Bidaia ona izan dadila

Baionak Racingen aurka jokatuko du gaur gauean Parisen (20:00).Lapurtarrek oraindik ez dute partidarik irabazi etxetik kanpo

Martin Bustos Moyano, baloia kokatzen, denboraldi honetako partida batean. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bidaiatzeak ez dauka deus txarrik, berez: leku berriak ezagutu, eguneroko bizimodutik ihes egin, testuinguru desberdin batean sartu… Baionak, baina, ez du bidaiatzeko dohainik. Iragan sasoian, Miarritzen bakarrik irabazi zuen. Bidaia laburra, alabaina. Sasoi honetan, berriz, aldi oro porrotarekin itzuli da etxera.

Joera hori uzkaili nahiko dute xuri-urdinek gaur, Parisen, Racingen aurka (20:00). Emaitza ona lortzeko parada dute, Frantziako hiriburuko taldea ahulduta egonen delako, egun berean selekzioek jokatuko baitute. Dumoulin, Dulin, Thomas, Le Roux, Lydiate, Sexton… horiek guztiak ez dira ariko gaur Racingen.

Baionan, hala ere, zuhurtzia da nagusi. «Egia da Racing ahulduta dagoela, baina guk ere bi jokalari falta ditugu». Arrazoia dauka Patricio Noriega entrenatzaileak, Ollivon Spedding Frantziako selekzioarekin ariko baitira, Fijiren aurka.

Hala ere, aldea badago Racingen hutsuneen eta Baionakoen artean. Pariskoek, adibidez, zailtasunak izan dituzte gibeleko lerro oso bat zelairatzeko, eta aulkia harrobiko jokalariekin osatuko dute. Hasierako hamabostekoan, ordea, eskarmentuko jokalariak ariko dira: Lauret, Claasen, Andreu, Plante… Frantziako selekzioan aritutakoak dira denak.

Erronka ez da erraza izanen, beraz. Are eta gehiago, kontuan hartuta Rokocoko faltako dela. Gibeleko lerroko bi jokalari onenak faltako zaizkio Noriegari. Hala ere, anbiziorik ez du falta Baionako entrenatzaileak. «Irabazteko asmoz goaz Parisera. Astero hori da helburua».

Otazoren itzulera

Noriegak aldaketa anitz eginen ditu joan zen astean Clermonti irabazi zion hamabostekoarekin alderatuta. Gaurkoaren ondotik, bi asteko atsedena izanen du Baionak. Oporrak iritsi baino lehen jokalari guztiak inplikatu nahi ditu Noriegak. Taele, Loustalot, Van Rensburg eta Vakak hasieratik aritzeko aukera izanen dute; Foketi, aldiz, aulkian izanen da, baina pentsatzekoa da jokatuko duela.

Aldaketa horien artean erranguratsuena, ordea, Otazorena da. Ziburuko irekitzaile gazteak 19 urterekin egin zuen debuta Baionan. Azken bi sasoiak, baina, zelaietatik kanpo pasatu ditu, hamaika lesio izan baititu belaunetan. Hunkituta mintzatu da Otazo, bere itzuleran. «Une batez, errugbia uztea pentsatu nuen. Garai biziki zailak izan ditut, eta sekulako harrotasuna da berriz ere hasieratik aritu ahal izatea». Talentu izugarria dauka Otazok, eta jokalari profesional gisa bide oparo bezain luzea egitea baizik ezin zaio opatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.