Uharte (Nafarroa) gailendu zitzaion Markinari (Bizkaia) igandean, Hernanin jokatutako BERRIA Pilota Txapelketako finalean, eta bigarrenez eskuratu du txapela. Bezperan herriarteko txapelketako finala jokatu zuten markinarrek Gernikaren aurka, eta egindako esfortzua garesti ordaindu zuen, bi egunetan bi final galdu baitzituen. Uhartearrak eroso aritu ziren hiru partidetan, eta markagailuan alde handia aterata irabazi zuten bai kadete bai gazte mailatan. Horrela, hirugarren partida jokatu aurretik jada Uharte zen txapeldun, 23 tanto baitzituen alde.
Markina 0. Uharte 3
KADETEAK
Arrizabalaga-Urizar 8
Laso-Martija 22
GAZTEAK
Zubikarai-Arrasate 11
Larunbe-Sarasa 22
NAGUSIAK
Beitia-Kastillo 15
Yoldi-Tabar 22
Kadeteek eman zioten hasiera jaialdiari. Partida gogorra jokatu zuten, hiru ordu laurden eskasekoa, nahiz eta markagailuak bestelakoa erakutsi. Hasieran bosna bazegoen ere, markinarrek bere nagusitasuna berehala plazaratu zuten. Julen Martija atzelari nafarrak Urizarri bizkarra erakutsi zion ia partida guztian, pilota astinduta eta pilota bat bera ere galdu gabe. Bikotearen nagusitasunari zukua atera zion Lasok, eta hamabi tanto eskuratu zituen. Arrizabalagak eta Urizarrek ez zituzten beraien aukera urriak baliatu, eta zortzi tanto besterik ez zuten egin.
Gazte mailan, markinarrek gogotsu ekin zioten partidari. Parean hasi ziren, baina, seinako berdinketaren ostean, nafarrek zortzi tanto jarraian egin eta markagailuan ihes egin zuten. Abantailarekin jokatu, eta partida une oro kontrolpean eduki zuten. Iñigo Larunbe aurrelari uhartearrak mota guztietako tantoak egin zituen, eta duen gaitasuna agerian utzi zuen. Hemeretzi tanto egin zituen, Sarasa atzelariaren segurtasunak lagunduta. Zubikaraik eta Arrasatek ahalegina egin zuten gutxienez markagailua txukundu eta azken partidan aukeraren bat edukitzeko, baina ez zuten lortu, eta 11n gelditu ziren, eta seniorren partida tramite hutsa izan zen.
Nagusien partidak emoziorik ez bazuen ere, gogor aritu ziren lau pilotariak, eta norgehiagoka sufritua jokatu zuten. Bizkaitarrek puntu bat lortzeko esperantza zuten, eta kemen handiarekin jokatu zuten. Ordubeteko partida izan zen, eta goi mailako tantoak ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Kastillo eta Tabar atzelariek tokia aldatu behar izan zuten, erasoan eta defentsan aritzea egokitu baitzitzaien. Aurreko koadroetan joko alaia erakutsi zuten Beitiak eta Yoldik, eta hutsen bat edo beste egin bazuten ere, erremate ikusgarriak ere egin zituzten. Hasiera erabat parekatua izan zen. Hamabosnako berdinketa partidako laugarrena izan zen, eta baita azkena ere, ihes egin baitzuten urdinek. Yoldik errematearekin asmatu zuen, eta zuzenean 22. tantora arte joan ziren. Hiru eta hutsekoak iragarpen guztiak bete zituen, eta uhartearren nagusitasuna agerian utzi zuen. Zortzi urte geroago dira berriro txapeldun.
Gogotsu ospatu zuten eskuratutako bigarren txapela, eta garaikurrak jasotzeko txanda iritsi zitzaien. BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik eta Gipuzkoak Pilota Federazioko Mikel Arregik jarri zizkieten ongi merezitako txapelak.
Bigarrenez, hankapez
Uhartek iragarpenak bete zituen BERRIA Txapelketako finalean, eta nagusitasunez irabazi zion Markinari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu