Bikoitza, zailean eta ikusgarrian

Donostiako Klasikoa jokatuko da gaur, eta aurreko urteetan ez bezala, bi aldiz igo beharko dituzte Jaizkibel eta Arkale

unai zubeldia
Donostia
2010eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Jaizkibel, Arkale, Jaizkibel eta Arkale. 86 kilometroko klasiko txiki bat dakar aurtengo Donostiako Klasiko handiak ezkutuan. Aurten 30 urte beteko ditu klasiko handiak, eta, Jaizkibel-Arkale bikoteak behar adinako minik egiten ez zuela eta, antolatzaileek muturrera eraman dute haren gogortasuna eta ikuskizuna. «Ia lasterketa handi guztien bideari jarraituta, amaiera aldera pilatu dugu zailtasunik handiena». Jaime Ugarte Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak-eko presidentearen azalpenak dira horiek.

Ohi bezala, Donostian hasi eta bukatuko da proba, 234 kilometro edukiko ditu, eta zirkuitu itxurako azken zati gogor horrek zatituko du tropela. Zailean eta ikusgarrian bikoitza izango da gaurko klasikoa, eta bikoitza izango da parte-hartzaileen kasuan ere. Frantziako Tourraren azken ostikoa izaten da beti Donostiako Klasikoa, eta aurten ere tropelaren bi muturrek bat egingo dute Donostian: Tourretik datozen txirrindulariek eta Tourrean izan ez direnek. 11:10ean abiatuko da tropela Donostiako Alderdi Ederretik, eta 17:00 aldera iritsiko dira lehen txirrindulariak Bulebarreko helmugara. 86 kilometroko azken zirkuituaren aurretik, beste bi mendate ere igo beharko dituzte txirrindulariek: Orioko gaina (3. mailakoa), 19. kilometroan, eta Garateko gaina (2. mailakoa), 29. kilometroan.

Jaizkibel eta Arkale, berez, ez dira igoera gogor-gogorrak, baina 234 kilometroko lasterketa luzean min egingo dute. Lezotik gora, lehen hiru kilometroak dira gogorrenak Jaizkibelen kasuan (%10-11ko bi zati dauzka), eta atseden gune txiki baten ondoren, %7koa da hurrengo bi kilometroen batez bestekoa. Azken bi kilometroetan oso leuna da igoera. Arkale askoz igoera motzagoa da (2,7 km), baina %6-7ko batez bestekoa daukate hiru kilometroek.

Luze-luzea da faboritoen zerrenda, baina ondorengoak dira Jaizkibelgo bigarren igoeran aurrean ibili beharko luketen txirrindulariak: Joaquim Rodriguez (Katuxa), Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), Aleksandr Vinokurov (Astana), Aleksandr Kolobnev, Carlos Barredo (Quick Step), Roman Kreuziger, Vincenzo Nibali (Liquigas), Andy Schleck (Saxo Bank), Philippe Gilbert (Lotto), Luis Leon Sanchez (Caisse d'Epargne), Damiano Cunego (Lampre), eta Ryder Hesjedal (Garmin).

Eta euskaldunen artean, zer? Albiste on-on bat dakar gaurko klasikoak besapean, Haimar Zubeldia (RadioShack) irteeran izango baita. Dauphine Liberen erori egin zen usurbildarra, eta eskuin eskuko erradioa hautsi zuen. Tourretik kanpo utzi zuen lesio hark, baina osatu da, eta Tourretik datozen txirrindularien pare egoten saiatuko da. Gainerakoan, Juanma Garatek (Rabobank) sasoi onean amaitu du Tourra, eta ihesaldiren batean sartzen saiatuko da, Egoi Martinez, Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) eta Aitor Perez Arrietaren (Footon-Servetto) moduan.

Indurainen garaipen hura...

Azkar esaten da, baina hogei urte beteko dira aurten Miguel Indurainek Donostiako klasikoa irabazi zuenetik. Hori da euskal txirrindulari bat Donostian gailendu den azken aldia. Gianni Bugno, Raul Alcala, Claudio Chiapucci, Armand De las Cuevas, Lance Armstrong... Luzea da ordutik Donostiako klasiko handia irabazi duten txirrindularien zerrenda, baina bertan ez da ageri euskal herritarrik.

Indurainez gain, beste bi euskal txirrindulari ageri dira irabazleen zerrendan: Iñaki Gaston (1986an irabazi zuen) eta Marino Lejarreta (1981ean, 1982an eta 1987an irabazi zuen). Hain zuzen ere, berriztarrak pilatu du Donostian garaipen gehien. Beste inork ez du irabazi hiru aldiz. Bi garaipenekin ageri dira Francesco Casagrande italiarra (1998an eta 1999an) eta Laurent Jalabert frantziarra (2001ean eta 2002an).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.