Bigarren ahaleginean lortu nahi du Bilbo Basketek

Bilbotarrek FIBAren Europako Kopako finalaren itzulerako neurketa jokatuko dute gaur Tesalonikan, PAOK taldearen kontra. Joanekoan zazpi punturen errenta lortu zuten, eta, irabaziz gero, klubaren historiako lehen garaikurra lortuko dute.

Bilbo Basketeko jokalari bat birrintze bat egiten joaneko partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilbo Basketeko jokalari bat birrintze bat egiten joaneko partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko apirilaren 23a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Europan titulu bat lortzeko bigarren ahalegina balekoa izatea nahi du Bilbo Basketek; gaur jokatuko du Tesalonikan (Grezia), PAOKen kontra (19:15, ETB1). Duela 13 urte Eurokopako finalera iritsi ziren, baina galdu egin zuten Charleroin (Belgika), Lokomotiv Kubanen aurka: 64-75. Talde hartan ziren, besteak beste, Mumbru, Vasiliedis, Raul Lopez eta Hervelle. Haiei geratu zitzaien arantza ateratzen ahaleginduko dira gaur Pantzar, De Ridder, Jones, Sylla eta abar, FIBAren Europako Kopako finalaren itzulerako partidan. Klubaren historian beste mugarri bat ezarri nahi dute Grezian, Europan historia mardulenetakoa duen herrialdeetako batean. Irabaziz gero, Bilbo Basketen lehen titulua litzateke; klubaren sorreraren mende laurdena biribiltzeko modurik onena.

Joaneko norgehiagokan zazpi punturen errenta lortu zuten bilbotarrek: 72-65 gailendu ziren. Gaurko partida aztertzen hasi aurretik, duela astebete Miribillan jokatutakoari erreparatu nahi izan dio Jon Txakartegi saskibaloi entrenatzaileak. Txakartegik ondo ezagutzen du Jaume Ponsarnau, bilbotarren entrenatzailea, harekin lan egiteko aukera izan baitzuen. Gainera, gertutik aztertu du Bilbo Basketen jarduna Europan. Ondorio hauek atera ditu partida hartaz: «Nire ustez, ez Bilbo Basketek, ez PAOKek ez zuten egin zezaketen partida egin, eta hobetzeko moduan dira. Bilbo Basketen Frey eta Pantzar nabarmendu ziren, eta uste dut jokalari gehiagok aritu beharko dutela ohikoa duten sasoian titulua irabazteko aukera gehiago izateko». Txakartegik nabarmendu du PAOK ez zela fin aritu jaurtiketetan. «Baina Bilbo Basketek ez zuen aprobetxatu, eta izan zituen momentu onei ere ez zien nahi beste etekin atera». 

Baina alde onei erreparatu nahi izan die batez ere: «Zazpi punturen errenta ez da erabakigarria, baina abantaila ona da. Hori ondo kudeatzen asmatzea izango da gakoetako bat. Alde hori izango ez balute bezala irten behar dute hasieran, partida irabazteko asmoz. Azken txanpan, beharrezkoa bada, abantaila hori alde izango dute». Alde horretatik, estatistikak alde dituzte bilbotarrek. Orain arte FIBAren Europako Kopako bederatzi final jokatu dira. Horietatik sei izan dira bi partidara, eta lehen neurketa irabazi zuen taldeak garaikurra lortu du. «Datu bitxia da, baina erabilgarria, konfiantza emateko».

Bestalde, uste du Ponsarnauren jokalariek ondo kudeatu zituztela partidan izan zituzten momentu zailak. «Burua hotz izan zuten, eta argi izan zuten eutsi egin behar ziotela, beste partida bat geratzen baitzen». Unerik zailena hirugarren laurdena amaitzeko bi minutu falta zirela iritsi zen. Hamabi punturen errenta izan eta gero (24-12), greziarrak lau puntu aurretik jarri ziren: 44-48. Hortik aurrera, berriro ere bi joko antolatzaile petorekin jokatzea erabaki zuen Ponsarnauk: Pantzarrekin eta Freydekin. Haiek hartu zuten partidaren aginte makila. «Ponsarnauk asmatu egin zuen. Taldeari komeni zitzaion erritmoa ezarri zuen Freydek, eta Pantzar oldarkor aritu zen erasoan, jaurtiketetan asmatzen ari dela baliatuz».

Gaurko neurketan, uste du hasieran bi taldeak «urduri» egongo direla. PAOK Miribillan baino «biziago» jokatzen ahaleginduko dela nabarmendu du: «Buruz buruko jokaldiak bilatuko ditu kanpoko jokalariak baliatuz. Hiruko jaurtiketetan asmatzen badute, arriskutsua izango da. Hori eragozten ahalegindu behar du Bilbo Basketek, eta horretarako defentsan hutsune gutxiago utzi beharko ditu».

Bilbo Basketi dagokionez, berriz, erabakigarria iruditzen zaio PAOKen defentsa zertan datzan interpretatzen asmatzea. «Bilboko partidan, batez ere bigarren eta hirugarren laurdenean, ez zuten asmatu, eta trabatu egin ziren. Ondorioz, behar baino geldoago jokatu zuten. Asmatzen badute, dinamikoago jokatu ahala izango dute, eta horrek mesede egingo die». Interpretazio hori egitea zailagoa izan daiteke joanekoan baino: «Defentsan oldarkorrago jardungo dute, eta ahalmen fisikoa gehiago erabili. Izan ere, Europako txapelketetan, jokalarien artean kontaktu gehiago izan dadin uzten dute epaileek. Gainera, zaleek izugarri estutzen dute».

«Bilbo Basketek talde joko indartsuagoa eta aberatsagoa du. PAOKek, berriz, buruz buruko jokaldietan trebeak diren jokalariak ditu postu jakin batzuetan» JON TXAKARTEGISaskibaloi entrenatzailea

Reynolds eta Bartley

Sports Arenak 8.500 ikuslerentzako tokia du, eta giroa gori-gori egoten da, aretoa infernu bilakatzeraino. «Ziurrenik epaileek antzeman egingo dute presio hori, eta Bilbo Basketeko jokalariek argi izan behar dute etxetik kanpo jokatzen dutela. Erabaki eztabaidagarriren bat egonez gero, ezin dute burua galdu». Errebotea zaintzea ere funtsezko izango dela azaldu du. «Batez ere defentsako lanean ari direnean, PAOKen indarguneetako bat zera da, erasoan errebote asko jasotzen dituztela, eta horri esker bigarren aukera asko izaten dituzte. De Ridderrek, Jonesek eta Syllarrek aurrerapauso bat eman dute arlo horretan. Baliteke finala hor erabakitzea».

Gauzak ondo eginez gero, uste du Bilbo Basket PAOK baino talde hobea dela: «Talde joko indartsuagoa eta aberatsagoa du. PAOKek, berriz, buruz buruko jokaldietan trebeak diren jokalariak ditu postu jakin batzuetan, eta hori baliatzen dute neurketak desorekatzeko». Jokalari horien artean Reynolds eta Bartley nabarmendu ditu. «Gertutik zaindu beharko dituzte, eroso joka ez dezaten». Joanekoan hamabost eta hamalau puntu sartu zituzten, hurrenez hurren. «Ziur nago Ponsarnauk ondo landuko zuela hori, eta jokalariei zehatz eta patxadaz azalduko ziela plana. Horretan onenetakoa da, eta final batean gauzak argi izateak asko laguntzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.