Bi joera, baina helburu berbera

Osasuna eta Reala hiru puntu baliotsuren bila ariko dira gaur Sadarren. Gorritxoek bide onera itzuli nahi dute; bertan jarraitzea da txuri-urdinen asmoa.

OSASUNA-REALA.
Osasunak eta Realak udan jokatutako Euskal Herriko Txapelaren finala. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
enaut agirrebengoa
2023ko abenduaren 2a
05:05
Entzun

Itxuraz, derbi desorekatua jokatuko dute gaur Osasunak eta Realak (21:00, Movistar LaLiga). Nafarroako taldeak etxeko epelean jokatuko du, baina ez dago bolada gozoan: lau partida lotu ditu garaipenik lortu gabe. Gipuzkoarrek, berriz, irabazi egin dituzte Ligako azken bi partidak, eta multzoburu da oraindik Europan. Hori gutxi ez, eta Osasunak behin ere ez du azpiratu Reala, elkarren aurka jokatu dituzten azken hamabost partidetan. Txuri-urdinak, aldiz, hamar aldiz izan dira garaile. Ez dute nahi gidoia aldatzerik. Horixe egiten saiatuko dira gaur gorritxoak. 

Osasunak ahalegin bizia egin beharra dauka, astez aste maldan behera baitoa. Jaisteko postuak urrun antzean izan ditu orain arte, baina hobe du suarekin jolasean ez ibili. Nafarrek ahulgune nagusi bat dute: defentsako jarduna. Aurkariei eutsi ezinik dabiltza, eta sendotu ezean, ia ezinezkoa izango da Reala azpiratzea. Jagoba Arrasatek ia hamaikako berbera erabili du azken neurketetan, eta aldaketak egin litzake gaur, pizgarri gisa. Ruben Peña ezinbestean ordeztu beharko du, arazo fisikoak direla medio. Barja eta Brasanac dira minez dauden besteak.

Reala ere garaipenaren bila ariko da. Goiko postuetan beste urrats bat egin nahi du, eta, horretarako, irabazi egin behar du Sadarren. Imanol Alguacilek txandakatzeak egin zituen Txapeldunen Ligan, Salzburgoren aurka, eta titularrak fresko izango ditu gaur. Kubo, Barrenetxea eta Sadiq bigarren zatian atera ziren, eta Merinok eta Le Normandek ez zuten batere jokatu. Denak ere hasieratik aritu litezke gaur. Imanolek jokalari guztiak ditu eskuragarri, Carlos Fernandez izan ezik.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.