Asteburuko jardunaldiaren ostean, Xala-Barriola eta Olaizola II.a-Begino sartu dira Lehen Mailako Binakako Txapelketako finalera, eta sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, 10:00etan; 656 799 423 telefono zenbakira deituta, sarrerak gorde ahal izango dira.
Prezioak:
- Kantxako eserlekua: 140 euro.
- Kantxako errebotea: 80 euro.
- Alboko bigarren solairua: 60 euro.
- Alboko hirugarren solairua: 40 euro.
- Erreboteko bigarren solairua: 40 euro.
- Erreboteko hirugarren solairua: 30 euro.
Apirilaren 17an izango da finala, Bilbon, Bizkaia frontoian. Hiru mila lagun sartzen dira han, baina hainbat sarrera finalistek, txapelketaren babesleek, bezero finkoek eta ordezkari ofizialek hartuak dituzte, Asegarcek gaur esan duenez.
Hiru txapeldun eta finala lehen aldiz jokatuko duen bat
Hilaren 17ko partidan, txapelketako hiru txapeldun eta aurreneko finala izango duen bat ariko dira. Hain zuzen, Begino ariko da final batean lehen aldiz; 2005ean Aratz Mendizabalekin batera jokatu zuen Bigarren Mailako Txapelketako finala du palmareseko bakarra; irabazi egin zuen. Aimar Olaizolarekin ariko da Begino, eta hark zazpi txapela jantzi ditu, baina horietatik bakarra da Binakako Txapelketakoa: 2008an, Oier Mendizabalekin irabazi zuena.
Xalak eta Barriolak, berriz, esperientzia eta sendotasun handiko bikotea osatzen dute. Xalak Binakako Txapelketako hirugarren txapela izango du jokoan, 2002an eta 2007an Oscar Lasarekin eta Pedro Martinez de Eulaterekin irabazi zituenen ondorengoa. Barriolak Binakako Txapelketako lehen finala izango du apirilaren 17koa. Bi txapela baditu, ordea: 2002ko Manomanistakoa eta 2001eko Lau t'erdiko txapelketakoa.