Bi taldeak presiotik ihesi ari dira prestatzen derbia

Hiriko harresien azpiko zelaian ari da lanean Baiona, eta bihartik aitzina Hendaiara joanen da Miarritze

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2013ko otsailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pixkanaka hurbiltzen ari da Baiona eta Miarritzeren arteko euskal derbia, eta, partida berezi horri begira, prestaketa berezia finkatu dute bi taldeek. Ateak itxita ari dira entrenatzen biak ala biak. Baionan, hala ere, ateak ez daude erabat itxita: «Inoiz baino irekiago ditugu ateak, normalean itxita behar genituenean!», dio Christian Lanta entrenatzaileak, umorez. Hiriko harresien azpian dagoen zelaian ari dira entrenatzen baionarrak, eta atzo atezainak zeuden arren, 60 bat zale bildu ziren harresietan, bertatik lan saioak jarraitzeko. Postura horretatik, lau haizetara dago irekia zelaia: «Argazkiak ateratzen eta bideoak grabatzen ere aritu dira zale batzuk».

Miarritzen, berriz, ezkutuago ari dira prestatzen derbia. Gaur atseden eguna izanen dute xuri-gorriek, eta, partida berezi guztietan bezala, bihartik aitzina Hendaian izanen dira. Serge Blanco presidentearen talasoterapia-hotelean bilduko dira, eta Hendaiako errugbi zelaian lan saioa eginen dute bihar, ateak itxita. Azken lan saioa ostiral goizean eginen dute, Hendaian bertan, eta orduan emango dute hamabostekoaren berri.

Cedric Gartzia, uztartze erdian

Baionari dagokionez, ez luke egon behar ezuste handirik. Dewald Senekal ez da aritu taldekideekin batera entrenatzen, orkatilan min hartuta dagoelako. Astean zehar gimnasioko lanak egin ditu, bere kasa, eta bihartik aitzina hasiko da taldearekin batera entrenatzen. Hala ere, ostiralean zelaian egon behar luke. Gainerakoan, Mike Philips ordezkoekin entrenatzen aritu da, eta badirudi Cedric Gartziak jokatuko duela hasieratik, uztartze erdi bezala.

Miarritzek uztartze erdi postuan dauka zalantza gehien. Didier Faugeron entrenatzaileak azken asteotan ez du erabaki Lesgourgues edo Yachviliri, nori eman konfiantza. Ikusi egin beharko da derbirako Yachviliren eskarmentuaren alde egiten duen. Hegi bakarrik dago aztalkari postuan, August eta Genevois min hartuta baitaude. Thionek ere ez luke jokatu behar, Burotu eta Synaeghelek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.