Eman eta eman ari zara, baina zehatz-mehatz ez dakizu nola zoazen. Lehorrean dagoen taldeko ordezkari batek denborak ematen dizkizu ia uneoro, baina ez dakizu nola zoazen. Ontzia abiadura politean doala ikusten duzu, tostakideak ahalegin betean ari direla, baina zehatz-mehatz ez dakizu nola zoazen. Horrelakoak gertatzen dira erlojupeko estropadetan. Parean inor ez duzunez, ez dakizu nola zoazen. Baina, hori bai, bihotz taupadak zeharo galduta dituzu. Hori sentituko zuten, ziurrenik, atzo Pasaiako badian jo eta jo aritu ziren dozenaka arraunlariek. Estropada ezin parekatuagoa izan zen, eta traineru bakoitzak zer edo zer zuen jokoan. Hortaz, eman eta eman, bihotz taupadak zeharo galdu arte. Orioko arraunlariek ere galduko zituzten, baina behin helmuga igarota segituan baretuko ziren, San Miguel ligako bosgarren estropada irabazi zutela esan zietenean. Jada hirutan nagusitu dira, eta lidertza sendotu zuten Arrantzaleen Kofradiaren Bandera lau haizeetara pozik astinduta.
Baina estropadan ez zuten ia arnasik hartzeko denborarik ere eduki. Ezin parekatuagoa izan zen proba, estua baino estuagoa. Aurreneko ziabogan bederatzi ontzi ibili ziren sei segundoren bueltan. Deigarria da, dudarik gabe. Bigarrenean beste horrenbeste gertatu zen. Hirugarren ziabogan, berriz, 10 segundoren bueltan egin zuten maniobran. Gutxitan ikusi da halakorik. Eta helmugan, aldiz, 14 segundoko tartea besterik ez zion atera Oriok, San Pedrori; bederatzigarrenari, alegia. Arraunlariek, entrenatzaileek eta klubetako ordezkariek ontzien artean inoiz baino parekotasun handiagoa dagoela aipatu dute denboraldion sarritan. Egia da, ez zuten esateagatik esaten. Jokatu erlojupekoa, trainerua guztiak antzeko baldintzetan aritu, eta, bederatzi ontzi 14 segundoren bueltan. Ez da makala.
ESTROPADA EDERRA. Horregatik, estropada oso ederra izan zen, emozio eta tentsio handikoa. Arraunlari guzti-guztiek pozik egoteko motiboak dituzte. Batetik, gogotik saiatu zirelako. Eta, bestetik, jarraitzaileek izugarri gozatu zutelako euren jardunarekin. Lerrokatutako estropadak ederragoak dira berez, baina atzo Pasaian erlojuaren kontra jokatutakoa ahaztea zaila izango da.
Oriotarrentzat, batez ere. Azken tokian atera ziren, eta bazekiten ontzi guztiak paretsu zebiltzala. Urduritu beharrean, baina, hazi egin ziren San Nikolas ontziko arraunlariak. Ligako nagusiak direla erakutsi nahi izan zuten aurreneko maniobran. Segundo bakarrean hobetu zuten Hondarribiaren denbora. Bigarrenean, berdin-berdin. Eta hirugarrenean, hiru segundokoa zen aldea. Bukaeran, gutxigatik izan bazen ere, garaile, eta bihotz taupadak galduta egindako ahaleginagatik. Joxean Olaskoaga Aizperro entrenatzaileak ere bazekien kristoren estropada egin zutela. Horregatik, irabazi zutela jakitean, txaloka hasi zen. Paregabe dabil Orio. Ondoko arraunlariak eseri ziren atzo tostetan: Albizu, Kolina, Gaztañazpi, Aizperro, Etxebeste, Peña, Iruretagoiena, G. Etxeberria, Mujika, Larrea, I. Etxeberria, Iglesias, Jon Redondo aurreko lanetan, eta Irakoitz Etxeberria patroi moduan.
Eta Hondarribiak, oraindik ere garaipenik lortu ez duen arren, puntu kopuru sorta polita batu du azkeneko bi estropadetan. Makal antzean hasi zen Galizian, baina gora egin du. Bizi-bizirik daudela sentitu ahal izan zuten, atzo, Mikel Orbañanosek eta berak entrenatutako arraunlariek. Estropada bikaina egin zuten; hasi eta buka. Castrok ere bai, atzetik aurrera eginda. Txanda nagusian sartzekotan da, Zarautz puntu bakarrera du eta. Zazpigarren izan arren, dotore atzo ere Enbata trainerua. Urdaibai ere bere mailan, eta Pedreñakoak gustura, Laredokoak, Zumaiakoak eta San Pedrokoak bezalaxe. Guztiek egin zuten estropada bikaina. Bakoitza bereagatik borrokatu zen. 14 segundo horietan ikusten da talde bakoitzak primeran bete zuela bere egitekoa.
Arduratzeko motibo gehiago dituzte, ordea, nola Galiziako bi ontziek hala Arkotek. Gainontzeko bederatzi ontziak baino 20-25 segundo atzerago aritu ziren. Arkote eta Cabo da Cruz, esaterako, dezente hondoratu dira sailkapen nagusian. Erlojupekoek ez dute engainatzen: bakoitzari berean.
Puntuak pilatzeko beste aukera bat dute gaur Plentziako XIX. Ikurriñan, San Miguel ligako seigarren jardunaldian (11:30, ETB 1). Lehen txandan ariko dira Cabo da Cruz, Arkote, Mecos eta Pedreña. Bigarrenean, San Pedro, Zumaia, Laredo eta Castro. Nagusian, berriz, Zarautz, Hondarribia, Urdaibai eta Orio arituko dira.
Bihotz taupadak zeharo galduta
Oriok San Miguel ligako lidertza sendotu du Pasaian, estropada ezin parekatuagoa irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu