Kirolbet Baskonia 80-85 Olympiakos

Bidea inoiz ez da erraza

Baskoniak erreakzio ona izan du azken laurdenean, baina ezin izan du jan Olympiakosen errenta ona. Lehen porrota du Euroligan

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Kirolbet Baskonia. Huertas, Hilliard (8), Shields (2), Voigtmann (2), Poirier (10)—hasierako bostekoa— Granger (17), Vildoza (7), Janning (6), Gonzalez,Garino (5), Xengelia (21) eta Diop (2).

Olympiakos. William Goss (11), Spanulis (11), Timma, Printezis (5), Milutinov (23)—hasierako bostekoa— Strelnieks (10), Toupane (11), Papanikolau (8), Vezenkov (4), Mantzaris, Leday eta Bogris (2).

Markagailua. 19-27, 39-50 (atsedenaldian); 52-67 eta 80-85.

Epaileak. Boltauzer, Latisevs eta Balak. ez zuten inor kanporatu faltengatik

Bestelakoak. 10.327 ikusle Buesa Arenan.

Gasteizko Lauko Finalerako bidea ez da erraza izango. Inork ez zuen esan hala izango zenik, baina Olympiakosek, badaezpada ere, lezio hori gogorarazi zion atzo Baskoniari. Sasoi honetan David Blattek zuzentzen duen taldeak partida oso fisikoa planteatu zuen, erasoan zein defentsan, eta gaina hartu zion Baskoniari. Etxekoek erreakzio ona izan zuten azken laurdenean, baina ez zen aski izan, Olimpiakosek errenta handiegia pilatu zuen lehen hiru laurdenetan.

Baskoniak partida deserosoa izan zuen atzo. Euroliga horrelakoa da, eta Olympiakosekin ezer ez da erraza. Are gutxiago epaileek besoak eta giharrak erabiltzen utziz gero. Horren eraginez, kanpokoek nahi zuten erritmora jokatu zen lehen hiru laurdenetan. Baskonia atzetik korrika eta mihia kanpoan zuela joan zen ordu erdiz. Hirugarren laurdenaren amaieran 52-67 zen atzetik, eta Xengelia eta Grangerren buruz buruko jokaldiak ziren puntuak sartzeko bide ziur bakarrak.

Blattek aulkietako partida irabazi zion Martinezi, eta hori gutxi ez balitz, zehatzago ibili zen hirukoetan. Sentipenak txarrak ziren, eta astinduak oso handia izan zitekeela zirudien. Ordura arte ondorio positibo gutxi atera zitezkeen, baina azken laurdenean Baskoniak berezko duen hori atera zuen: izaera. Beste guztiak kale egiten duenean adorea plazaratzen espezialista da Gasteizko taldea eta hori egin zuen, zonakako defentsak lagunduta.

Azken laurdena ederra izan zen. Baskonia hazi egin zen, eta tartea murriztu zuen minutuz minutu (64-73, 35.min. eta 68-73, 38. min.). Berriz ere Xengelia (21 puntu), eta Granger (17 puntu) izan ziren ardura hartu zutenak, eta Poirierrek (10 puntu) lagundu egin zien. Bi pibotek seina puntu sartu zituzten laurden erabakigarrian, eta Grangerrek zortzi. Olimpiakos, aldiz, txiki egin zen, Baskoniaren hatsa nabari zuen lepoaren atze aldean eta erasoko argitasuna galdu zuen.

Olympiakosek, baina, Europako soroslerik onena du halako egoeratarako. Vassilis Spanulisek baloia eskatu zuen, eta bere erritmo motelean jokatzen hasi zen. Hiru minutu falta zirenean bost puntuko aldea zuen Olimpiakosek, ordura arte eginiko lan onaren saria, eta Spanulis edo Printezis bezalako zakur zaharrak izanda, errenta hori amildegia da. Antolatzaile beteranoak, gainera, bazkide gazte bat aurkitu du: Nikola Milutinov pibota. 23 puntu sartu zituen hark, eta Spanulisek emaniko zortzi asistentzietako asko berak jaso zituen.

Spanulisek, baina, ez du den-dena ondo egiten. Azken minutuan Poirierrek baloi bat lapurtu zion, eta hiru puntura gerturatu zuen Baskonia (78-81, 39. min). Miraria posible zen, baina mirariek hori dute, gutxitan gertatzen direla, eta Olimpiakosek zentzu handiz jokatu zituen azken jabetzak. Merezita irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.