Euroligak antolatutako prentsa egunaren bezperan, bere aurkezpenean esan ditu esan beharreko gehienak Pablo Prigionik (Rio Tercero, Argentina, 1977), eta lasai hitz egin du BAKH Baskonia Kirol Hirira joandako kazetariekin. Azken asteetan milaka aldiz egin dioten galdera deserosoa berriro egingo diotela jakitun bada ere.
Galdera gaiztoenetik hasita: zure etorrerak eztabaida franko eragin zuen eta du. Zer moduz daramazu kontua?
Uste dut esan beharreko guztia esan dudala. Erratu egin nintzen bere garaian, esan eta egin behar ez nituenak esan eta egin nituen; baina barkamena eskatu dut, eta hortik aurrerakoak ez daude nire esku. Ni kantxan saiatuko naiz Baskonia nirekin ez dela tronpatu erakusten, eta, gauzak ondo egiten baditut eta taldea ondo badoa, nire etorrerarekin ados ez dauden horiek gero eta gutxiago izatea espero dut.
Aurkezpen egunean esan zenuen bi urteko bidaia bat egin eta etxera bueltatu izan bazina bezala bilatu zenuela taldea, apenas sumatu zenuen aldaketarik.
Hala da. Baskonia Kirol Hiria ez nuen ezagutzen, baina beste guztia bai: Josean [Kerejeta, presidentea], langile gehienak, taldekide batzuk eta komunikabideetako langileak berberak zaretela esango nuke. Bi urtean ezer gutxi aldatu dela sentitzen dut. Bi urte zaharragoa naizela [barrez].
Jendea asko harritu zen Baskonia zurekin tratuan zebilela jakitean, eta are gehiago zure etorrera baieztatu zenean. Nola bizi izan zenuen zuk prozesu hori?
Nik baneukan Baskoniaren interesaren berri publiko egin baino lehenago. Marcelinho Huertasek taldea utz zezakeela esan zidaten, eta orduz geroztik zer gertatzen zen adi egon naiz. Banituen beste eskaintza batzuk, baina Baskoniarekin zer gertatu zain egon nintzen, nire lehen aukera Gasteizera bueltatzea zelako, maila goreneko talde lehiakor batera bueltatzea.
Taldeak zu fitxatu ondoren, zer hausnarketa egiten duzu? Zer asmorekin bueltatu zara sei urtez zure etxea izan zenera?
Lehiatu, lana egin, tituluak irabazi. Hemen ez dago besterik, eta denok dakizue ondo ezagutzen dudala Baskoniaren lan filosofia.
Baskonian joko antolatzaileak duen garrantziaren jakitun zara. Thomas Heurtel ere fitxatu du taldeak, baina bistakoa da aginte makila zeuk edukiko duzula.
Ni ez naiz nagusi sentitzen. Gauzak garbi ditut, eta badakit zein den nire zeregina: taldekideak elikatu, haiek saskiratzeak lor ditzaten. Beraiek gustura badaude, ni ere bai. Joko antolatzaile batek taldearen hobebeharrean pentsatu behar du beti, ez bere zenbakietan.
Zer moduz moldatu zara Thomas Heurtelekin?
Ondo. Gaztea da, baina ikasiko du. Joko antolatzaileok etengabe ikasten dugu, eta, urtez urte, gure jarduna hobetzen dugu. Fisikoki oso indartsua da, eta buruz ere bizkorra.
Sekretu asko irakatsi al dizkiozu?
Agian berak erakutsi beharko dizkit niri. Berak nirekin ohitu beharko duen moduan, ni ere berarekin ohitu beharko naiz. Berarekin eta beste taldekide guztiekin. Taldea egin berria da, eta horrek moldatze prozesua ekarriko du ezinbestean.
Jokoz eta, zer moduz zaude?
Ondo. Ameriketako Torneoa irabazi dut selekzioarekin, eta han gustura aritu naiz. Egia da jokalari guztiak ondo ezagutzen ditudala dagoeneko: Scola, Chapu Nocioni, Manu Ginobili… Hemen denbora apur bat beharko dut feeling berbera lortzeko, baina etorriko da.
Zure adinari erreparatu, eta zure onenak emandakoak zarela pentsatuko dute batzuek.
Baliteke, eta errespetatu beharreko iritzia da. Nik esan dezaket asko zaintzen naizen jokalari profesionala naizela. Asko erreparatzen diot elikadura onari, atseden hartzeari, eta ez dut gehiegikeriarik egiten. Badakit neurri ona emateko funtsezkoa dela fisikoki ondo egotea, eta, orain arte, zaindu naizelako saihestu ditut lesio larriak. Antzera segitzea espero dut [esaldi hori esaten duen bitartean, Gasteiz Irratiko Rafa Muntion esatariaren burua ukitu du, «egurra ukitzen dut» esanez].
Dusko Ivanovic entrenatzaile dela, badakizu zer dagoen. Alegia, fisikoki bete-betean egongo ez bazina, ez zinatekeela Baskoniara bueltatuko.
Horregatik eman dizut aurreko erantzuna. Hona denbora-pasa eta dirua irabazteko asmo hutsez ezin da etorri, jai duzulako. Duskok asko eskatzen du, baina normala da hori egitea. Hori jakinda, zuk aukeratzen duzu nora joan, eta, etortzen bazara, zertara zatozen ere bai. Erretiro lasaixeagoa nahi izan banu, ez nintzatekeen Gasteizera etorriko. Bi urte on geratzen zaizkit, eta tarte horri zukua atera nahi diot. Zer hoberik elitean dagoen talde batera etortzea baino.
Zer moduz ikusten duzu taldea? Urtero legez, aldaketa asko egon dira udan. Goian ibiliko al da Baskonia berriro?
Nik baietz uste dut. Baskoniak beti jasaten ditu aldaketa handiak sasoi batetik bestera, eta beti sailkatzen da ligako lau talde onenen artean. Horrek ez du zertan aldatu denboraldi honetan. Talde hau onenekin lehiatzen ohitua dago, eta berriro hala gertatzea espero dut. Egia da Lamperen lesioa kolpe handia izan dela, baina, 3 eta 4 postuetan jokatuko duten jokalari multzoari erreparatu, eta alor horretan oso talde indartsua dugula uste dut. Seraphin izan da etortzen azkena [Dorseyren fitxaketa baieztatu aurrekoa da elkarrizketa], eta beste pibot sendo bat etortzen denean, talde ona izango dugu.
Zer moduz Kevin Seraphinekin? Morrosko handia da.
Bai; ez nuen ezagutzen, baina lan saio pare batean egiten dituen blokeo gogorretan trabatuta geratu naiz.
Saskibaloia. Espainiako Kopako euskal taldeak. Pablo Prigioni. Caja Laboral Baskoniako jokalaria
«Bi urte on geratzen zaizkidalako bueltatu naiz»
Bi borrokatan dabil Pablo Prigioni: batetik, kantxako lehian; bestetik, kantxatik kanpo, Baskonia utzi eta Real Madrilera joanda haserretu zituen zaleak konbentzitu nahian. Lehenbizikoa irabazia duela dio, seguru: «Baskonia goi-goian egongo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu