Aurreko astean, Txus Bidorretak BERRIAri hau esan zion: «Salgado taldeko jokalari garrantzitsuena da. Hura gabe ez luke zentzu handirik». Bilbao Basket egitasmoaren bihotza dela adierazi nahi zuen entrenatzaileak. Kantxetatik kanpo, taldearen ikurra. Bihotza. Kantxa barruan burua ere bada. Atzo, Bidorretaren hitzak baieztatu zituen: taldea larri ibili zenean, Santutxukoak iraunarazi zion zutik. Bihotzarekin eta buruarekin. Lan hori gabe, nekez lortuko zukeen Iurbentiak denboraldiko bigarren garaipena ACB Ligako bigarren jardunaldian. Neurri handi batean, Salgadoren bihotzak eta buruak bat egin izanaren ondorio da Vive Menorcaren aurkako garaipena (74-62).
Partida hasiera txarra egin zuen etxeko taldeak. Erasoan baloi askotxo galdu zituen, eta Herrialde Katalanetako taldeak ederki baliatu zuen opari sorta markagailuan tartea zabaltzeko. Vladimir Boisa nabarmendu zen kanpotarren artean, eta haren zortzi puntuei esker, 13-16 aurreratu zen lehen hamar minutuetan. Bilboko taldea ez zebilen fin, baina Salgado hasita zegoen nabarmentzen; sei puntu egin zituen aurreneko laurdenean.
Bigarren laurdenean, lehengo lepotik burua. Bidorretaren taldea txukun ari zen defentsan, baina erasoan lehen hamar minutuetan bezain kamuts jarraitzen zuen. Asmatu ezinda. Baina saskibaloia oreka denez, etxekoen atzeko lan onari esker kanpotarrek ez zuten alde handiegirik lortu bigarren laurdenean; 27-31 zeudela joan ziren atseden hartzera.
Ia bukaera arte lehia estua
Hirugarren laurdenean, dezenteko hobekuntza izan zuen erasoan Iurbentiak. Lehen zati osoko komeriak aldagelan utzi izan balitu bezala, beste erraztasun batekin hasi zen erasoan. Hogeita hiru puntu erdietsi zituen laurden horretan etxeko taldeak. Hobekuntza horri atzealdeko sendotasunari eutsi izana gehitzen bazaio, ez da harrigarria markagailua iraultzea bigarren zatiko lehen hamar minutuetan (50-49).
Partida ireki-irekia zegoen. Biek zituzten irabazteko aukerak. Eta halaxe jardun zuten ia azken laurden osoan. Baina 59-60koan izan ezik, etxekoak beti aurretik zirela. Salgadoren lan bikainari, Seibutisena gehitu zitzaion --kanpotarren aldea iraultzeko, 11-2ko partziala egin zuen Iurbentiak, eta lituaniarrak bederatzi puntu sartu zituen--. Azken minutura hiru puntu aurretik heldu zen Iurbentia, eta azkeneko minutu hori izan zen lasaitasun une bakarra. Tartea handitzeko balio izan zuen, eta partidan izandako estutasunak ezkutuan uzteko; azkenean, 74-62.
Iurbentia 74
Vive Menorca 62
Iurbentia. Guardia (5), Recker (5) Seibutis (18), Savovic, Banic (5), Salgado (18), Weis, Vazquez (10), Lewis (5), Pasalic (4) eta Blums (4).
Vive Menorca. Pooh (15),Stefanov, Boisa (10), J. Fernandez (2), Otegi (8), Ivanov (6), M. Fernandez, Stojic (8), Guzman, Bazdaric (5), eta Eley (8).
Markagailua.13-16, 27-31 (atsedenaldia); 50-49 eta 74-62.
Epaileak. Amoros, Araña eta Zafra. Faltengatik kanporatuak: Vive Menorcako Bazdaric (38. minutuan) eta Eley (40. minutuan).
Bihotzaren agindupean
Javi Salgado buru duela, Iurbentiak denboraldiko bigarren garaipena lortu du Menorcaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu