Bi helburu eta premia bakarra

Osasunak eta Athleticek puntuen beharra dute derbian, batek mailari lehenbailehen eusteko eta besteak Europan aritzekoAzken egunetan polemika izan arren, festa giroa ziurtatuta egongo da gaur harmailetan

Asier Legarda-Ereño, Haritz Gallastegi
Iruñea<br /><br />Bilbo
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Iruñean, azken egunetan, gutxi hitz egin da Athleticen aurkako partidak Osasunarentzat duen garrantziaz. Ostegunean, Lezaman, Carlos Gurpegik ezbaian jarri zuen Osasunaren harrobiko lana, eta ostiralean, Osasunako presidente Patxi Izkok salatu egin zituen jokalariaren hitzak, «ezagutza faltaren ondorio» zirela argudiatuz. Derbiaren atarian, giroa berotu egin da, baina gorritxoek ezin dute horretan pentsatu. Mailari eusteko lehian puntu premian dira nafarrak, eta helburua lortzeko behar diren puntuak batzea ez den beste ezertan ezin dute jarri arreta Jose Luis Mendilibarren jokalariek. Athleticen aurkako partidaren ostean, sei partida besterik ez da faltako sasoia amaitzeko, eta partida gogorrak dauzka Osasunak: Bartzelonaren, Zaragozaren eta Getaferen aurka jokatu beharko dute gorritxoek etxetik kanpo, eta Valentzia, Sevilla eta Vila-real hartuko dituzte Nafarroako Erresuman. Jaisteko postuekiko bost punturen aldea dute gorritxoek, txapelketa amaitzeko zazpi partida falta direla, baina azken txanpan estutasunik izan nahi ez baldin badute, puntuak batzen jarraitu beharra daukate, eta Athleticen aurka hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua izango litzateke. Horretan soilik pentsatu behar dute gorritxoek, azken bi porroten ostean askok uste duten baino garrantzitsuagoa baita derbia Osasunarentzat.

Atzo Mendilibarrek adierazi zuenez, azken egunetako adierazpen aldrebesek ez dute eraginik izango, eta badirudi jokalariek behar den tokian jarrita daukatela arreta: «Aste normala izan da guretzat, jokalariak ondo aritu dira lanean, eta egia da taldearen inguruan gauzak berotu egin direla, baina kazetarien, zuzendarien eta zaleen gauzak dira horiek. Jokalariek ez diete garrantzirik ematen adierazpen horiei, eta entrenatzaileok ere ez. Partida beroa izango dela uste dut nik ere, baina ez partidaren atarian esan diren gauzengatik, Athleticen eta Osasunaren arteko partidak beti partida beroak izaten direlako baizik», esan zuen atzo entrenatzaile zaldibartarrak. Azken egunetako polemikari buruz hitz egiterik ez zuen nahi Osasunako entrenatzaileak, kazetariak horretan ahalegindu arren. Zorionez, Mendilibarrek badaki zelaian egiten dutena dela garrantzia duen gauza bakarra. Hori bai, argi utzi zuen Gurpegi ezagutzen duela eta «mutil jatorra» dela.

Fernando Llorente ondo zaintzearen garrantziaz ere mintzatu zen zaldibartarra, baina Athleticek beste arma asko dituela ere eman zuen aditzera Mendilibarrek, eta Iker Muniainen eta Gaizka Toqueroren lana nabarmendu. Llorente zaintzeko, Sergio hasierako hamaikakora itzul daiteke, bete baitu Sportingen aurka partida bateko zigorra, baina Osasunako entrenatzaileak ez du argitu hamaikakoa zein izango den, eta «buruarekin eta bihotzarekin» jokatzearen garrantzia nabarmendu zuen. Sergio ez ezik,Fernando Soriano ere hamaikakora itzultzeko moduan da. Molinonen jokatzerik ez zuen izan, tripetatik ez zebilelako ongi, baina derbian lotura lanak egin ditzake berriz Sorianok, Kike Solaren atzean kokatuta.

Osasunako zaleek peñen eguna ospatuko dute gaur, eta derbia hasi aurretik hainbat ekitaldi antolatu dituzte gorritxoen zaleek. Nafarroako Erresumako harmailak ez dira erabat beteko, baina giroa ziurtatuta dago.

