanporaketetan sartzeko lehian sartuta dago bete-betean. Donostiako taldea zazpigarren dago sailkapenean, baina Gernika eta Cadi La Seurekin, bosgarren eta seigarren sailkatuekin, hurrenez hurren, berdinduta dago. IDK-k azken lau partidetatik hiru galdu ditu; Araskik, berriz, konfiantza hartu zuen iragan astean Gernikari irabazita.

Azkenik, Gernikak partida oso zaila du gaur etxean Perfumerias Avenidaren aurka. Salamancako taldeak partida bakarra galdu du ligan, eta, normalean, ez du ezustekorik ametitzen. Galtzen badu, Gernika kanporaketa postuetatik irten daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.