Bi maillot hori behar dira

Alberto Contadorrek hirugarrenez irabaziko du gaur Frantziako Tourra, baina Andy Schleckek izugarri estutu du erlojupekoan

unai zubeldia
2010eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Tentsioa negarrez hasi zen atzo Pauillaceko helmugan. Bizikletatik jaitsi, Aleksandr Vinokurov taldekidea (Astana) besarkatu, bi eskuekin aurpegia ezkutatu, eta lurrera begira, negar batean hasi zen Alberto Contador (Astana). Poltsikoan zeukan Frantziako Tourra, hirugarrena. Sufrituena. Ikusleen begietara, ederrena. Batzuek aurkakoa esango dute, baina hunkigarria da txapeldun handi bat negarrez ikustea; tanta bakoitzean tentsioa nola askatzen duen nabaritzea. Keinu horrek zaleengana gerturatzen du mitoa. 52 kilometroko erlojupekoan ikaragarri sufrituta ziurtatu zuen Contadorrek Tourreko hirugarren garaipena. Gehienek borroka Tourmalet gainean amaitu zela uste zutenean, erlojupeko espezialista bihurtu zen atzo Andy Schleck (Saxo Bank), bigarren sailkatua.

Zortzi segundo, sei, lau, bi... Frantziako Tourra amaitzeko 125 kilometro eskas falta zirenean, bi segundo besterik ez zeuden Contadorren eta Schlecken artean. Horrekin dena esanda dago. Ez zuen ordubete ederra igaro atzo Contadorrek bizikleta gainean. Bordele eta Pauillac artean 52 kilometro, eta espainiarrarentzat lehen erreferentziak txarrak. Ustez minututik gora galdu behar zuena, bi segundo aurretik. Zortzi segundoren errenta zeukan Contadorrek erlojupekoa hasi aurretik, baina Schleckek hankaz gora jarri zuen Tourra 18. kilometroan. 23.10 minutu Schleckek; 23.12 minutu Contadorrek. Itzulia sei segundoren bueltan zegoen. Sei, bost, lau, hiru, bi... 25. kilometroaren jiran, erlojupekoan sei segundo aurretik zen Schleck anaietan gazteena; kenketa eginda, sailkapen nagusian bi segundo eskas Contadorren alde.

Hamar minutuko tentsioa izan zen, bigarren erreferentzia puntura iristerako erlojupekoan sei segundo aurretik zelako Contador. Baina espainiarrak berak onartu zuen une batean «dena galduta» ikusi zuela. Ordurako erlojupekoa irabazita zeukan Fabian Cancellarak (Saxo Bank). Goiz-goiz irten zen suitzarra, eta, larri samar, baina helmugan hamazazpi segundo atera zizkion Tony Martini (Columbia). Eguzkiak gogotik lan egin zuen minutuek aurrera egin ahala, eta haizea ere nabarmen indartu zen. Inor ez zen gerturatu euren denboretara, eta, horrenbestez, aitzin-etaparen ondoren, aurtengo Tourreko bigarren etapa garaipena lortu zuen Cancellarak.

Baina atzo garrantzi handirik gabekoa bihurtu zen xehetasun horretatik haratago, chapeau, chapeau eta chapeau bi txapeldun handientzat. Txalo zaparrada merezi du Contadorrek; eta omenaldirik beroena Schleckek. 39 segundo. Katea ateratzen eta sartzen behar den denbora. Horixe da bien artean egon den aldea. Zalaparta sortu nahi dutenentzat hortxe dago datua: Contadorrek 39 segundo atera zizkion Schlecki Bagneres de Luchonen amaitu zen etapan. Patuak hala nahi izan du, eta espainiarrak alde horixe aterako dio gaur luxenburgotarrari Parisko podiumean. Contadorrek jantziko du maillot horia, hirugarrenez, baina bi maillot hori merezi ditu aurtengo Tourrak.

Oker txiki bana izan dute biek: Arenbergen amaitu zen etapan, bizikletako galgarekin arazoa izan zuen Contadorrek, eta azken hiru kilometroetan geratu beharrean, egurrean jarraitu eta hogei segundo eder galdu zituen helmugan. Schleckek, berriz, katearekin izandako arazoak albo batera utzita, aitzin-etapan egin zuen herren. Erabat lan kaskarra eginda, 1.09 minutu galdu zituen helmugan, eta Contadorrek berak 42 segundo kendu zizkion. Tourreko gainerako 19 etapetan espainiarra baino hiru segundo azkarrago ibili da Schleck.

Mentxoven erakustaldia

Podiumeko hirugarren koska balantzaka zegoen atzoko etaparen aurretik. 21 segundoren errenta zeukan Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi), baina erlojupekoetan espezialista handia dena zeukan atzetik: Denis Mentxov (Rabobank). Bada, errusiarrak erlojupekoa hasterako uxatu zituen zalantza guztiak. 18. kilometroan 48 segundorena zen aldea, Mentxoven aldekoa; 36. kilometroan 1.21 minuturena zen aldea; 1.45ena; eta helmugan bi minuturena. Sanchezen kaltetan, Mentxov igoko da gaur podiumera.



Protagonistak

IRABAZLEA

F. Cancellara

Aurten ere egin du berea

Jaioteguna. 1981eko martxoaren 18a.

Jaioterria. Berna (Suitza).

Ibilbidea. Mapei (2001-2002), Fassa Bortolo (2003-2005), CSC (2006-2008),eta Saxo Bank (2009tik).

Garaipen garrantzitsuenak. 2003an Romandiako Tourreko eta Suitzako Itzuliko etapa bana; 2004an Tourreko aitzin-etapa; 2005ean Paris-Nizako etapa bat; 2006an Paris-Roubaix eta Munduko Txapelketako erlojupeko proban urrea; 2007an Suitzako Itzuliko bi etapa, Tourreko beste bi, eta Munduko Txapelketako erlojupeko proban urrea; 2008an Milan-San Remo, Suitzako Itzuliko bi etapa, Tourreko etapa bat, eta Olinpiar Jokoetako erlojupeko proban urrea; 2009an Suitzako Itzulia eta bi etapa, Tourreko etapa bat, Vueltako bi etapa eta Munduko Txapelketako erlojupeko proban urrea; 2010ean Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, Suitzako Itzuliko etapa bat eta Tourreko bi.

EGUNEKO ALDAKETA

Eguraldia
Alberto Contador da lider izanda Tourreko azken erlojupekoan posturik txarrena lortu duen txirrindularia. Baina atzoko etapan eguraldiak izan zuen aldaketa dago xehetasun horren atzean.





Erreakzioak

Alberto Contador
Astanako txirrindularia
«Etapa hasieran asko sufritu dut, ematen ari ziren erreferentziengatik. Oso gaizki pasatu dut. Gauean ez dut batere ondo lo egin, eta askatasun momentua da hau niretzat. Gehien hunkitu nauen garaipena da».

Andy Schleck
Saxo Bankeko txirrindularia
«Datorren urtean irabazteko asmoz itzuliko naiz Frantziako Tourrera. Ez da erraza Contadorri irabaztea, baina ahal izan dudan guztia egin dut. Beti esan izan dut azken momentura arte jarraituko nuela borrokan».

Samuel Sanchez
Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Tourrean laugarren izatea ondo dago, baina Parisko podiumeko argazkian irtetea izango zen politena. Lasai nago, hala ere, ahal izan dudan guztia egin dudalako. Denis [Mentxov] askoz gehiago izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.