Bi euskal talde, bi hautagai, urte bikoitia

Iurbentia-Bartzelona eta Unicaja-Tau dira Gasteizen jokatuko den Kopako euskal taldeen kanporaketak

Andoni Urbistondo.
2008ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Kopa Gasteizera bueltan da. Otsailaren 7an hasi eta 10a bitartean ACB Ligako zortzi talde onenen dema ikusi ahal izango da Baskoniaren kantxan, eta giro beroan, zale talde sutsuak dituzten hirietako ordezkariek lortu baitute Kopa jokatzeko txartela. Bartzelona, Badalona eta Girona kataluniarrak, Pamesa Valentziakoa, Real Madril eta Unicaja espainiarrak, eta, lehen aldiz historian, Euskal Herriko bi talde: Iurbentia Bilbo Basket eta Tau Baskonia. Sei urte pasa dira Kopa Gasteizen jokatu zenetik. Urte hartan Tau Baskonia izan zen garailea, finalean Bartzelona menderatuta, eta hiru aste barru lorpen hura errepikatzeko asmoa du Baskoniak, etxeko zaleen epelean jokatzen duela lagun.

Euskal Herriko bi taldek jokatuko dute Kopa lehen aldiz, eta hori nabarmendu beharreko arrakasta da. Ziurra zen Baskoniak Kopa jokatuko zuela, txapelketa antolatzen duen taldea delako (bestela ere bai, Baskonia Ligako talde onenetakoa delako). Iurbentiaren balentria handia da. ACB Ligan bosgarren denboraldia du aurtengoa, eta jaitsiera postuak libratzeko erronka atzean utzi eta Ligako talde onenetakoa bilakatu da hilabete gutxitan. Lehen itzulia sailkapeneko bigarren postuan bukatu du, eta talde handiak estu hartu ditu. Baskonia menderatu zuen Gasteizen, eta Real Madrilen eta Bartzelonaren aurka justu-justu galdu zuen azken laurdenean.

Iurbentiaren ahulune bakarra eskarmentu falta eta epaileek talde handiekin duten aldeko joera ez edukitzea da. Elitera iritsi berria da, eta elite horretan urteak daramatzaten taldeek joko gogorragoa egin ohi dute partida erabakigarrietan. Gabezia horiek hutsaren hurrengoa izan daitezke, halere, Iurbentiak bere joko onena erakusten badu. Bilbokoak edonor garaitzeko gai direla erakutsi dute sobera lehen itzuliko 17 partidetan.

Baskoniak jardun gorabeheratsuagoa izan du lehen itzulian, baina Tauk talde handien izaera, sena dauka. Onena emateko gai da hondoratzeko arriskua duenean ere, eta Kopako egoitza Gasteiz izateak joko aldetik dituen gabezia oro estal ditzake. Gainera, Baskoniak urte bikoitietan lortu ditu arrakasta garrantzitsuenak, eta urte bikoitia da aurten. Arabarrek bost aldiz irabazi dute Kopa, eta hiru azkenak, hamarkada honetakoak hirurak, urte bikoitietan: 2002, 2004 eta 2006.



KANPORAKETA ZAILAK. Kopa txapelketa denetan zailena da. Akatsak garesti ordaintzen dira, eta hiru partida txukun jokatu behar dira titulua irabazteko. Alferrikakoa da final-laurdenetan eta finalerdietan maila bikaina ematea, bi kanporaketa horietan pilatutako nekea finalean nabaritzen bada. Eta jakina, ezinezkoa da finalaren aurreko bi kanporaketetan lasaiago jardutea, txapelketatik kanporatua izateko arriskua handia delako. Hiru edo lau egunetan bete-betean aritzea da gakoa, eta ez fisikoki bakarrik. Buruko indarra ere funtsezkoa izaten da Kopan.

