Nazioarteko Automobilismo Federazioaren (FIA) araudi berria ez da indarrean Mexikoko Rallyra arte sartuko, baina lehen aldaketaren eragina nabaria da. 2004 denboraldian etxe ofizial bakoitzeko, gehienez, bi gidariko muga jarri du FIAk, eta horrek irteera lerrotik kanpo utzi ditu, besteak beste, Didier Auriol eta Colin McRae, hurrenez hurren, 1994 eta 1995eko txapeldunak.FIAk mugatuta, Citroen etxeak Sebastien Loeb eta Carlos Sainz aukeratu zituen bere bi auto ofizialetarako. Frantziarra txapeldunorde izan zen 2003an, eta Montecarlon iaz garaipena lortu zuen gidaria da. Berarekin, McRaerekin eta Sainzekin urteko lehen proba horren podiuma bereganatu zuen Citroenek.Hutsuneak izango ditu gaurko irteerak. Auriol eta McRaek ez dute talderik aurkitu, eta horiei Tommi Makinenen agurra gehitu zaie. 1999tik 2002ra Montecarloko Rallyko garailea izan zena autotik jaitsi da. Richard Burns 2001eko garaileak ere ezingo du parte hartu, burmuineko tumore bat sendatzen ari denez hurrengo denboraldia arte ez baita lehiatuko. Subaruk bikote oso indartsua zuen osatua Solberg eta Burnsekin, baina britainiarra Hirvonen gazteak ordezkatuko du. Gidari zaharrena Carlos Sainz izango da (41 urte). Erretiroa hartzeko asmoa zuen espainiarrak, baina azken urte batez jarraituko du.Petter Solberg munduko txapelduna bere titulua defendatzen hasiko da gaur, baina ez du Montecarlokoa horretarako probarik egokiena. Hiru aldiz hartu du parte Montecarlon, eta seigarren postua da bere emaitzarik onena. Beste bi aldietan lasterketa utzi beharra izan zuen.Hala ere, lurra izango da protagonista 2004an, eta horrek gidari eskandinaviarrei emango die abantaila. Azken txapelduna Solberg izanagatik, hamasei probetatik hamaika lur gainean korritzeak Grolhomen hautagaitza sendotzen du. Solbergek berak onartu du zaila duela garaipena errepikatzea, eta txapelketa irabazteko bere hautagaien artean Loeb eta Markko Martin ditu. Loebek, besteen aldean, Xsara autoa ez dutela asko garatu izango du kontra. Ezin da ahaztu, ordea, Citroen aurreko denboraldiko taldekako txapelduna izan zela, Loeben bigarren postuarekin eta Sainzen hirugarrenarekin.Denboraldiak bi proba berri ditu, Mexiko eta Japonia, eta bi aldaketa. Italiako Federazioak San Remoko Rallya alde batera utzi, eta Sardinian lur gainekoa antolatu du. Erresuma Batukoa lekuz ez, baina hilabetez bai aldatu da, eta urtero denboraldia ixten duen proba izatetik irailera pasatu dute.
Auto berri bat txapelketan
Auto berri bat izango du denboraldiak, Peugeotena. Mitsubishik gaur Gigi Galli izango du bigarren gidari munduko txapelketara egin duen itzuleran ere Lancerraren garapen bat aurkeztu du. Peugeot 307ak ikusmina sortu du. 2003an ez zen fin aritu, baina 206a ordezkatuko duen 307 autoa prestatzen ari zelako izan zen. 307ak 1.997 cc.ko motorra du, eta 300 zaldiko potentzia lortzera iritsi daiteke. 1.230 kilo pisatzen ditu. Subaruk Imprezaren azken garapena ez du Mexikoko Rallyra arte jarriko Solberg txapeldunaren eta Hirvonen azkarraren eskuetan, eta Fordek apirilera arte ez du bere Focus RS WRC autoa prest izango.
-
Datua
10, 8, 6...
Puntuaketa: Aurreko urteko sistema mantenduko da. Lehen zortzi sailkatuek lortuko dituzte puntuak, ondorengo ordenean: 10, 8, 6, 5, 4, 3, 2 eta 1. Lasterketak ostirala eta igandea bitartean korrituko dira.