Ez Alpe d'Huez, ez Tourmalet eta ez Mont Ventoux. Frantziako Tourreko mendaterik mitikoenak ere ez dauka Tropelaren gogortasunik. Contador edo Froome? Cavendish edo Sagan? Evans eta Porte bai? Valverde eta Rodriguez hobeto? Frantziako Tourra etzi hasiko dela ageri da bazter guztietan, baina Euskal Herrian joan den astetik dabil jendea izerdi patxetan. Orain zortzi urtetik badaukat eta ez daukat sindromeak jota ikusten dira txirrindularitza proba gehienak. «Tropela faktorea deitzen zaio horri», argitu du Tropela elkarteko arduradunetako batek, Oihan Odriozolak (Zarautz, Gipuzkoa, 1978). «Etaparik aspergarrienei bizitasun berezia ematen die horrek, bigarrenari, hirugarrenari... hogeigarrenari begira egoten direlako denak».
«Txirrindularitzaren zaletasuna aitzakia gisa hartuta, euskara eta teknologia berriak uztartzea» da Tropela.net webgunearen helburua. 2005eko martxoan sortu zen proiektua. «Afari giroan. Afizioz». Egoitz Lizasoren (Zumaia, Gipuzkoa, 1978) azalpena izan da hori. Tourreko bederatzigarren lehiaketa izango da aurtengoa. Urte gutxiren buruan 14.000 parte hartzaile ere bildu ditu, 2.800rekin hasitako bidean. Tarte txiki batean izugarri sendotu da proiektua, urrutira joan gabe, aurten hamar lehiaketa izango dituelako Tropelaren denboraldiak. Martxoan ekin zioten bideari, Paris-Nizarekin, eta irailean amaituko da, Munduko Txapelketarekin.
Euskaraz eta doan, multzoka sailkatuta dauden txirrindulariak hautatu, eta, tropeletik tiraka, Euskal Herriko txokorik ezkutueneraino iristen da pedal kolpeen hotsa. «Asier Sukiaren ekimenez, gainera, iaz, Olinpiar Jokoetan, emakumezkoen probei ere atea irekitzea erabaki genuen, eta horri eutsi genion Munduko Txapelketan ere». Lizasok azaldu duenez, aurten ere, «noski», etxeko proba izanda, Emakumeen Bira ere sartu dute tartean. Dauphine jokoan zela sartu ere. «Bi lehiaketa aldi berean egiteko aukera daukagu orain, eta ate asko ireki dizkigu horrek». Ateak ireki eta lana areagotu. «Pentsa, World Tourreko proba guztiak sartzeko eskatzen hasia zaigu jendea!».
Nekaezinak dira Tropela elkarteko kideak, eta, Euskal Herriko errepide estuetan kabitu ezinik, nazioartera joatea erabaki berri dute. «Euskaltzaleak gara gu; euskara elkartea da Tropela, eta euskara hutsean aritu gara orain artean lanean. Baina euskarari kalte egiten ez diogun neurrian, aterik itxi gabe, zabalduz joatea da helburua». Lizasoren hitzetan, «proiektuaren bideragarritasuna buruan» erabaki dute webgunea katalanez ere jartzea. «Beste pauso txiki bat izan da, teknikoki batetik eta harrera aldetik bestetik zer-nolako ekarpena egin dezakegun ikusteko». Gerora aztertuko dute nazioartera zabaltzeko erronka horri eustea bideragarria «eta osasuntsua» den edo ez.
Bideragarritasun hitzari bueltaka, krisi garaiotan diru iturriak aurkitzea izaten da beti lanik nekezena. «Produktu profesionala lortu dugu, harrigarria delako jendeak egin digun harrera. Baina ez da bideragarria oraindik, eta horixe da proiektu honen erronka nagusia». Odriozolak argitu duen moduan, «zaletasun gisa» sortutako proiektu bat baita Tropela. «Publizitatea» da diru iturri nagusia. «Baina ez da erraza kopuru altuak lortzea». Zarauzko Udaleko Euskara zerbitzutik ere jasotzen dute zatitxo bat; hainbat produktu ere badaukate salgai; hala nahi duenarentzat, donazioen bidea ere irekita dauka Tropelak... Eta berritasun bat ere izango da laster: «Tourrean argituko dugun moduan, luxuzko gregarioa sortuko dugu. Diru ekarpen txiki baten truke zerbitzu gehigarria jasoko dute horiek».
Webgune soila baino gehiago
Albisteak, analisiak, podcast-ak, blogari komunitatea, Facebookeko orria, Twitter, sari banaketen ekitaldiak, irteerak... Webgune soil bat baino zerbait gehiago da Tropela, eta, begiratu batera, azpiegitura handia eskatzen du horrek. Baina Odriozolak xumetu egin du arrakastaren sekretua: «Egoitz Lizaso, ordenagailu bat, iPhone-a eta iPad-a. Hor dago gakoa. Gainerakoak saiatzen gara ahal dugun neurrian laguntzen». Txirrindulariek haizearen tunelean aerodinamika lantzen duten neurri berean, hobetze aldera, webgunearen garapena kanpoko enpresa baten esku uztea izan da orain zortzi urtetik honainoko bidean aldaketarik nabarmenena. «Ezinezkoa baitzen dena egitea».
Tropel handian, tropeltxo txikiagoetan, badaukat eta ez daukat izeneko txirrindulariak animatuz eta atzeraka bultzatuz, lagun giroan apustuak eginez... Txirrindularitza ikusteko, gozatzeko eta bizitzeko beste modu bat sortu du Tropelak. «Badakigu asko eta asko ez direla izugarrizko txirrindularitza zaleak; badakigu lagun edo enpresa giroan bizpahiruk sortutako mugimenduaren ondorioa dela hazkundea...». Baina xarma horixe dauka Tropelak; bizitasuna. Bi egun badira oraindik kinielak egiteko, eta Tropela zaleen jakingarri... Cavendish edo Sagan? Lizasorena da erantzuna. «Lehen astean sufritu nahi ez duenarentzat, Cavendish; baina hirugarren astea kontuan hartuta, Sagan». Egin apustu.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Bihotzaren maillot horia
Txirrindularitza, euskara eta teknologia berriak uztartuta, Tropela proiektua sortu zen 2005eko martxoan; erabat sendotuta, kataluniarrei ere atea ireki berri die webguneak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu