Biak gustura eta prest

Xalak eta Barriolak oso pilota desberdinak aukeratu dituzte, baina erabat konforme geratu dira

Barriola eta Xala, umoretsu, hautatutako pilotak esku artean dituztela, atzo, Eibarren. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Olaizola II.ak eta Irujok bihar jokatuko duten partidaren aldean, oihartzun gutxi sortu du etziko Xalaren eta Barriolaren artekoak. Hori ederki igarri zen atzo Eibarko Astelena frontoian egin zuten pilota aukeraketan. Kamera eta kazetari gutxiago elkartu ziren, eta tentsio aldetik ere nabaritu zen aldea. Neurketa, ordea, oso da garrantzitsua, konfiantza handia ematen baitu finalerdietako ligaxkari ongi ekiteak, eta Lekuinekoa zein Leitzakoa ilusioz eta gogotsu daude horretarako. Piloten aitzakiarik, bederen, ez dute izango, oso ezberdinak aukeratu arren konforme erretiratu baitziren aldageletara.

Xalak, egungo buruz buruko txapeldunak, ohiko pilotak izango ditu saskian: «Nik ez dut deus aldatu. Nahiko material arina hautatu dut, aurkariarena baino biziagoa. Bereak askoz ere astunagoak dira, baina jokatzeko egokiak». Lekuinekoarenak lurrean gehiago ibiltzen dira; alegia, bizkorragoak dira. Barriolarenak, berriz, motelagoak, baina azkarrago irteten dira frontisetik. Pilota horiekin garbi dago zein den bakoitzaren jokoa. Leitzarra lehia luzatzen saiatuko da, eta Xala tantoa azkar amaitzen.

Ezaugarri desberdineko bi pilotarik neurtuko dituzte indarrak. Xala, aurrelaria da; eta Barriola, atzelaria. Egungo pilotekin zein jokoarekin, gero eta zailagoa da atzelari bat onenen artean sartzea, baina leitzarra ongi moldatzen da aurreko koadroetan. Zenbakiei erreparatuta, bera daatzelaririk onena banakako txapelketetan. Hori bai, garbi dauka zein den bere jokoa: «Tantoa bukatzen gaizki moldatzen ez banaiz ere, nire zeregina aurkaria frontisetik urrun mantentzea da; bestela, ez dut irabaziko. Aireko jokoa kendu beharko diot». Final-laurdenetan Retegi Bi kanporatu zuen (22-20), eta orduan baino gehiago asmatu beharko du irabazteko.

Xalak zazpi urte daramatza kaiolan lau onenen artean sartu gabe. 2005ean finala jokatu zuen, eta Olaizola II.ak aise menderatu zuen (22-5). Geroztik ez du aparteko jokorik erakutsi, eta bera baino maila eskasagoko pilotarien kontra galdu izan du behin baino gehiagotan. Buruz buruko txapelak, baina, esperientzia eta sendotasuna eman diola dirudi. Faboritotzat, hala ere, kontrarioa jotzen du: «Irabazteko hautagai nagusia Barriola da. Distantzia motzean bikain moldatzen da. Ni presiorik gabe ariko naiz, eta hori onerako izango dut». Saralegi eta Titin III.a kanporatu ditu Lekuinekoak.

Konfiantzaz beterik dagoela garbi dago, baina kontu batekeragiten dio beldurra: «Abelek bezala inork ez du baliatzen sakea. Sekulako abiadura ematen dio, eta norgehiagoka Eibarren dela aintzat harturik, fin ibili beharko naiz errestoan». Retegiren kontra zortzi tanto egin zituen sakez leitzarrak, eta horri esker irabazi zuen. Xala, halere, ongi moldatu izan da beti sakeak eramaten.

Lau t'erdian behin bakarrik jokatu dute elkarren kontra, orain dela zazpi urte. Orduan 22-5 irabazi zuen Barriolak, eta Xalari ezertarako aukerarik eman gabe, gainera. Datu horrek ezer gutxirako balio du, ordea, eta «kontuak asko aldatu» direla uste du leitzarrak. Binakako txapelketan elkarrekin osatu zuten bikotea, eta orain aurrez aurre ariko dira. Sinatuko lukete final preziatuan berriro elkar ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.