Txirrindularitza

Bihar argituko da Euskadi Fundazioaren "egoera zaila"

"Bide onetik" joan da Miguel Madariagak eta Igor Gonzalez de Galdeanok gaur egin duten bilera, baina bi aldeek akordiorik lortu ezinik jarraitzen dute oraindik. Azaroko eta abenduko nominak ordaindu ahal izateko, Basque Pro Cycling Team egitura berriari ibilgailuak saltzea da fundazioaren "irtenbide bakarra".

2012ko abenduaren 10a
18:02
Entzun

"Oso egoera zailean" eta larrian dago Euskadi Fundazioa. Txirrindulariek eta fundazioko gainerako langileek ez dute kobratu azaroko nominarik, eta, egungo egoerarekin, nekez kobratuko dute abendukoa ere. Miguel Madariagaren hitzetan, "ibilgailuak saltzea" da fundazioaren irtenbide bakarra, baina Igor Gonzalez de Galdeano buru duen Basque Pro Cycling Team egitura berriarekin akordioa lortu ezinik dabil Euskadi Fundazioa. 

857.902 eurokoa da bi hilabeteotako soldaten kostua, eta 938.000 euro lortuko lituzke fundazioak ibilgailuak salduta —lau autobus, kamioi bat eta roulotte bat—.

Abenduaren 31ra arte Euskadi Fundazioari dagokio txirrindulariei eta erakundeko gainerako langileei nominak ordaintzea, baina betebehar horri aurre egin ezinik dabiltzala argitu zuen atzo Madariagak berak Euskadi Irratian. Sei ibilgailuak saldu eta nominak ordainduta, txirrindulariek salaketa jartzeko edukiko luketen aukera saihestuko luke, bide batez, Fundazioak.

Egoera zaila den arren, giro onean egin dute gaurko bilera, eta, ondo bidean, bihar lortu beharko lukete akordioa. Dena okertuz gero, kinka larrian legoke Euskadi Fundazioaren etorkizuna, eta baita Euskaltelen egitura berria ere, ikusteke legokeelako zer erabakiko lukeen Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.