Patxi Ferreira. Jokalari ohia eta entrenatzailea

«Biharko emaitza ez da erabakigarria izango Europarako lehian»

Athleticeko jokalari izandakoa da Ferreira, eta Eibarren bigarren entrenatzaile ibilitakoa. Ondo ezagutzen ditu biak, eta derbi parekatua espero du biharko. Ate aurrean asmatzen duenak irabaziko duela dio.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eskarmentua nahi beste eta gehiago dauka Patxi Ferreirak (Salamanca, Espainia, 1967). Jokalari bezala hasi zen pilatzen, eta bildutakoa entrenatzaile lanetik helarazten die orain jokalariei. Langabezian dago orain: Gaizka Garitanoren entrenatzaile taldeko kide da, eta Deportivok kontratua eten zien. Beraz, beste ikuspuntu batetik ari da futbola ikusten orain. Biharko derbiaz analisi ona egin du. Hitz egitean antzematen zaio ondo ezagutzen dituela bi taldeak.

Lehen Mailako talde bateko entrenatzaile batek dio antzera jokatzen dutela Eibarrek eta Athleticek estilo aldetik. Ados?

Biak hain ondo ibiltzearen sekretua da oso garbi daukatela zertara jokatu behar duten. Gai dira dakiten hori gauzatzeko zelaian. Beste antzekotasun bat da oso goian egiten dutela presioa bi taldeek, aurkariari baloiaren irteera oztopatzeko. Oso borroka interesgarria izango da hori, ea nor nagusitzen den arlo horretan. Baloia lapurtu eta segituan saiatzen dira bi taldeak aurkariaren areara heltzen; oso bertikalak dira. Gero, atzeko lerroa oso aurreratuta edukitzen dute biek. Antzekoak dira biak, bai.

Antzeko bi talde parean jartzen direnean, zer izaten da erabakigarria?

Atezainaren aurrean asmatzea izaten da gakoa. Horixe da futboleko arma preziatuena. Erasoan gehien asmatzen duenak irabaziko du derbia.

Zer ari zaizu gustatzen gehien Eibarren aldetik?

Elkartasuna, lana, borroka, dena ematea...

Athleticen aldetik zer duzu gustukoen?

Gaitasun handia izan du emaitza onak izan ez dituenean buelta emateko. Gero, asko gustatzen ari zait aurrealdean azaltzen ari den joa eta eraginkortasuna. Partida batzuetan gai izan da irabazteko ondo jokatu gabe, eta garaipen horiek lortu ditu eraginkorra izan delako. Aurkariaren ikuspegitik, arriskutsuago bihurtzen da horregatik, gutxirekin asko ateratzeko gai delako.

Eibar da gol gehien sartzen ari den taldeetako bat, eta, horrenbestez, erasoan ere antzekoak dira biak, oso arriskutsuak.

Erakusten ari dira gai direla era guztietako taldeei irabazteko.

Lejeune erdiko atzelariak ezingo du bihar jokatu, txartelak pilatu zaizkiolako. Hutsune handi samarra ez al da izango Eibarrentzat?

Lejeunek talde asko dauzka atzetik. Erakusten ari da asko hobetzen ari dela, eta tartea dauka oraindik eta hobea izateko, gainera. Antzemango du Eibarrek bihar ez jokatzea... edo ez, ikusiko dugu gero [barrezka].

Ipurua faktorea erabakigarria izan daiteke?

Ipurua beti da berezia, San Mames den bezala. Etxeko taldeari on gehiago egiten dio kanpokoari kalte baino. Zaleek Eibar animatuko dute, baina Athletic ez da kikilduko. Nire ustea da edozein partidatan zaleek etxeko taldeari ematen dioten babesa handiagoa dela kanpokoari sortzen dioten izua baino. Berdina da Ipuruan, San Mamesen eta beste zelai guztietan.

Ezustea da Eibar denboraldi honetan egiten ari dena?

Ez. Klub bat gai denean egindako akatsetatik ikasteko, garbi dago hazi egingo dela. Noraino haziko den ezin da jakin, baina bere azpiegiturak uzten dion arte haziko da. Aurreko denboraldian ere, taldea duela bi sasoikoa baino hobea zen, eta oraingoa aurrekoa baino hobea da.

Zer akats egin ditu Eibarrek, bada?

Taldearen egunerokoari jarraitzen diona jabetuko da zertaz ari naizen, eta, dakidanez, akats horiek zuzenduta daude.

Biek daukate irabazteko asko bihar, baina galtzea arriskutsuagoa da Eibarrentzat.

Ez dut uste. Buruz buru ari dira helburu beraren bila, eta bi taldeak dabiltza ilusioarekin ea lortzen duten nahi hori. Oraindik denbora dago egoerak aldatzeko biharkoaren ondoren. Ez da erabakigarria izango biharko emaitza. Hiru euskal talde ari dira lehian Europan sartzeko, eta baten batek izango du alderen bat sailkapenagatik, baina gerta daiteke bitatik: punturen batzuk galtzea, eta gero berreskuratzea. Puntu asko daude oraindik jokoan.

Eibar eta Athletic biak ikusten dituzu Europan jokatzen datorren denboraldian?

Gustatuko litzaidake, hiru leku baleude Europan sartzeko, Reala, Athletic eta Eibar sailkatzea. Biribila litzateke euskal futbolarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.