Bidasoak Europako Ligan jarraituko du, galdu arren

Astindua jaso du Fuechseren pistan (35-23), baina Petrovek eta Pfadik galdu izanak sailkatzea ekarri dio

2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
ESKUBALOIA. Bidasoak Europako Ligako final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko du. Bi partida falta bazaizkio ere multzoen fasea amaitzeko, eta atzo Berlinen galdu egin bazuen ere Fuechseren aurka (35-23), sailkatu egin da. Horretarako behar zen baldintza bete egin zen atzo bertan: Pfadik eta Tatran Presovek galdu egin zuten Tolosaren eta Wislaren aurka, hurrenez hurren.

Irungo taldeak atzo galdu egin zuela aurreikuspenetan sartzen zen. Izan ere, hainbat jokalari garrantzitsuk ez zuten jokatu, minez direlako, eta Berlingo taldea Europako indartsuenetako bat da. Harrobiko gazteek beste aukera bat izan zuten, eta esperientziaren zakua bete itzuliko dira etxera, hazteko bidean.

Bestalde, Anaitasunak atzo jakinarazi zuen Quique Dominguez entrenatzailearekin tratua egin duela kontratua berritzeko. Hiru denboraldi gehiago egingo ditu gutxienez Iruñeko taldean, 2025era arte. 2020an hasi zen Anaitasunan lanean. Lehen denboraldian, hamargarren sailkatu zen taldea Asobal ligan, eta oraingo honetan, bederatzigarren doa. Espainiako Kopa jokatzeko sailkatuta dago, horrez gain.«Egunero jarraituko dut lanean Anaitasuna gero eta klub hobea izan dadin», adierazi zuen atzo bertan Galiziako entrenatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.