Biek dute Europa amets

Athleticek eta Osasunak helburu berbera dute denboraldi honetan. Egun, bi punturen aldea baino ez dute zuri-gorriek sailkapenean

haritz gallastegi
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Athleticek eta Osasunak aurrerapauso bat ematea jarri zuten helburua gisa denboraldia hasi zenean. Zuri-gorriek bost denboraldi daramate Europarako sailkatu barik eta ez dute denbora gehiago pasatu gura LaLigako talderik onenek lortzen duten sariaz gozatu barik. Kirol arloan aberasgarria izateaz gain, arlo ekonomikoan ere asko errazten du klubaren kudeaketa. Osasuna, berriz, hazten ari den taldea da. Jagoba Arrasateren eskutik gorengo mailara bueltatu zenetik gora egin du etengabe. Denboraldiz denboraldi hobetu egin du. Lehen urratsa mailari neurria hartzea izan zen, bigarrena onenen artean egonkortzea eta egun beste pausu bat emateko ahaleginean ari da. Joan den sasoian onenekin lehiatzeko «zerbait» falta zitzaiela ikusi zuen Berriatuko entrenatzaileak eta aurten koxka hori gainditzeko lanean ari da taldea. Horretarako, talde barruko lehiakortasuna handitu eta helburu handiagoak lortu ahal izateko mentalitatea aldatzen ari da.

Bi taldeentzat partida garrantzitsua da. Derbi bat berez baldin bada motibazio iturri, biharkoa aurkari zuzenen arteko norgehiagoka izango da; hain zuzen ere sailkapeneko sei onenen artean amaitzea gura duten bi talderen arteko borroka. Zuri-gorriak aurretik doaz, baina bi puntuko aldea baino ez dute. Ernesto Valverderen taldearentzat aldapatsua da urtearen hasiera. Osasunaren kontra indarrak neurtu ondoren Reala eta Real Madril izango ditu aurkari. Partida zailak guztiak eta arriskua dago lan erdietara Europako postuetatik kanpo iristeko. Zailtasun handiko egutegia da baina, era berean, Ernesto Valverderen taldea erakusten ari da talde sendoa dela. Defentsan aukera gutxi ematen ditu eta partidei erritmo bizia jarrita kontrario gehienak estu hartzeko kapaz da. Gainera, Munduko Kopako etenaldiak ez diola aparteko kalterik egin erakutsi du.

Osasunari, berriz, gehiago ari zaio kostatzen martxa hartzea. Realaren kontra garaipenetik urrun egon zen eta Kopan luzapena behar izan zuen Nastic kanporatzeko. Etxeko lanak egin zituen eta hori da garrantzitsuena baina ez dagoela puntu-puntuan dirudi. Hala ere, baliabide asko dituen taldea da. Antzeko maila duten futbolari asko ditu eta Moi Gomez, Ez Abde edota Chimy Avila zelaian dituen taldea beti da arriskutsua. Garaipen gosez zelairatuko da San Mamesen.

Bi taldeek nahikoa denbora izan dute Kopak eskatutako ahaleginetik errekuperatzeko, beraz, nekea ez da aitzakia izango. Baina horrek ez du esan gura teknikariek burukominik ez dutenik hamaikakoa osatzeko. Athleticen Iñaki Williamsen belaunak sortzen du kezka, baina hasiera batean jokatzeko gertu egongo da. Iñigo Martinezek, berriz, ezin izango dio taldeari lagundu. Jagoba Arrasatek, berriz, atzealdeako eskuin hegalean ditu arazoak. Nacho Vidal eta Ruben Peña min hartuta daude eta ez dago argi nola beteko duen ohikoek utzitako lekua: joko sistema aldatzea da aukera bat, postu horretan jokatzeko ohiturarik ez daukan lehen taldeko bat zelairatzea da bestea, eta hirugarren aukera Kopan debuta egin zuen Diego Moreno harrobiko gaztea zelairatzea da. Bestalde, Unai Garcia zigortuta dago eta ezin izango du euskal futbolaren festan parte hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.