Azken hiru urteetan errepikatu egin da Oriok eta Arraun Lagunak-ek elkarren artean duten lehia. 2020an Oriok irabazi zuen Euskotren liga, 2021ean Arraun Lagunak-ek, eta 2022an Oriok berriro. Aurten, Donostiako taldeak du aukera gehien liga eskuratzeko. Talde onak daude Euskotren ligan, baina ez dago bi talde horiek baino sendotasun handiagoa duenik. Banderak astintzera ohituta dauden bi talde horietan aritu dira Itziar Olasagasti (Orio, Gipuzkoa, 1989) eta Ane Pescador (Errenteria, Gipuzkoa, 1992).
Bien artean lehia egon arren, Arraun Lagunak ligako lehen jardunalditik egon da lehen postuan, eta egoera pribilegiatu batean daude. Pescadorrek dio «hazten» ari dela Arraun Lagunak. «Liga oso indartsu dagoela uste dut. Talde batzuk irregularragoak ari dira izaten, eta Arraun Lagunak da erregularrena, zalantzarik gabe. Orio estropada onak egiten ari da, Tolosaldea eta Donostiarrak ere egin dituzte halakoak, baina, arraunkera aldetik, nagusitasun handiarekin ikusten dut Arraun Lagunak».
Olasagastik ere hobe ikusten du Arraun Lagunak, eta dio taldea «behetik gora» doala. «Orio arrastaka hasi zen, eta kosta egin zaio bere maila aurkitzea. Arraun Lagunak, aldiz, askoz ere erregularrago dabil. Taldea sendo dago, eta Orio nahi eta ezinean ibili da».
Asko dago erabakitzeko geratzen diren estropadetan, eta egungo txapelduna, Orio, estu dago. Sei punturen aldea dago lehen bi sailkatuen artean, eta Arraun Lagunak txapeldun izan daiteke asteburu honetan. Olasagastiren arabera, aldea izatea «beti da ona», baina uste du liga oraindik ez dagoela erabakita. «Ikusi dugu edozein hutsegitek puntu asko balio dituela. Ez dago itxita, eta Galizian dena estu egongo da. Orio ezagutzen dut, eta ez du etsiko. Zarauzko estropada iritsiko da ondoren, eta horretan Oriok irabazi du azken lau urteetan». Pescadorren ustez ere puntuen aldeak «lasaitasuna» emango dio Arraun Lagunak-i, baina uste du liga irabazi arte tentsioan egongo direla. «Arraun Lagunak-ek huts egiteko aukera du, baina Oriok ez. Egoera horretan izan naizenean, ahalik eta gauza gehien irabazi nahi izaten da, eta aldea handitu daiteken bitartean, presioa beti dago hor».
Gauzak aldatu egin dira bi taldeetan. Iaz Arraun Lagunak-ek talde sendoa zuen, baina Pescadorrek dio hainbat arlotan jauzia egin dutela. «Iaz izugarrizko taldea zegoen, eta inoiz ikusi ez ditudan denborak egiten zituzten entrenamenduetan. Astakeria bat zen. Baina konfiantza falta zuten, eta hori estropadetan islatu egiten da. Arrauna ez da matematika, eta psikologikoki prestatuta egon behar duzu. Alde horretatik, aurten izugarrizko aurrerapausoa eman dute, eta estropada guztietan konfiantzaz ateratzen dira, hozka egitera». Gaineratu du agian hori ari zaiola faltatzen orain Oriori.
Orioren kasuan, bloke berdina mantendu dute, baina emaitzak ez dira berdinak izan. «Taldea lehengo urtekoaren oso antzekoa da, eta iaz Euskotren liga eta Kontxa irabazi zituzten. Esperientzia duen jendea dute, baina antsietatea izan dutela uste dut. Kanpora oso ondo joaten dira, baina barrura aurreko urteetan baino gehiago ari zaie kostatzen. Hala ere, aurrea hartu dutenean ondo irabazi duela ikusi da», azaldu du Olasagastik.
Karanbola eman beharko da
Asteburu hau ligako azken-aurrekoa izango da jaitsierako kanporaketak jokatu aurretik. Bi estropadak Galiziako uretan izango dira, eta, ondoren, Zarauzko bandera etorriko da. Olasagastiren ustetan, «karanbola handia» gertatu behar da Oriok liga irabazteko. «Estropada guztiak irabazi beharko dituzte, eta Donostiarraren eta Tolosaldearen laguntza beharko dute. Ziur nago saiatuko direla, baina oso zaila izango dute».
Pescadorrek ez dauka zalantzarik: Arraunek ez du oraindik bere onena erakutsi, eta hemendik irailera beste «aurrerapauso handi bat» emango dutela uste du. Orioren kasuan, ligan irabaztea «zaila» dutela dio, baina ez dela ezinezkoa. «Donostiarrari gertatu zaiona Arraun Lagunak-i edo Oriori gerta dakioke, eta horretan dauka abantaila Arraun Lagunak-ek. Puntuak galduz gero, Donostiarrak eta Tolosaldeak ezusteak eman ditzakete. Denak gorantza doaz, eta sekulako lehia izango da».
Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek larunbatean izango dute asteburuko lehen estropada. Beti ikuskizuna ematen duen Galiziako uretan arituko dira, Moañan (ETB1, 17:30).
Arrauna. Euskotren Liga
Bideratuta, baina ez erabakita
Lau estropada geratzen dira Euskotren liga bukatzeko, eta sei punturen aldea dago lehen bi sailkatuen artean. Arraun Lagunak dago orain aurretik, baina Oriok ez du amore emango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu