Gaurtik aurrera, ordea, inork ez ditu gogogoratuko gorabehera horiek. Greene eta Montgomery: kirol legez 9,80ko muga hausteko gai izan diren bakarrak. Greene ala Montgomery? Nor da esprinterrik handiena?
Txapeldunik handiena
1995ean, onenak emanda zegoen Carl Lewisi irabazi zion bigarren mailako lasterketa batean, Texasen. Inork ez zuen ezagutzen; Lewisek berak ere ez. 21 urteko gazte heldugabea zen Maurice Greene. Ezustean, Goteborgeko Munduko Txapelketarako deitu zuten, baina ez zuen gainditu lehen kanporaketa. AEBetan urtero agertzen diren esprinterretako beste bat besterik ez zela pentsatu zuten askok. Atlantako Jokoak harmailetatik ikusi behar izan zituen, baina Greenek ez zuen etsitzeko asmorik. Udazkeneko egun batean, autoa hartu eta gelditu gabe egin zuen Kansas City eta Kalifornia arteko bidea. John Smith entrenatzaile ospetsuaren atea jo, eta «munduko atletarik onena» izan nahi zuela bota zion. Smithek Ato Boldon zuen orduan harribitxi preziatuena, eta haren aldean atleta egin gabea zen Greeene. Baina taldean onartu zuen. Urtebete eskasean, munduko esprinterrik onena bilakatu zen.
1997an Atenasen urrea irabazi zuenetik, Greenek ez du aurkaririk izan txapelketa handietan: Sevillan, Sydneyn eta Edmontonen azkarrena izan da. 1999a izan zuen urterik onena. 25 urterekin, munduko marka ikusgarria lortu zuen: 9,79. Baileyren marka baino bost ehunen gutxiago; Seulgo Ben Johnsonen pare. Historiako esprinter handienen artean, bera da erregularrena, gailurrean denbora gehien egin duena. Horretarako, berezko gaiaz gain, irabazle sena eta harrokeria puntu bat behar dira. Greene pistan ikusi besterik ez dago: kaiolan sartutako lehoi gosetia dirudi, mokorrak eta sorbaldak rapzaleen etengabeko dantzan, beti mingaina erakusten. Badaki mundu guztia begira duela, eta ederki egiten du izarrarena. John Smithen eskolan erakutsi diote kirol profesionalean onena izatea ez dela nahikoa: ikuskizuna zaindu beharra dago.
Aurpegirik gabeko atleta
Iazko irailaren 14a arte Tim Montgomery ezezaguna zitzaion munduari. Greeneren belaunaldi berekoa, beti haren itzalean egin du kirol ibilbidea, zaratarik atera gabe. 2001eko Munduko Txapelketan, Edmontonen, bigarren izan zen Greeneren atzetik, 9,84ko marka bikainarekin, baina inork ez zion gehiegi erreparatu. Ezagunagoaegin zen Marion Jonesen bikote berria izateagatik. 2002ko irailaren 14an, Greeneren munduko marka ondu behar izan zuen bere burua behingoz ezagutzera emateko. Parisen izan zen gainera, Greene harmailetan zela telebista kate batentzat lanean. 79. zenbakia zeraman soinean; 78 ehunenekotan utzi zuen marka.
Ez da, ordea, Tim Montgomeryk lortutako munduko marka bakarra. Junior mailan, Ato Boldonen marka ondu zuen, 9,97 eginda, baina ez zioten baliorik eman, pistari 3,7 zentimetro falta zitzaizkiolako. Bere patua zela pentsatuko zuen. Denboraldia haiseran marka han- diak egiten zituen beti, baina gero, lasterketa garrantzitsuak iristean, ez zuen maila ematen.
Montgomeryk ez du gorpuzkera ikusgarririk: Greene baino bi zentimetro garaiagoa da, baina askoz lirainagoa. Lirainegia, Ben Johnson, Leroy Burrell, Lindford Christie edo Donovan Baileyren aldean. Gaur arte, ez du irabazle sena plazaratu, beti amore eman du Greeneren aurrean txapelketa handiak iritsi direnean. Eta ez da harrokeriatan ibili zalea. Hitz gutxikoa pistetatik kanpo, irribarrez beti, baina aurpegi triste samarra du, aldi berean. Iazko irailaren 14an garbi utzi zuen inork baino abiadura biziagoa duela zainetan. Plazagizona dela frogatzea falta zaio, eta orduan lotsatu gabe tentetu ahal izango du gandorra.
TXAPELDUNAREN TEKNIKA
Greeneren ipurtaldea
Lewis edo Baileyren ondoan, atleta txikia da Greene, baina gihartsua. John Smith entrenatzailearekin 100 metroak korritzeko modu berria landu du, Valeri Borzoven estiloa oinarri hartuta. Irteeran, burua makurtu eta gorputza aurrera botatzen du, hankekin ahalik eta indar handiena egin ahal izateko. «Auto bat bultzatzea bezala da: indar handiagoa egiten da gorputza makurtu eta pauso laburragoak eginda», azaldu du Smithek. Estatubatuarren eskolaren kontra doa, irteeran ahalik eta azkarrena zutitu eta hasieratik helmugari begiratzea baita tradizioa. 35-40 metro egiten ditu postura horretan. Horri esker, azelarazio handienaren unea besteek baino gehiago atzeratzen du. Atleta gehienek abiadura galtzen dute 60. metrotik aurrera; Greenek goiari eusten dio 70. metrora arte, eta hortik helmugaraino besteek baino abiadura gutxiago galtzen du. Hori baita txapeldunaren sekretua: azken metroetan ahalik eta desazelerazio txikiena izatea.
Estilo hori aurrera eramateko, gorputza egokitu behar izan du Greenek. Ipurtalde sendoak bi metrotik gorako pausoak egiten laguntzen dio. Greenek ahalik eta gehiena zabaltzen ditu zangoak aurrera egitean, eta hanka lurrean jartzerakoan oinazpi guztiarekin bortizki jotzen du zorua. Horrela, indar izugarriarekin egiten du aurrera. Ipurtaldeak, gainera, orekari eusten laguntzen dio. Atleta gihartsua da Greene, baina teknika landuan datza haren arrakasta.