Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Castro

Bidea aurkitu nahi du

Castro, traineru onenetakoa izandakoa, atzeko aldean ibili zen iaz San Miguel ligan, eta ez dauka garbi bere lekua zein denJose Antonio Cuero da entrenatzaile berria, eta beteranoz josita dago taldea

Castro, iaz, Pasai Donibanen, Iberdrola Banderan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Duela hiru urte, 2009an, Castrok bereak eta bi egin zituen San Miguel ligan. Hamahiru aldiz izan zen aurrena. Muturraren muturrean zegoen. Hurrengo urtean, txukun ibili zen; laugarren bukatu zuen, eta behin bakarrik izan zen lehen postuan. Iaz, goitik behera erori zen, eta azken-laugarren amaitu zuen: behin bakarrik sailkatu zen zazpigarren postutik gora. Mutur batetik beste muturrera joateko, gutxi falta izan zitzaion.

Bilakaera horren atzean diru falta dago. Lehen, dirua zuen, eta orain, ez. Lehen, arraunlari onenekin eta entrenatzaile ezagunekin osatzen zuen taldea. Orain, berriz, herrialdean makina bat buelta eman duen arraunlari bati eman dio ardura: Jose Antonio Cuerori. Iaz arraunlari aritu zen taldean, eta aurten bietatik egingo du. Filosofia aldaketa. Urruti daude Jose Luis Korta, Juan Mari Etxabe eta Joseba Fernandezen aroak, orain gutxi izan arren.

Leku batetik bestera mugitu behar horretan, bere burua non kokatu ari da kluba. Nahi du gora itzuli berriz, baina baliabideek ezetz esaten diote behin eta berriz. Hortaz, uretan tokatzen zaionarekin etsi beharrean da. Ez dira garai onenak Castron.

Zalantza horretan, aurtengo helburuez galdetzen zaie, eta ez dakite garbi esaten zer nahi duten. Uretan ikusi nahi dute zertan dabiltzan. Lehen, garai loriatsuan, azkar esaten zuten banderak irabaziko zituztela. Orain, ez. Iaz, susto handi samarra hartuta ibili ziren, jaisteko postuetatik gertuegi une batzuetan. Horregatik, atzeko leku horietatik urruntzeko nahia dutela esaten dute aurrena. Gero, gerokoak.

Baliabideen urritasun horren bultzadaz, ziurrenik, beteranoengana jo dute taldea osatzeko. 40 urtetik gorakoak ere badira tostetan, lehen ibiliak. Eta 40 urtetik gertu daudenak ere dezente dituzte. Urte batzuetan arraun egin ez, eta orain berriz ere lanera, non eta mailarik onena duen ligan. Ikusi egin beharko da denboraldi luzean nolako bidea egiten duten, baina ur handitan sartu ez ote diren...

Beteranoen kontrakarrean, gazteak daude. Beste talde batzuetan ibili behar izan dutenak, Marinera loriatsua kanpokoez gainezka zegoelako. Gosea eta indarra emango diote taldeari.

Uztartze horretatik zer aterako den, batek daki. Denboraldi-aurrean, Kantabrian ibili da lehian, etxean, eta Pedreñarekin eta Astillerorekin lehia estuak eduki ditu. Ez dira datu txarrak, baina beste biak nola dabiltzan ere inork ez dakienez...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.