Bikote zaharren legean

Mikel Gonzalez eta Iñigo Martinez oraintsu hasi dira erdiko atzelari lerroa osatzen, eta Realak azken urteetan bikote sendo eta iraunkor bat gorpuzteko izandako arazoei irtenbidea eman diezaiokete. Haiena da etorkizuna.

Mikel Gonzalez, Iñigo Martinezi aginduak ematen, atzo Zubietan egindako entrenamenduan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Nota onarekin gainditu zuen Gonzalez-Martinez erdiko atzelari bikoak Camp Nouko azterketa latza. Ez da bata bestearen aldamenean txukun moldatu diren aurreneko aldia. Laugarren jardunaldian jokatu zuten elkarrekin aurrenekoz, Granadaren kontra, baina txapelketaren lehen txanpan Vadin Demidovek abantaila hartu zion Mikel Gonzalezi. Atzelari guztien artetikIñigo Martinez ari da gehien jokatzen: 17 neurketa hasieratik. Bera da atzelari titularra. Oraintxe bikote sendoa osatzen dute Zubietako harrobitik irtendako biek, ezin barneratuzko sentipena handiagoa baita elkar hartzen dutenean norvegiarraren inguruan dabiltzanean baino. Azken horrek, ondorioz, lanak izango ditu galdutako tokia berreskuratzen.

Philippe Montanierren lehentasunak ezagututa, ez zen harritzekoa izan aurreneko egunetan Demidoven alde egin izana ondarroarraren eskuinaldean aritzeko. Baloia atzetik jokatuta ateratzeko asmoaren ondorioa zen hori. Azpitik, ibilian. Frantziarraren liburuxkatik ateratako araua da hori. Edonola ere, Rosenborgetik etorritakoak benetako arazoak izan ditu jokatzeko molde horren barruan ganoraz aritzeko, eta gutxitan moldatu da eroso antzean. Gorabeheratsuegia ari da izaten. Ikus bestela bataren eta bestearen arteko aldea: lehen hamaika neurketetatik zazpi hasieratik jokatu zituen Demidovek. Gonzalezek, berriz, lau. Azken bederatzietan, ordea, arrasatearra ez da mugitu taldetik, eta taldekidea hiru alditan baino ez da sartu hamaikakoan.

Hain zuzen, atzelariek baloiarekin izandako harremanak ez du nolanahiko bilakaera izan azken urteetan. Garai bateko defentsa gogorrek, zirt edo zart egiten zuten horiek, ez zeukaten baloia zaintzeko inolako joerarik. Realaren larruazalean ederki asko bereiz liteke aldaketa. Inaxio Kortabarria salbuetsita, hasi Gorriti, Martinez eta Ormaetxearekin—horien lan zorrotzik gabe ez dago ulertzerik Puertollanoko igoera, ez eta Lehen Mailako ondorengo lurreratzea ere—, segi Gorriz eta Gajateren bidetik eta amaitu Loren-Pikabea bikotearekin—iraunkorki jokatu duen azken erdiko atzelari parea—. Bilakaera begi bistakoa da. Zer esanik ez gaurdaino etorrita, Iñigo Martinezen ezker dotoreak ez baitu lehiakiderik.

Halere, erasoko jokoan pisu handiagoa izan arren, kontrako aurrelarien ahalegina zapuztea da atzelarien funtsezko zeregina. Horrek ez du sekula atzera bueltarik izango. Hala, zenbat eta neurketa gehiago jokatu adiskide berberarekin, orduan eta fidagarriagoa izango da lerroa, seguruagoa. Gipuzkoarren kopuruei begiratu azkarra botatzea aski da horretaz jabetzeko. Azken hamarkadan Realak izandako erdiko atzelari sortak modu gardenean islatzen du klubak izandako ezegonkortasuna, nora eza.

Loren-Pikabea bikoak erretiroa hartuz geroztik (724 neurketa bien artean), hauek igaro dira Zubietatik: Mikel Labaka (181), Zuhaitz Gurrutxaga (34), Iosu Esnaola (2), Igor Jauregi (150), Sergio Corino (28), Luiz Alberto (75), Gabi Schurrer (66), Bjorn Kvarme (87), Jeremie Brechet (20) eta Victor Lopez (32). Hamarren batuketa eginda, 674 partida dituzte bizkarreratuta, bikoteak berehala zimurtzen ziren seinale. Kortabarria (442) eta Jose Mari Martinezen (373) artean 815 bildu zituzten. Guztien gainetik, Gorriz (599) eta Gajate (469) azaltzen dira, 1.000 partidaren langa gaindituta. Txuri-urdinei beti fruituak eman zizkion jarraikortasunaren soka XXI. mendearen hasieran hautsi zen, hortaz. Aurrera begira ez litzateke negozio makala pitzadura hori erreparatzea.

Izan ere, Mikel Gonzalez eta Iñigo Martinezek gaitasuna badute lehenagokoen lekukoa jasotzeko. Konfiantza eta baikortasun giroan lan eginez gero, bikote trinkoa osatzeko moduan izango dira. Klubak horren alde egingo du. Arrasatearrarekin aurki hasiko dira hitz egiten lan hitzarmena luza dezan. Ezeren okerrik ez dela, ez luke buruko minik eragin beharko. Azken lau denboraldietan partida gehien jokatutakoen artean hirugarren jokalaria izanik —33 batez beste—, garrantzitsua litzateke oso. Xabi Prieto (36) eta Aranburu (35) baino ez dauzka aurretik. Ez dira asko izango 26 urterekin Realean ia 200 neurketa jokatutakoak.

Gonzalez, larri aurreko sasoian

Taldeak aurreko sasoian defentsako lanean izandako gabezia taktikoen morroi, Gonzalezek ez zuen lortu iraunkortasunik. Kosta egin zitzaion bere burua kokatzea. Arratsalde kaskarrak beteak baino gehiago izan zituen. Alde horretatik, Montanierren etorrerak ez dio kalterik egin, eta, beharbada, inoizko itxurarik osoena ari da ematen. Sasoiko dago.

Iñigo Martinezi buruz luze eta zabal hitz egin da maila nagusian ezohiko agerraldia izan eta gero. Gonzalezen aldamenean koskortuz, ogibidea ikasiz, haren hazkundeak geldiezina dirudi. Bartzelonaren zelaian bikote benetan lehiakorra osatu zuten, gorantz doana. Aspaldian ez bezala, badirudi puska baterako erdiko atzelariak izan badituela Realak. Ederrak, gainera. Elastiko txuri-urdina soinean dutelarik gailurra jotzeak behar du izan arduradunen helburua. Orain arte ikusitakoak ikusita, ez da gutxiesteko kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.