Errugbia

Bi joko estiloren arteko talka

Zeelanda Berriak eta Hegoafrikak Munduko Kopako finala jokatuko dute gaur, Parisen (21:00). Bi taldeak hirutan izan dira txapeldun, eta bigarrenez neurtuko dituzte indarrak finalean.

Hegoafrikak eta Zeelanda Berriak udan jokatutako prestakuntza partida. Gaur, Munduko Kopako finalean arituko dira. NEIL HALL / EFE
Iñaki Berastegi.
2023ko urriaren 28a
12:20
Entzun

Duela 28 urte bezala, Hegoafrikak eta Zeelanda Berriak jokatuko dute Munduko Kopako finala. 1995ean, Johannesburgon (Hegoafrika), etxekoak nagusitu ziren, 15- 12, luzapenean, Joel Stranskyk ostiko bat sartuta. Entsegu bakar bat ere ez zen egin final hartan, eta puntu guztiak bi taldeetako zabaltzaileek eskuratu zituzten: Stransky hegoafrikarrak eta Andrew Mehrtens zeelandaberritarrak.Orduz geroztik, selekzio horietako bakoitzak bina final jokatu ditu, eta bietan gailendu. Aurrez, 1987an, All Blacksak txapeldun izan ziren historiako lehen Munduko Kopan.

Hala, gaur hirunako berdinketa desegingo dute, Pariseko Stade de France-n jokatuko den finalean. «Zaila da iragarpen bat egitea. Ikuspegi psikologikotik begiratuta, agian Zeelanda Berria zertxobait hobeto ikusten dut, txapelketan izan duen bilakaera dela eta. Baina esango nuke kontua parekatua dagoela. Bi taldeek oso ondo ezagutzen dute elkar, eta ziur elkarri irabazteko gogo berezia dutela», esan du Kemen Goitiandiak, Getxo errugbi taldeko entrenatzaileak (Zornotza, Bizkaia, 1980). Orotara, 105 partida jokatu dituzte elkarren aurka, horietatik bost Munduko Kopan; Zeelanda Berriak 62 aldiz irabazi du, Hegoafrikak 39 aldiz, eta lau neurketa berdinketarekin amaitu dira.

Zeelanda Berriak A multzoko bigarren postuan amaitu zuen, Frantziaren aurkako neurketa galdu eta gero. Ondoren, final-laurdenetan, 24-28 irabazi zion Irlandari, hau da, hautagai nagusiari, eta finalerdietan aise menderatu zuen Argentina:  44-6. Hegoafrikak ere B multzoko bigarren sailkatu gisa egin zuen aurrera, Irlandaren atzetik, eta final-laurdenetan eta finalerdietan puntu baten aldearekin irabazi zien Frantziari eta Ingalaterrari, hurrenez hurren. «Bi selekzioak arazo askorekin ailegatu ziren Munduko Kopara, baina talde hauek oso ezberdinak izaten dira lagunarteko partidetan eta txapelketakoetan. Ez da ezustekoa izan finalera ailegatu izana, baina egin duten bidea bai. Egokitzeko izan duten gaitasuna nabarmenduko nuke».

Jokatzeko moduari dagokionez, Goitiandiak dio «antagonistak» direla bi finalistak. «Zeelanda Berriak joko dinamikoa egiten du, bizia. Hegoafrikaren jokoa, ordea, fisikoan eta defentsan oinarritzen da, eta hankako jokoari ere garrantzi handia ematen dio. Aukera gutxi eman ohi dituzte, eta trebeak dira aurkariaren huts txikiak aprobetxatzen». Zenbakiek ere hori diote: Hegoafrika da zigor kolpe gutxien hartu duen taldea, eta plakaketa gehien egin dutenetan bigarrena da. Zeelanda Berria, berriz, txapelketako talderik onena da defentsak apurtzen eta baloia abantaila marratik harago eramaten.
Getxoko entrenatzaileak zeelandaberritarren «ausardia» eta hegoafrikarren «sasoia» azpimarratu ditu. Horrekin batera, bi taldeen «ahulguneak» ere aipatu ditu. «All Blacksek batzuetan ez dute gaitasun handirik euren joko horretatik ateratzeko, eta, hegoafrikarrei dagokienez, gutxi arriskatzeko asmo hori nabarmenduko nuke».

Uztartzeak, «funtsezkoak»

Zeelanda Berriko jokalariak fisikoki indartsuak badira ere, Hegoafrikakoak arlo horretan «indartsuagoak» direla uste du entrenatzaile bizkaitarrak. Hori horrela, uztartzeak eta fase estatikoak funtsezkoak izan daitezke txapelketa talde baten edo bestearen esku gelditzeko. «Bi selekzioen bertuteetako bat da uztartzeak irabazteko gaitasuna. Beraz, norberarenak irabaztea ez ezik zigor kolpeei izkin egitea ere funtsezkoa izango da. Hori da finalaren gakoetako bat. Fase estatikoetan, oro har, Hegoafrika zertxobait indartsuagoa da. «Detaile txikiek baldintzatuko dute finala: plakatze bat huts egiteak edo zigor kolpe bat izatea», nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.