Euskal Herriko Itzulia. Laugarren etapa: Eibar-Ibardin

Bi zauritu larri leherketan

Joaquim Rodriguez nagusitu da Ibardin gainean, eta lider jarri da; bederatzi segundo galdu ditu Samuel Sanchezek, eta 21 Hornerrek

Joaquim Rodriguez txirrindulari kataluniarra (Katuxa), eskuin eskua altxatzen, Ibardin gaineko helmugan, Itzuliko laugarren etapa irabazi berritan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Bera
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Chris Horner (RadioShack) eta Tony Martin (Omega Pharma) larri zaurituta eraman zituzten atzo euren hoteletara, Ibardin gainean izandako leherketaren eraginez. 17:30 aldera gertatu zen ezbeharra, eta jantzita zeraman elastiko horia kenarazi bazioten ere, gertakaritik osorik atera zen Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi). Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Joaquim Rodriguez Purito (Katuxa) dago leherketa horren atzean, eta, itxura guztien arabera, aurretik ere antzeko leherketak sortua da kataluniar txikia.

Purito-rentzat neurri-neurrira egindako aldapa motz baina gogorra zeukan gordeta atzo Ibardinek (tabernatik eta dendak dauden gunetik ezkerrera hartu, eta kilometro bat gora), eta Katuxako taldeburuak ez zuen hutsik egin. Helmugara iristeko 300 metro inguru falta zirenean jo zuen erasoa Rodriguezek, aurretik Wouter Poelsek (Vacansoleil) eta Sergio Luis Henaok (Sky) sortutako suari egur gehixeago botata. Horrelako aldapa motz eta itoetan ez dauka parekorik kataluniarrak. Potentzia handia dauka hanketan, eta erdi itota utzi zituen Sanchez, Horner, Martin eta gainerakoak. Iaz Zumarragan, Antiguan gora, jo zuen antzeko erasoa, eta liderraren maillota jantzi zuen orduan ere.

Tekniko samarra bada ere, azken erlojupekoa dauka kontra. Baina gaur Oñatin amaituko den etapan faboritoen artean gerta daitekeena gorabehera, sailkapen nagusian aspaldiko sakabanaketarik handienarekin iritsiko da Itzulia azken etapara. Rodriguezekiko bederatzi segundora dago Samuel Sanchez; 21era dago Horner; 24ra Robert Kiserlovski (Astana) eta Henao; 28ra Lars Petter Nordhaug (Sky) eta Michele Scarponi (Lampre)... 18,9 kilometroko azken saio horretan minututik gora galtzeko arrisku latza dauka Rodriguezek, eta Samuel Sanchez eta Hornerren arteko lehia estua aurreikus daiteke. Urrutiegi geratu baitira Jurgen Van den Broeck (Lotto), 29 segundora eta Tony Martin (Omega Pharma), 33ra.

Euria, hotza eta mendateak. Zalapartarako menu ederra zeukaten atzo txirrindulariek, eta bikaina izan zen etapa, hasi eta bukatu. Hori bai, aurreko etapetan baino gehixeago kostatu zitzaien ihesaldia sortzea. Eugeni Petrovek (Astana) jo zuen erasoa Itziarren, eta Petrovek berak segitu zuen egurrean gero, Orio parean. Berak sortu zuen sua, eta eraso festan, kostata, baina azkenerako sortu zen bost laguneko taldea: Petrov bera, Maciej Paterski (Liquigas), Diego Ulissi (Lampre), Marcos Garcia (Caja Rural) eta Angel Madrazo (Movistar) zeuden aurrean.

Aritxulegin gora bi minuturen aldea ere izan zuten aurreko bostek, baina Greenedge eta Patxi Vila beratarra (Utensilnord-Named), bereziki, borrokarako zeuden atzo. Euskaltel-Euskadik une oro kontrolpean izan zuen ihesaldia, baina aurreko taldea puztuz-puztuz joan zen Ibardingo lehen igoerara arte. Wesley Sulzberger eta Simon Clark (Greenedge) aurrera joan ziren Aritxulegin; geroxeago Vila eta Giampaolo Caruso (Katuxa) saiatu ziren Aginan behera; eta Michael Albasini (Greenedge) ere iritsi zen atzetik.

Mugimendu hori ikusita, Igor Anton eta Gorka Verdugo ere aurrera joan ziren, Euskaltel-Euskadiri azken kilometroetan lana pilatu ez ziezaion. Errepideak berak jarri zuen, ordea, bakoitza bere lekuan. Herritarren indarrak hauspotuta, saiatu zen Vila aurrekoekin bat egiten; eta lortu zuen. Baina, gainerakoak lehertuta, Clark, Albasini, Petrov eta Sorensen iritsi ziren aurrean Ibardingo azken igoerara; laukote bihurtu zen hasieran hamarrekoa zen taldea.

Omega Pharma tiraka

Hogei segundo eskasen aldearekin hasi ziren Ibardin igotzen. Kontrol lanerako justu antzean iritsi zen Euskaltel-Euskadi azken zatira, Mikel Astarlozaren laguntza besterik ez zeukalako Samuel Sanchezek. Baina, kilometro batzuk lehenago egin bezala, Omega Pharmak hartu zuen ardura igoeran.

Helmugara iristeko hiru kilometro falta zirenean harrapatu zuen tropelak azken iheslaria, Albasini. Maxime Monfortek (RadioShack) jo zuen erasoa lehenengo; Frank Schleck taldekideak gero; Poels eta Henao berotu ziren atzetik; baina kataluniar txikiak sortu zuen gero leherketa; zaurituak eragin zituen leherketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.