Euskal Herriko bi taldeek final-laurdenetako kanporaketa zailak izango dituzte, baina hori gauza jakina zen. Ligako zortzi talde onenak jokatzen duten txapelketan lekurik ez dute talde ahulek. Baskoniak Unicajaren aurka jokatuko du final-laurdena, onena eta txarrena ematen duen taldea. Iurbentiak ere kanporaketa zaila izango du. Bartzelonaren aurka jokatuko du Bidorretaren taldeak. Euskal Herriko bi taldeek final-laurdenetako langa gainditzen badute aurrez aurre izango dira Iurbentia eta Tau, Tau eta Iurbentia, finalerdi batean, eta Euskal Herriko talde batek Kopako finala jokatuko du.

Beste bi finalerdiak ere erakargarriak dira oso. Joventut Pamesak Valentziaren aurka jokatuko du, eta Real Madrilek Akasvayu Gironaren aurka. Garaileak elkarren aurka ariko dira finalerdietan. Datak ere finkatuta daude, baina final-laurdenak noiz jokatuko diren ez. Otsailaren 7an eta 8an jokatuko dira, baina ez zen zehaztu ostegunean zein bi kanporaketa jokatuko diren.

Eguerdi partean egin zuten Kopako aurkezpena, Gasteizko Principal Antzokian. Hiriko eta Arabako ordezkari politikoez gain, ACB Ligako Eduardo Portela presidentea ere bertaratu zen. Ligako bost jokalarik atera zituzten kanporaketetako papertxoak. Prigionik ordezkatu zuen Baskonia, eta Marcelinhok Iurbentia. Bartzelonako Jordi Trias, Real Madrileko Alex Mumbru eta Unicajako Carlos Jimenez ere bertan egon ziren.



erreaKzIoaK

«Urte bikoitietan lortu dugu arrakasta gehien, ea aurten ere hala den»



pablo prigioni
tau baskoniako kapitaina
«Sentsazio onak ditut Kopari begira. Irabazi ditugun tituluak urte bikoitietan irabazi ditugu, eta horrek indarra emango digula uste dut. Egiari zor, hautagai izateko meriturik ez dugu egin lehen itzulian, baina bost garaipen daramatzagu errenkadan, eta Kopa hasi arte garaipen bolada on horri eutsiz gero lehian egongo gara ».

«Baskoniaren izena entzun eta beldurtu egiten naiz»



sergio scariolo
unicajako entrenatzailea
«Tau Baskonia entzun eta beldurtu egiten naiz. Azken urteetan haien aurka jokatu dugun aldiro egurra eman digute, eta partida gaur jokatuko balitz, aukerarik txikiena ere ez genuke edukiko. Hilabete falta da oraindik Kopa hasteko, eta tarte horretan hobetzea da nire erronka. Hala ez bada, jai dugu, are gehiago Tauk etxean jokatzen duela aintzat hartuz».

«Iurbentia elitean dago dagoeneko, eta gure maila berean»



jordi trias
bartzelona taldeko jokalaria
«Ez dut uste Iurbentia ezustean sailkatu denik Koparako. Lehen itzuli osoa egin du sailkapeneko goi postuetan, eta hori talde onen eskura bakarrik dago. Niretzat gure mailan dagoen taldea da, dagoeneko, eta ezin dugu talde apalagoa balitz bezala prestatu final-laurdenetako kanporaketa, hala eginez gero kanporatu egingo gaituztelako».

«Apaltasunez aritu gara orain arte eta antzera jarraitu behar dugu»



marcelinho huertas
iurbentia bilbo basketeko jokalaria
«Lehen aldiz jokatuko dugu Kopa, eta hori asko baloratu behar den lorpena da. Apaltasuna izan da orain arteko gure gakoa, eta hori galtzen badugu muturreko handiren bat jasoko dugulakoan nago. Apal-apal joan behar dugu, final-laurdenetako kanporaketa baina harago begiratu gabe, eta Bartzelona garaitzeko gai garela sinetsita».ss
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.