Bielsa: «Gozatu egin behar da horrelako ikuskizunarekin»

Athleticeko entrenatzaileak goraipatu egin du klubarekiko Llorentek erakutsitako «konpromisoa»

Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Marcelo Bielsa «oso pozik» azaldu zen taldeak egindakoarekin, are gehiago kontuan hartuta aurkaria Manchester United zela. Athleticeko entrenatzaileak eskertu egin zuen San Mames bete zuten zaleen babesa. «Horrelako ikuskizunarekin gozatu egin behar da, zelaian eta harmailan», esan zuen. Bielsak, halaber, goraipatu egin zuen Fernando Llorentek atzo jokatzeko «taldearekiko erakutsi duen konpromisoa». Horren harira argi utzi nahi izan zuen berak ez duela inoiz hartu jokalari baten osasuna arriskuan jar dezakeen erabakirik. Atzokoak bere kontratu berritzean eraginik izango ote duen galdetuta, berriro esan zuen sasoiaren amaieran hartu beharko direla hartu beharreko erabakiak.

Fernando Llorentek eta Oscar de Marcosek sartu zituzten Athleticen golak atzo. Hain zuzen, bi jokalariok ere gol bana sartu zuten joaneko partidan, Old Trafforden. Aurrelariak aitortu zuen ez dela erabat osatu Osasunaren aurkako derbian jasotako kolpeaz, eta horregatik aldatu zuela Bielsak lehen zatia amaitu aurretik. «Ez dut denbora izan osatzeko, hiru egun gutxi baitira. Baina ahal dudana egin dut. Zorionez, dena ondo atera da. Sekulako partida jokatu dugu. Aspaldiko partez final-laurdenetan gaude Europan, eta Manchester Uniteden gisako talde bat kanporatu dugu. Itzela da».

De Marcosek ere «gogoangarritzat» jo zuen bizitakoa. «Historikoa da, ahaztezina. Betirako gogoratuko dugu egin duguna», gaineratu zuen. Bielsak eman dienaz galdetuta, erdilariak azpimarratu zuen «jokatzeko beste era bat» barnerazi diela, eta hori aurrera eramateak «sakrifizio handia» eskatzen duela. De Marcosek argi utzi zuen taldeak ez diola uko egiten ezeri, «ez Espainiako Kopa irabazteari, ez Europako Ligan bide luzea egiteari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.