Athletic, zalantza askorekin

Athleticek ere asko du jokoan astebetean jokatuko duen lehen derbian. Hala ere, ez da neurketa erabakigarria. Jakinekoa da alde handia dagoela mailari eusteko borrokan dauden taldeek duten presioaren eta Europan jokatu nahi duten taldeek dutenaren artean. Askoz ere nekezagoa da Osasunak duen premiari aurre egitea. Hala ere, Athleticentzat ere neurketa garrantzitsua da. Zazpi onenen artean ez sailkatzea porrota izango litzateke zuri-gorrientzat. Bizkaiko taldeak ez du urtero izaten Europan jokatzeko aukera. Horregatik da garrantzitsua denboraldi honetan duen aukera aprobetxatzea. Hurrengoa noiz izango duen inork ez dakielako.

Taldeak berez duen premia oztopoa izan daiteke antsietatea eta garaipen gosea egoki kudeatzen ez badira. Joaquin Caparrosen taldearen bigarren traba aurrean izango duen taldea eta Nafarroako Erresumako harmailetan egongo den giroa izango dira. Bistan da Osasunako zaleek ez dutela gustuko Athletic. Nabarmen ikusten da hori zelaian. Eta giro bero horretan jakin egin behar da jokatzen. Jokalari batzuk kikildu egiten dira, eta beste batzuk hazi egiten dira. Caparrosek, esaterako, gustuko ditu gisa horretako neurketak. «Nafarroako Erresuman futbol giroa egoten da. Kolorea izaten dute han jokatzen diren neurketek». Ikusi egin behar nola egiten dioten aurrera giro horri Gurpegik, Iker Muniainek eta David Lopezek, besteak beste. Hainbat arrazoi tarteko, zaleen ahotan egongo dira.

Harmailetan egongo diren jarraitzaileen antzeko sua izango duen talde bat espero du Athleticek aurrean. Jokaldi bakoitzeanbarruan duen guztia emango duen talde bat, hain zuzen ere. Athletic arnasa barik lagatzen ahaleginduko da Osasuna. Beraz, gutxienez gogo eta bizitasun berberarekin zelairatu beharko dira Caparrosek entrenatzen dituen jokalariak neurketa aurrera ateratzeko. Jokoari dagokionez, berriz, azken hilabete bietan baino zerbait gehiago erakustea komeni da. Azken bederatzi norgehiagoketan zazpi puntu baino ez ditu eskuratu talde zuri-gorriak. Ez da kasualitatea. Zelaian ikusi denaren isla da.

Llorenteren jokoaren beherakada da Athleticek dituen arazoen arrazoi nagusietako bat. Aurrelariak berea eman duenean, puntu asko lortu ditu Athleticek. Aurrelariak txarto jokatu duenean, aldiz, taldeak galdu egin du eraginkortasuna. Llorenteren ustez, «nekeak» eragin du bere makalaldia —bost jardunaldi daramatza golik sartu barik—. Entrenatzailearen aburuz, «beste kontu batzuk» egin diote min taldeko golegileari. «Munduko Kopa amaitu zenetik guztion ahotan egon da. Horrek asko ahultzen du bat. Orain arte oso ondo erantzun du. Buruz mutil gogorra dela erakutsi du. Esku artean dugun informazioak argi erakusten du fisikoki ondo dagoela».

Llorenteren ekarpena izango da gaurko derbiko giltzetako bat. Aurrelari zuri-gorria da zelaian egongo direnen artean neurketa bere kabuz erabaki dezaketen apurrenetakoa. Gainerako taldekideei dagokienez, bi aldaketa egin ditzake Caparrosek. Atzealdean, baliteke Fernando Amorebietak jokatzea, Mikel San Joseren partez. Iurretarra jokalari oldarkorra da, eta asko eman diezaioke defentsako lanean taldeari. Zelai erdian, berriz, David Lopezen, Gurpegiren eta Ander Iturrasperen artean bi postu daude jokoan. Euskarri bizkaitarrak du hamaikakotik kanpo geratzeko arriskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.