Bigarren abisua

Azkeneko bi partidetan egindako joko eskasa hobetu beharko du Realak, Lehen Mailan lehiakorra izan nahi badu. Defentsan izandako beherakada kezkagarria da: bederatzi gol jaso ditu azken lau lehietan

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Hau Lehen Maila dela eta hemen inork ez duela barkatzen edo oparirik egiten. Hori esan zuten Realeko jokalariek eta entrenatzaileak orain astebete Osasunaren aurka galdu ondoren. Liga hasi aurretik ere bazekiten, baina Nafarroako Erresuman jokatutako derbia gogortasun horren erakusgarri garbia izan zen. Herenegun, bigarren abisu serioa jaso zuen taldeak Mallorcan (Herrialde Katalanak). Hiru porrot dira jarraian dagoeneko, eta jaitsiera postuekin berdinduta dago. Datu hori burua galdu gabe hartu behar da, igo berria delako Reala, beste batzuek baino baliabide gutxiago dituelako eta jokalari gazte ugari dauzkalako. Mailari eustea izango da bere borroka. Baina horretarako lehenbailehen ikasi beharko du Lehen Mailan lehiatzen.

Mallorcaren aurkako partidan hotz sartu zen Reala, beste behin. Etxetik kanpo sarritan gertatzen zitzaion iragan sasoian, baina denboraldi honetan orduan baino askoz garestiago ordainduko du, aurkariak hobeak direlako. Hala adierazi zuen Martin Lasartek: «Hemen dena da zailagoa berez. Hasieratik dena eman ezean, gauzak maldan gora jartzen zaizkizu. Arazo hori konpontzeko moduren bat topatu behar dugu». Realaren lehen minutu epel horiek ondo aprobetxatu zituen Mallorcak, arean baloi asko jarri, lehen gola sartu eta beste aukeraren bat sortzeko. Gauza bera egin zuen Osasunak, lehen zatiko azken hogei minutuetan. Lehia hasi eta buka, kontzentrazioari eusten ikasi behar du Realak.

Defentsan izandako beherakada da kezkagarriena. Bederatzi gol jaso ditu azken lau norgehiagoketan. Batez besteko horrekin, oso gutxitan irabaziko du, partidako hiru gol sartzeko ahalik ez duelako, inolaz ere. Ez berak eta ez beste inork, ia-ia. Oso atzean defenditzen du taldeak, Bigarren Mailan bezala. Orduan ere, aurkariek gehiago edukitzen zuten baloia askotan, eta erdiraketa ugari egiten zituzten, baina Reala erraz moldatzen zen gehienetan baloiak urruntzeko, atzelarien lan txukunari esker. Atea hutsean mantendu, eta bere joa aprobetxatuz, golen bat sartzen zuen. Distira handirik gabeko garaipen dezente lortu zituen horrela,1-0eko markagailuarekin.

Sasoi honetan, ordea, ezinezkoa izango da frontoiarena egiten defenditzea. Gain-gainean zaindu beharko ditu aurkariak, Bigarren Mailan baino hobeto erdiratzen dutelako metroak izanez gero, eta, batez ere, hobeto errematatzen dutelako. Mallorcan, Cavenaghik bi eduki zituen, eta biak sartu zituen barrura. Moskuko Spartak eta Girondinsen aritutako jokalaria da, besteak beste. Iruñean, berriz, Pandianik aurrea hartu zien goitik Realeko erdiko atzelariei, eta Arandak berak ez zuen barkatu bigarren zatian izan zuen aukera bakarrean. Almerian, (Espainia), azkenik, txuri-urdinen aspaldiko ezagun batek, Ulloak, sekulako gola sartu zuen luzapenean area barruan baloia eroso jaso ondoren.

Asko hitz egiten da Tamudo eta Llorente edukitzearen pribilegioaz, baina Lehen Mailan talde guztiek dituzte errematatzaile trebeak. Baita baloia behar duten tokian jarriko dieten jokalariak ere. Beraz, arriskutsua da aurkariari erraz jokatzen uzteko joera. Realak jasotako zenbait gol horren ondorio argia dira. Vila-realek berak, esaterako, hainbatetan lortu zuen sukalderaino sartu eta area ertzetik jaurtitzea, gero asmatu ez bazuen ere. Baina ez da ohikoena. Beste gol batzuk, berriz, hanka-sartze hutsak izan dira, Camuñasena, esaterako. Geldikako jokaldiak ondo menderatu ditu Realak Lasarterekin, baina Mallorcari opari galanta egin zion bigarren golaren kornerrean.

Larri atzean, eskas zelai erdian

Atzelariak dira gehien sufritzen ari direnak, baina zelai erdiak ere ez du maila onik eman azken bi partidetan. Mallorcan galdu ondoren Llorentek egindako adierazpenak esanguratsuak izan ziren: «Hemen ez da nahikoa korrika egitea, fresko egotea eta kalitatea edukitzea. Partidak irakurtzen eta koska egiten jakin beharra dago». Izan ere, Reala asko ahalegindu zen, bigarren zatian batez ere, baino irizpide handirik gabe xahutu zituen indarrak. Mallorcak ederki erakutsi zuen nola egin behar den presioa, zelai erdian eta modu koordinatuan, ondo antolatuta. Alor horretan ondo molda daitezkeela erakutsi zuten txuri-urdinek Vila-realen aurka, eta lehenbailehen itzuli beharko dute bide onera.

Motibatzaile gisa nabarmendu da Lasarte orain arte. Hemendik aurrera, ordea, taldearen mugimenduak hobeto prestatu beharko ditu. Kontraerasoan oinarritu nahi duen taldea dirudi Realak, baina horretarako zorroztasun taktiko handia behar da. Bestalde, oldarkorrago jokatzen ikasi beharko du talde txuri-urdinak. Iruñean bezala, aurkariak baino askoz ere falta gutxiago egin zituen taldeak Mallorcan. Kontrarioek etengabe moztuko diote jokoa faltekin aurretik doazenean. Beste horrenbeste egin beharko du berak ere. Eta hori guztia gutxi izango ez balitz bezala, sortutako gol aukerak aprobetxatu beharko ditu. Griezmann eskuin oinarekin igandean eduki zuenaren gisakoak, adibidez. Gauza asko dira hobetzeko, bai. Ongi etorriak Lehen Mailara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.