«Bigarren aita» eta «ardatza»

Titinek eta Merino II.ak jendaurrean goraipatu dute Plazaren jarduna, eta prestatzailearen gertutasuna eta lanerako diziplina nabarmendu dituzte.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Hemezortzi urte daramatza Titinekin lanean, eta lau inguru Merino II.arekin. Biek ala biek jendaurrean goraipatu dute Plazaren lana eta euren ibilbidean izan duen bilakaera. «18 urtetan ez diot ezer galdetu entrenamenduei buruz», onartu du pilotari beteranoak. «Beti dut ariketa egokiak egiten ari naizen sentsazioa. Bera metodikoa da, zorrotza. Batzuetan, oso entrenamendu dibertigarriak egiten ditu, agian dibertigarriegiak. Batu egin gaitu».

Pilotariek asko eskertzen dute Plazak multzoa osatzeko izan duen obsesioa. Pilotari talde bat nahi zuen, batera jokatuko balute bezala. Titinek dion estimu ikaragarria da. «Hogei urte daramatzagu elkarrekin; nire kirol bizi osoa. Gure multzoko makinerian bera da motor guztia ibili dadin eragiten duen errobera. Jokatzera irten aurretik Joaquinek gurekin egin duen lana funtsezkoa da».

Bere eragina, baina, pilotalekutik harago doa. Merinorentzat «bigarren aita» da, «kirol aita», eta ondo du gogoan gaixo egon ondorengo indarberritze lana. «Hain bizkor itzuli izana Joaquinen meritua da. Berak diseinatu zidan plana, eta beraren animoak oso garrantzitsuak izan ziren». Titinen ustez, prestatzailea «ardatz» bat da multzoan, pilotari bakoitza oso ondo ezagutzen duelako: «Berarekin badakizu pertsona bat dagoela zertan kale egin dezakezun dakiena, partidetan adi dagoelako. Joaquin bezalako jenderik ez balego oso zaila litzateke. Pilotariak pilotalekuko sentsazioak azal ditzake, baina arlo fisiko eta mentaletan Joaquin da guztiaren ardatza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.